«Mapak gorriz margoturik jarraitzen du». Hugo Chavez Venezuelako presidenteak hitz horiexekin laburbildu ditu herenegun egindako udal eta eskualdeko bozen emaitzak. Haren alderdi PSUVVenezuelako Alderdi Sozialista Batuak, izan ere, 22 eskualdeetatik hamazazpitan irabazi du. Hala ere, emaitzak ez dira espero zituenak bezain onak izan; Chavezek erabateko garaipena lortuko zuela uste baitzuen. Ofizialisten kalterako, oposizioak indarra hartu du herrialdean: eskualde garrantzitsuenetan eta Caracas hiriburuan PSUVri gailentzea lortu du, besteak beste.
«Venezuelako mapa aldatzen hasi da; orain askotarikoa da», adierazi du Manuel Rosales Maraicaboko alkatetza (Zulia) eskuratu duen oposizioko kideak. Bi aldeek izan dute zer ospatu hauteskundeen ondotik; eta horren erakusle, bakoitzak bere gustura margotu izana mapa. «Hamazazpi eskualdeetan irabazi badugu ere, garaitu egin gaituztela esango duten oposizioko kideak izango dira», adierazi du, horregatik, Chavezek, zalantzak uxatu asmoz. Gainera, Venezuelan demokraziarik ez dela eta gobernu diktatorialak agintzen duela diotenen aurka egin du: «Nor ausartuko da orain gobernu diktatoriala dagoela esaten? Oposizioari arrazoimena izateko eskatzen diot eta herriaren borondatearekiko errespetuz jokatzen dugula onartu dezan».
Chavezek kanpainako azken egunetan erabilitako diskurtso oldarkorra alboratu, eta emaitzak jakin ondotik, zorion hitzak izan zituen garaile irtendako oposizioko hautagaientzat atzo. Izandako parte-hartze historikoa ere nabarmendu zuen: «Venezuelarena da garaipena; herritarrek aukeratu duten bide demokratikoa agerian geratu da». Hauteskunde Kontseilu Nazionalaren arabera, udal eta eskualdeko bozetan %65,45eko parte-hartzea izan da; gisa horretako hauteskundeetan izandako handiena, hain zuzen.
Dena dela, iazko erreferendum konstituzionalean jasandako porrota atzean utzita, Hugo Chavezek herrialdean gehiengoaren sostengua izaten jarraitzen duela erakutsi du bozei esker. Hala, 2006tik oposizioaren eskutan ziren lau eskualde berreskuratu ditu bere alderdiak: Trujilloko, Araguako, Guaricoko eta Sucreko gobernadoreak ofizialistak izango dira hemendik aurrera. Halaber, Barinas eskualdean ere -Chavez bertan jaio zen- sozialistak izango dira agintean, orain arte bezala. Azken horren gaineko kontrola galtzeko beldur zen PSUV, baina, ez da hala izan.
Oposizioaren garaipena
Oposizioak Venezuelako bi eskualde nagusitan irabazi du: Zulian eta Mirandan. Bi eskualde horiek herrialdeko populatuenak dira. Zulian, halaber, petrolio putzu handiak daude. Chavezek kanpaina sutsua egin du azken horretan, eta Rosalesen aurka jardun da hauteskundeen atarian. Irainekin zuzendu zaio Chavez Rosalesi, eta preso hartuko duela ere mehatxatu dio. Ez dio askorako balio izan ordea; izan ere, oposizioko Pablo Perez izango da Zuliako gobernadore berria eta Rosales Maraicaboko alkate.
«Gobernu nazionalarekin lan egingo dugu; guretzat garrantzitsuena Zulia da». Pablo Perezek bezala, oposizioko hautagaiek Chavezen gobernuarekin lankidetzan aritzeko konpromisoa agertu dute. «Borrokaz eta zatiketaz aspertuta dagoen herri bat gara. Batera lan egiteko prest gaude», adierazi du, bere aldetik, Henrique Capriles Radonski Mirandako gobernadore hautatu berri eta oposizioko kideak.
Mirandaofizialisten esku zegoen orain arte, eta badirudi, Chavezek hauteskunde hauetan jasandako kolpe handiena bertan jaso duela. Alabaina, ez da PSUVri kendu dioten eskualde bakarra hori: Carabobon eta Tachiran ere botere esku aldaketa gertatu da. Nueva Espartan ere oposizioak jarraituko du agintean.
Mirandan bezala, Caracas hiriburuan ere kolpe gogorra jasan dute sozialistek. Hala, Antonio Ledezmak hartuko du hiriburuko alkatetza. «Batasunaren garaia da. Hitzematen dizuet ez dizuedala hutsik egingo», adierazi du hark, emaitzen berri jakitearekin bat. Zaborren auzia konpontzea, hiriburuko segurtasuna bermatzea eta pobreziari aurre egitea izango dira, Ledezmaren hitzetan, lehentasunez konpondu beharreko kontuak kargua hartzen duenean. Lan horretan ofizialisten laguntza beharko duela adierazi du gainera. «Aldaketa iritsi ez zedin ahaleginak egin zituzten, eskura zuten guztia egin zuten, eta ez ginela batuko uste zuten», azaldu du, gero, Caracasco alkate berriak Hugo Chavezen aldekoei erreferentzia eginez.
Garaipen gazi-gozoa eskuratu du Chavezek Venezuelako bozetan
Oposizioak herrialdeko bi eskualde nagusitan irabazi du, eta Caracas hiriburua kendu dio Chavezen alderdiko hautagaiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu