ERRUSIA

Gas-anpuluak leherrarazi eta 78 pertsona pozoitu dituzte San Petersburgon

«Ekintza terrorista» izan dela baztertu dute agintariek; gasak itolarria eta takikardiak eragin dizkio hainbat herritarri, baina ez da hilgarria

Erredakzioa
2005eko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Euskal Herrian atzo 09:30 zirenean (11:30 Errusian) gas toxikoz betetako anpulu bat leherrarazi zuten San Petersburgo hiriko Maxidom denda kateko saltoki batean. Gutxienez 78 pertsona artatu behar izan zituzten erietxean, arnasa hartzeko arazoak zituztela eta.

Segurtasun indarrek azaldu zutenez, mercaktano izeneko gasez beteta zeuden anpuluak. Gasa karbonoz, hidrogenoz eta sufrez dago osatua. «Substantzia hori norbere burua babesteko erabili ohi dute askok, baina ez da hilgarria. Gasak ahoa lehortzen du eta botagura eragiten du», argitu zuen Barne Ministerioko ordezkari Viatxelav Steptxenkok. Aldiz, segurtasun indarren esanetan, pozoitutakoek itolarria, eztula, takikardia eta ondoeza zuten. Horietako 12 larri eraman zituzten ospitalera, tartean hainbat polizia. Ospitaleko iturrien arabera, pozoitutako guztiak etxean ziren atzio arratsaldean.Lehen anpulua lehertu eta gutxira kate bereko beste bi saltokitan beste bi kaxa aurkitu zituzten. Horietan ere gas-anpuluak zeuden, eta tenporizadoreak zituzten. «Guztiak merkaptano gasarekin beteta zeuden». Bestalde, zenbait iturriren arabera, kate bereko beste denda batean ere leherrarazi zituzten gas-anpuluak. Barne Ministerioko Andrei Ajlabieven esanetan, bezeroek baratxuri usaina nabaritu zuten. Merkaptanoa gas naturalarekin nahasten dute, isuriren bat badago garaiz ohartu ahal izateko.

«Konkurrentzia desleiala»

Hasieran, «ekintza terrorista» izan zitekeen ustea zabaldu zen Errusiako bigarren hiri handienean, San Petersburgon. Minutuak igaro ahala, baina, baztertu egin zuten hipotesi hori. Barne Ministerioaren arabera, konkurrentzia desleiala izan daitekeela uste dute segurtasun indarrek. «Maxidomek mehatxuak jaso zituen postaz. Horietan Gabonetako salmentak hondatuko zizkietela ohartarazten zieten saltokietako arduradunei. Haiek, baina, ez zieten gutunei garrantzirik eman», azaldu zuen.

Gauzak horrela, bandalismo kasua ikertzeko asmoa iragarri zuten atzo San Petersbugoko agintariek. «Bandalismoa izan dela uste dugu, ez dagoelako eraso terrorista bat izan dela pentsatzeko inolako arrazoirik», jakinarazi zuen San Petersburgoko segurtasun indarretako buruak. «Armadako adituak substantzia ikertzen ari dira, baina ziurtatu genezake ez dela terroristek bultzatutako egitasmoa izan», nabarmendu zuen hiriko gobernadore Valentina Matvujenkok. Hasieran, informazio nahasiazabaldu zuten komunikabideek. Zenbait iturrik aurkitutakoak lehergailuak izan zitezkeela ere esan zuten. Horrek beldurra zabaldu zuen herritarren artean. Hiri horretan gertatutakoa bezalako erasoak ohikoak dira Errusian. Aurtengo uztailean, esaterako, 20 pertsona hil ziren Errusia iparraldeko Ukhta herrian izandako sutean. Poliziak azaldu zuenez, norbaitek substantzia sukoi batekin betetako botilak jaurti zituen bi pisuko saltokiaren kontra. Ondorioz, eraikinak berehala hartu zuen su.Suhiltzaileek eraikin barruan harrapatuta geratu ziren 30 pertsona ateratzea lortu zuten. Sutean beste bost pertsona ere zauritu ziren. Segurtasun indarrek bi nerabe atxilotu zituzten, ustez sutea beraiek eragin zutelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.