Igandeko akordioaren arabera, Bielorrusiak 100 dolar ordaindu beharko ditu, aurten, mila metro kubo gas. Akordioa 2007-2011. urteen tarterako sinatu zuten bi aldeek.
2006. urtean, Bielorrusiak 46,69 dolar ordaindu zizkion Errusiari mila metro kubo gas. 2007rako egin zuen lehen proposamenean 200 dolarrean ezarri zuen gasaren prezioa Gazpromek, Errusiako gas enpresa erraldoiak. Aurreko asteko bileran 105 dolarrera jaitsi zuen prezio hori. Igande gauean lortutako akordioaren arabera, Bielorrusiak 100 dolar ordaindu beharko ditu hasi berri den urtean. 2006ko prezioekin alderatuta,2007rako igoera %100 baino apur bat gehiago izango da.
Gazprom enpresaren zerbitzuak atzo adierazi zuenez, 2008tik aurrera Europako estatuentzako gasaren prezioa zehazteko erabiltzen duen formula erabiliko du enpresa errusiarrak Bielorrusiarentzako gasaren prezioa erabakitzeko. Alta, 2010. urtea arte deskontu sistema bat egongo da indarrean Bielorrusiarentzat. 2008an deskontu hori merkatu tarifaren %33 izango da; 2009an, %20koa izango da deskontua, eta 2010. urtean, %10ekoa.
100 dolarrean ezarritako prezioa garestia da Bielorrusiako ekonomia pobretuarentzat, baina ondo dago beste herrialde batzuek 2007an ordaindu beharko dutenaren aldean. Moldaviak, adibidez, 170 dolarren truke jasoko du gasa. Georgiak 235 dolar ordaindukoditu, eta EBko herrialdeek, 250 dolar baino gehiago.
Bielorrusiako prezioen igoeraren erritmoa «Errusiako Federaziokoa bezalakoa» izango dela azaldu zuen igandean Gazpromeko presidente Alexei Millerrek. 2011tik Errusia eta Bielorrusiarentzako tarifak Europarentzako prezioak zehazteko formula berdinarekin ezarriko dira.
Enpresa errusiarrak Europa Mendebaldera bidaltzen duen gas naturala Bielorrusia zeharkatu eta handik EBra garraiatzeko tarifa ere adostu zuten Gazpromek eta Minskek. Prezioa 1,45 dolar mila metro kubo gas, 100 kilometroko. Tarifa hori 2011 arte mantenduko da.
URTEROKO GATAZKA. Urtea amaitzearekin batera gasaren gerra piztu ohi da Errusiaren eta lehenengo Sobiet Batasuneko kideen artean. Moskuk prezio altuagoak jarri nahi dizkie inguruko herrialdeei, helburu batekin: prezio horiek merkatura egokitzea eta urte batzuk barru nazioarteko prezioen mailara hurbiltzea.
Moskuren eta Minsken arteko negoziazioek porrot egin zuten joan den asteko asteartean. Bi aldeak ez ziren bat etorri prezio egokia zehazteko unean. «Etxekoentzako prezioa lortzen ez badugu, Gazpromek ez du gasa gure herrialdean barrena garraiatzeko baimenik izango», adierazi zuen bileraren ostean Bielorrusiako lehen ministrorde Vladimir Semashkok. «Etxekoentzako prezio» horrek hauxe esan nahi du: Minsken arabera, Bielorrusiako herritarrek Errusiakoek ordaintzen duten prezioan ordaindu beharko lukete gasa. Baina Mosku ez zegoen ados.
Ukrainarekin izandako esperientzia gogoan, herritarrak lasaitzen saiatu zen EB. Alemaniako Gobernuak egoerak ez duela kezkatzen adierazi zuen. «Hornidura bermatuta egongo da, hotz handi-handia izan arren», esan zuten Ekonomia ministerioak. Polonia, berriz, kezkatuta agertu zen, Bielorrusiarekin mugak baititu. «Energia izateko bermea funtsezkoa da Poloniarentzat, eta mundu guztia konbentzitu nahi genuke Europa osoarentzat ere halaxe dela», azaldu zuen Poloniako Atzerri ministrorde Pawel Kowalek. Izan ere, Poloniara eta Alemaniara egunero heltzen den gasaren alde handi bat Gazprom enpresa errusiarraren hodien bidez mugitzenda, baina garraio hori Bielorrusiako Beltransgaz enpresaren sareak kontrolatzen du.
Sinatu berri den kontratuaren arabera, Gazpromek Beltransgaz enpresaren akzioen erdiak hartuko ditu. Akzio horiek 2.500 milioi dolar balio dute, errusiarren kalkuluen arabera. Beltransgazek herrialdearen barruko hornidura eta Europako Batasuneko herrialdeentzako banaketa kontrolatzen ditu.
Horri erreparatuta, Gazpromen asmoak argi daude: epe luzera Beltransgazekin enpresa bat osatzea, Bielorrusiako barne merkatua eta Europarako gasbidea erabat kontrolatzeko.
UKRAINAKO KRISIA. Bielorrusia 2006an legez, 2005ean gasaren prezio igoeraren kontra azaldu zen Ukraina. Kievek ez zuen 2006rako kontratu berririk sinatu nahi izan, eta Moskuk hornidura eten zion. Ukrainaren erantzuna berehalakoa izan zen, eta Moskuk bere herrialdean zehar Europako Batasunari esportatzen dion gasaren zati bat hartu zuen. Horrek arazoak sortu zituen gero Europa Mendebaldeko zenbait herrialdetan.
Krisian, hala ere, beste faktore politiko batzuk nahasi ziren. Duela bi urte, 2004an ere, Bielorrusiaren eta Errusiaren arteko krisia piztu zen, gasa dela eta. Orduan Mendebaldea isildu egin zen baina. Ez zuen Errusia kritikatu, Bielorrusiako presidente Aleksandr Lukashenkok EBn duen irudi eskasa dela eta.
Iaz, aldiz, desberdina zen kontua. Krisiaren erdian Ukraina zegoen, 2004ko Iraultza Laranjaren ondoren EBren aliatua bihurtua. Kievek, gainera, NATO erakunde militarrean sartzeko asmoa agertu zuen.
EBk hartzen duen gas naturalaren %40 Errusiatik heltzen da. Gas horren %80 Ukrainan barrena esportatzen da EBra, eta beste %20 Bielorrusian zehar. Aldian aldiko krisien ondorioek agerian utzi izan dute Europaren menpekotasun energetikoa Errusiarekiko. Bada Moskuren xantaiari buruz mintzatzen denik, Europako kontsumo merkatuaren ia erdia Errusiak saltzen baitu.
Errusiak Europari gero eta gas gehiago esportatzea EBren menpekotasun energetikoa handitzen ari da, aditu askoren ustez. Kezka hori ez da gaurkoa baina. Duela 20 urte ere iritzi berdina azaldu zuten Europan, sobietarrak Urengoi aldean gasbidea eraikitzen hasi zirenean. Bi hamarkada luze pasatu dira geroztik, eta errusiarrek zintzo bete dute kontratua: Europak behar adina gas izan du. Ukaezina da Europak gasa behar duela, baina hau ere egia da: Errusiak gasaren dirutza behar du. Elkarren beharra dute alde biek.
Europa Mendebaldekogero eta agintari gehiagok diotekrisi energetikoaren arriskuak kontuan hartu behar direla geroari begira. NATO bera ere kezkatuta agertu da Rigan egindako azken goi bileran. Orduan, hauxe esan zuen Richard Lugar AEBetako senatariak Letoniako hiriburuan: «Indar militar baten erasoa bezain kaltegarria ez badirudi ere, negu gorrian Europako herrialde bat gasik gabe uzteak eraso militar batek beste heriotza eta kalte ekonomikorik eragin lezake».
Kezka horiek aspaldidanik datoz. Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek ukatu egin du Mosku xantaia energetikoa egiten ari zaiola Mendebaldeari, eta gasa kontrolatzeko asmoa egotzi dio EBri: «Kezka horren atzean asmo bat dago: Mendebaldeak Errusiako baliabide energetikoak bere egin nahi ditu, horren truke ezer eman gabe».
GASBIDE BERRIAK. Bien bitartean, etorkizuneko gas ustiaketa eta hornidura handitzeko lanean ari dira Europan. Oraingo sistemak berritu nahi dituzte eta gasbide berriak eraiki. Haietako bat Yamal-2 izango da. Gasbide horrentzat alternatiba bi aurkeztu dituzte: lehenaren arabera gasbide berria oraingo Yamal-1 gasbidearen ondo-ondoan joango litzateke, eta haren kapazitate berdina izango luke. Gasa Bielorrusian eta Polonian zehar joango litzateke Europako Batasunerantz.
Bigarren aukerak Baltikoko estatuetatik eramango luke gasa Poloniara. Aukera hori 2004an azaldu izana, Errusiaren eta Bielorrusiaren arteko lehen gatazkaren urtean, ez zen kasualitatea izan, Baltikoko herrialdeek berme handiagoa eskaintzen baitute.
Europa, kezkati
jose mari pastorErrusiaren eta inguruko herrialdeen arteko liskar energetikoak Europako Batasunari eragin dio. Auzi horri buruzko kezka ez da gasa eta energiaren horniduraren eremu hutsean geratu. Haratago joan da, eta Europako herrialdeen politika energetikoan ere islatu da, batez ere etorkizuneko aurreikuspenetan. Hori dela eta, energia nuklearrari buruzko eztabaida piztu da berriro.
Kezkak lehenagotik badatoz ere, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazkak berriz azaleratu zuen auzia 2005eko bukaeran. Moskuk zerbitzua eten zion Ukrainari eta Kievek, agindu bezala, Europarentzako gasaren zati bat hartu zuen. Ondorioak larriak izan ziren: beharrezkoa zen gas horniduraren %50 moztu zen Europa Erdialdeko zenbait lekutan, egun bakar batean.
Moskuren eta Minsken arteko azken liskarrak europarren egonezina areagotu baino ez du egin. Hala ere, Europako Batasuneko estatu kideen artean ez dago iritzi bateraturik zein energia mota den komenigarriena erabakitzeko garaian. Lehenik eta behin, EBko estatuek subiranotasun energetikoa dutelako, teorian behintzat. Horren ondorioz, estatu bakoitzari dagokio bere mugen barruanerabiliko dituen energia motak aukeratzea.
Ukrainako krisia piztu zenean,Europak energia politika komuna izan behar zuela adierazi zuen Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blairrek. Blairren adierazpenak pentsaezinak izango ziren Ipar Itsasoko petrolioak eta gasak Londresen beharrak asetzen zituztenean, eta harridura sortu zuten. EBko Energia komisario Andris Piebalgsek eta Austriako Ekonomia ministroak bat egin zuten berarekin. Batez ere, kontuan izanda kontsumo aurreikuspenen arabera, EBk energiaren %70 inportatu beharko duela 2030. urterako.
EBko energia merkatua estatuetako mugek zatitu eta banatzen dute. Estatuen artean energia partekatzeko sistemak gaizki ari dira lanean. Hori nabari da Erresuma Batuan eta Frantzian, eta Belgikaren eta Herbehereen arteko hornidura zerbitzuetan.
Horrek guztiak energia nuklearrari buruzko eztabaida ekarri du. Frantzia energia mota horren menpe dago, energia guztiaren %80iturri horretatik hartzen baitu. Parisek planta nuklearrak eraikitzeko agindua eman zuen 2006ko urtarrilean. Badirudi Erresuma Batuak ildo horri segituko diola.
Beste aldean, Alemania dago. Gerhard Schroeder kantziler sozialdemokrataren agintaldian energia nuklearra erabiltzeari uztea onartu zuen gobernuak. Angela Merkel kantziler kristaudemokratak epekako asmo horri eutsi dio.