Pertsonaia. Francisco Camps

Garesti ateratako jantziak

mikel rodriguez
2011ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Presio handia jasaten ari zen Francisco Camps Valentziako Generalitateko presidentea, bere izena Gurtel auziarekin nahasita ageri zela eta. Hala ere, PPk Valentziako erkidegoko presidentegai hautatu zuen berriz ere, eta hauteskundeak gehiengo osoarekin irabazi zituen bertze behin. Campsek arnasa lasai hartu zuen, botoek emandako haize freskoari esker. Parlamentua osatu zen egunean 18.000 euroko mokadua eskaini zuen gonbidatuentzat, M-15 mugimenduko manifestariak eraikinaren ateetan protestan zeuden bitartean.

Boterea hartu eta hilabete baino askoz gehiago igaro ez denean, ordea, hasierako haize freskoa ufada bortitza bihurtu zaio Campsi, Valentziako Justizia Auzitegi Gorenak eroskeria leporatuta epaitzea erabaki baitu, Gurtel auziarengatik. Erabaki horri ezin dio helegiterik aurkeztu, beraz, akusatuen aulkian esertzea ezinen du saihestu. Espainiako hedabideen arabera litekena da hurrengo udazkenean izatea epaiketa.

Jose Flors epailearen arabera, behar bertze zantzu badaude Campsi epaiketa egiteko. Gurtel ustelkeria auziaren baitan, mesedeen truke 2005-2007 artean oparitan 25 jantzi jaso izana leporatzen diote, denera 14.000 euroko balioa zutenak. Aldi horretan, orain bezala, Valentziako Generalitateko presidentea zen Camps. Flors epaileak, gainera, 55.000 euroko bermea eskatu die Campsi eta bertze hiru inputatuei, zigorra jasoz gero bete eginen luketela ziurtatu asmoz

Bi urte eman ditu presidenteak Justiziarekin lehian, eta tarte horretan ez du dimisioa emateko asmorik agertu. Orain, epaiketara bidean dela, PSOE oposizioko alderdi nagusiak are arrazoi gehiago ikusi du dimisioa eskatzeko. «Akusatu batek defendatzeko eskubide osoa du, baina politikoki onartezina da karguan segitzea», erran du Antonio Hernando PSOEko kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.