Gas pozoitsuen itzulera

Siriako gatazkaren ondorioz, eztabaida piztu da berriz arma kimikoen inguruan. Ekialde Hurbilean egin ziren zibilen aurkako lehen erasoak, duela mende bat.

mikel rodriguez
2012ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Ez dut ulertzen gasa erabiltzearen inguruan dagoen gehiegizko sentiberatasuna. Gas pozoitsua zibilizatu gabeko tribuen aurka erabiltzearen alde nago erabat». Winston Churchillek idatzi zituen solas horiek 1920an, Erresuma Batuko Gerrako eta Aireko idazkari zenean, Ekialde Hurbilean kurduak eta Londresen arabiarrak administrazio kolonialaren aurka matxinatzekotan zirenean. Ia mende bat geroago, berriz ere arma kimikoak mintzagai dira Ekialde Hurbilean, emantzipatutako herrialde batek —Siriak— ohartarazi baitu soilik inbasio bati aurre egiteko erabiliko dituela. Mendebaldean, ordea, mehatxu kutsua hartu diote adierazpen horri, eta bereziki larrituta agertu diraAEBak eta Israel, suntsipen handiko armen erabileran abangoardian dauden bi herrialde.

Soilik zazpi herrialdek ez dute sinatu 1993ko Arma Kimikoen Hitzarmena, eta horien artean dago Siria. Jihad al-Maqdisi Atzerri ministroak herenegun aipatu arte, gainera, inoiz ez zuen ofizialki aitortua arma horien jabe zenik. AEBen arabera, 1980ko hamarkadan abiarazi zuen arma kimikoak lortzeko programa, eta munduko biltegirik handienen artean laugarrena du. Bertzeak bertze, sarin eta ziape gasak eta VX nerbio gasa lituzke Damaskok biltegi horietan. VX nerbio gasa dutela ofizialki aitortu duten herrialde bakarrak AEBak eta Errusia dira.

Irakek ere —Baath alderdia agintean zuen herrialde horrek ere— gas biltegi aberatsa eratu zuen Saddam Husseinen agintepean, baita erabili ere, Iranen aurkako gerran (1980-1988). Kurduek pairatu zuten gogorren arma kimikoekin egindako erasoa, 1988an Irakeko armadak 5.000 lagun inguru hil baitzituen Halabja hirian. AEBak Husseinen aliatuak ziren orduan, eta erruduna Iran izan zela iradoki zuten.

I. Mundu Gerratik aitzinera

Arma kimikoen eta bertzelako suntsipen handiko armen erabilera I. Mundu Gerran zabaldu zen, baina nagusiki borroka lekuetan erabili ziren. 1920ko hamarkadan hasi zen zibilen aurkako erabilera estrategikoa, eta Ekialde Hurbila bihurtu zen esperimentazio gune, Erresuma Batuaren eskuetan. Kurduek zoritxarreko protagonismoa izan dute eraso kimikoen biktimen historian. Erabiltzaileen artean, Espainia ere aitzindaria izan zen, garai horretan ziape gasa erruz erabili baitzuen Rifeko gerran, Abdel Krimen gerrilla ez ezik herriak eta landak bonbardatzeko.

AEBak eta Israel, erabiltzaile

Azken bi hamarkadetan, Siriaren ohartarazpenarekin larrituen dauden herrialdeetako biren aurka jarri dira zibilen eremuetan arma ez-konbentzionalak erabiltzeagatik egindako salaketa gehienak; hau da, AEBen eta Israelen aurka. Biek sinatu zuten Arma Kimikoen Hitzarmena, baina Tel Avivek ez zuen berretsi 1997an. AEBek bai, baina, hala ere, Kosovoko gerran (1999) eta Iraken uranio pobretuz armatutako misilak erabiltzea egotzi zioten —Kosovon, NATO osoari egindako salaketa izan zen—. Iraken, berriz, fosforo zuria erabili zuten AEBek, Israelek Libanon (2006) eta Gazan (2009) erabili zuen bezala. Biek argudiatu dute, baina, soilik tropak babesteko kea sortzeko erabili zutela, erredura ikaragarriz hildako edo zauritutako zibilen irudi andana zabaldu den arren. Fosforo zuriaren estatusa ez dago zehaztuta nazioarteko hitzarmenetan, eta hutsune hori baliatzen dute hura erabiltzea zuritzeko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.