Barack Obamak ez du «arinegi» erabaki nahi Afganistanerako estrategia berria. Bere soldaduek zerbait gehiago merezi dutelakoan dago; gutxienez, estrategia eta misio argi bat zor die AEBetako presidenteak. Horregatik, ez da presaz arituko Afganistanen. «Guztiz ezinbestekoa ez den artean ez dut soldaduen bizitza alferrik arriskuan jarriko», azaldu du Jacksonvilleko aire eta itsas basean, Floridan (AEB). Eta presidenteari entzutera bildutako marine-en belarriek lasaitua hartu dute hala, oraindik ez baitute portua utzi beharko. Obamak, gaur ez bada bihar, ordea, zortzi urtez iraun duen gerrarekin zer egin erabaki behar du. Presak alboratzen dituen bitartean, izan ere, hildako soldaduen kopurua nabarmen ari da gora egiten; berak presidente kargua hartu eta biktima estatubatuarren zifrak gora egitea bat izan dira. Eta estrategia berria erabaki dezan presio egiten dioten artean, urriak ez dio albiste onik ekarri. Okupazioa hasi zutenetik, izan ere, hilabeterik beltzena bihurtu da AEBetako armadarentzat.
«Beharrezkoa balitz, tropak etxera ekarriko nituzke». Obamak uste du soldaduek bete beharreko helburuak argi izan behar dituztela agindu dieten misioa ondo beteko badute. Eta hala ez bada hobe daudela etxean. Horregatik, estrategia argi bat ez ezik tropek aski material eta babes izango dutela ziurtatu nahi du. Hori egin arte, ez dirudi soldadu gehiago bidaliko dituenik.
Alabaina, nazioarteko tropen buruzagi Stanley McChrystal jeneralak gogorarazi dio Obamari tropa gehiago beharko dituztela Afganistango egoera kontrolpean izateko. Talibanak, izan ere, aurrera egiten ari dira: sekula baino antolatuago ari dira, eta edozein tokitan erasoak egiteko gai direla erakutsi dute. Presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia gainean da, gainera -hurrengo larunbatean egingo dituzte, azaroaren 7an-. Eta ekintzaile islamistek abuztukoa errepikatzeko mehatxua egin diete agintariei. Orduan, bozen lehen itzulian, boikotaren aldeko deia egin zuten. Eta indarkeriak nabarmen egin zuen gora: 51 soldadu estatubatuar hil zituzten abuztuan. Urrian 55 dira jada hildakoak.
Afganistango gerrak izan diren zifra beltzenak ematen dituen artean Obamak erabakirik hartzen ez duelako, horregatik, «zalantzan» egotea leporatu dio Dick Cheney presidenteordeak: «Tropak arriskuan badaude, Etxe Zuriak zalantzak alboratu beharko lituzke». Atzo bertan, zortzi soldadu estatubatuar hil zituzten herrialdeko hegoaldean. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak jakinarazi duenez, talibanek atentatu «multiple eta konplexua» egin zuten; ondorioz, dozena bat soldadu ere zauritu ziren.
Washingtonek egun daraman estrategiarekin ados ez dagoelako, halaber, Mathew Hoh Afganistanen diplomazialari lanetan zen estatubatuarrak ere dimisioa ematea erabaki du. «AEBen presentzian sinesteari utzi diot, eta jada ez dit konfiantzarik eragiten», dio Hohek, AEBetako Estatu Departamentuari dimisioaren berri emateko bidalitako gutunean. «Egungo estrategiak zalantzak sortzen dizkit, baita Afganistango etorkizunak ere».
Brusela, Kabulera begira
Bestetik, bigarren itzulian bozak garbi egitea eta lehenengoan izandako iruzur handia saihestea bihurtu da nazioartearen erronka handiena orain. Europako Batasunak, dena dela, aurrerago begiratzen du; eta bozen ondotik eratuko den gobernua dena dela ere Mendebaldearen konfiantza berreskuratzeko lan egin beharko duela adierazi du. Nazioarteak egindako presioagatik eman du amore Hamid Karzai jarduneko presidenteak; bezpera arte hauteskunde iruzurrik gertatu zela ere ukatzen bazuen ere, presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulira aurkeztea erabaki du azkenean.
«Afganistango segurtasuna bermatzeko ahaleginak egitea garrantzitsua da, baina oinarrizko estatu bat lortzen ez badute, ez dugu lortuko ahalegin horiei fruiturik ateratzea», adierazi du Carl Bildt Suediako Atzerri ministroak. Afganistanerako plan berriaz eztabaidatzeko bilera egin zuten atzo EBko ordezkariek; bertan, Afganistango egoerak okerrera egin duela onartzeaz gain, Kabulgo gobernuari laguntza gehiago ematea hitzartu zuten. Dena dela, laguntza jasoko badu gobernu berriak bete beharko dituen baldintzak zehaztu zituzten. Hala, hauteskundeetan garaile ateratzen denak ustelkeriari aurre egiteko neurri eraginkorrak hartu beharko ditu, besteak beste. Egun 675.000 milioi euro inguru bideratzen ditu Bruselak Afganistanera.
Garestiegiak dira zalantzak
Afganistango gerra hasi zutenetik, AEBetako armadak sekula izandako galera handienak izan ditu urrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu