Araba Garoñarik Gabe plataformako kideek argi dute: «berehala» eta «behin betiko» itxi behar da Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra (Burgos, Espainia). Hala eskatu zuten atzo egindako agerraldian. «Zentralak itxita beharko luke dagoeneko», gogorarazi zuen Alberto Friasek, plataformako kideak. Energia nuklearrari buruzko eztabaida gaindituta dagoela iritzi dio Friasek, ustez teknologia aurreratuena zuten hiru herrialdeetan huts egin baitu energia horrek: Ukrainan, Ameriketako Estatu Batuetan eta Japonian.
Herritarrek, ezinegona azaltzeko, elkarretaratze bat egingo dute larunbatean, 12:30ean, Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Aldundiaren egoitzaren aurrean protesta eginez, EAJren jokabidea ere salatu nahi dute. «Garoñaren aurkako manifestazioetan pankartaren atzean jarri izan dira, eta kongresuan zentralen iraupena luzatzea babestu dute».
Ekologistak Martxan-ek ere manifestazioa egingo du gaur, Bilbon, Japoniako herriari elkartasuna azaldu eta Garoña ixteko eskatzeko. Protesta 19:30ean abiatuko da, Arriagako plazatik. Manifestazioa iragartzeko, STOP Nuclear zioen pankarta jarri zuten atzo Iberdrolako Bilboko dorrearen alboko eraikin batean. Hausnarketa beharra ikusten dute. «Japonian gertatutakoak agerian uzten du zein arriskutsua den erreaktore nuklearren bidez energia ekoiztea». Fukushimako erreaktoreak Garoñakoarekin «antzekotasunak» dituela gogorarazi, eta zentrala ixteko eskatu dute. «Lortzen den energia ez da ez merkea, ez eta beharrezkoa ere. Ez dugu mehatxu nuklearraren beldur bizi nahi».
Greenpeacek, berriz, istripuren bat izanez gero zentral nuklearren jabeek izango luketen erantzukizun zibila mugagabea izateko eskatu dute. Espainiako Gobernuak 1.200 milioikoa izatea nahi du.
Zapateroren agindua
Japoniako hondamendiak energia nuklearraren inguruan sortutako eztabaida dela eta, lasai egoteko eskatu du Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok. Haatik, zentral nuklearren segurtasuna «berraztertzeko» agindu dio Espainiako Segurtasun Nuklearreko Batzordeari (CSN). «Bestelako neurriren bat hartu behar ez dela ziurtatu nahi dugu, egungoekin nahikoa dela». Besteen artean, azterketa sismiko osagarri bat egingo dute.
Zapaterok eskatu du ez erabiltzeko Japonian gertatutakoa energia nuklearraren inguruan dagoen eztabaidan. «Zentzuz eta arrazoiz jokatu behar da, eta kontuan hartuta energia ekoizpenean garrantzi handia duela energiak nuklearrak». Haatik, aitortu du litekeena dela bigarren belaunaldiko zentralek neurri zorrotzagoak hartu behar izatea hozte sistemen alorrean.
Lurrikara Japonian. Energia nuklearrari buruzko eztabaida
Garoñako zentrala berehala eta betiko ixteko eskatu dute
Neurri berririk hartu behar den argitzeko, zentralen segurtasuna ikuskatzeko agindu dio Zapaterok CSNri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu