Iragan astean gasolinaren prezioa %57 eta %82 artean garestituko zela iragarri zuenetik sindikatuak eta gizarte erakundeak Evo Moralesen aurka jarri dira. Eta, igoeraren eragina arintzeko, hainbat neurri iragarri ditu Boliviako presidenteak. Besteak beste, gutxieneko soldata %20 igoko duela adierazi du. Aringarriek, baina, ez dute herrialdean giroa lasaitzen lagundu.
Atzokoa greba eta protesta eguna zuten Bolivian. Garraiolariek greba egin zuten, eta hainbat hiritan kaosa gailendu zen. Astelehenerako mobilizazio gehiago iragarri dituzte, gainera. «Sindikatuko buru banintz gauza bera egingo nuke, ulertzen dut euren egoera. Baina errealista izanda, hori Estatuari dirua galtzen uztea da», azaldu du Moralesek. Izan ere, prezioa igoz, gasolinatarako emandako diru laguntzak ezabatu nahi ditu presidenteak. Gobernuak aurreztuko duen dirua, herritarrentzat izango dela azaltzen saiatu da.
Neurri aringarriak
Polizien, militarren, sendagileen eta irakasleen soldatak ere %20 igotzea erabaki du. Horrez gain, eskualde pobreenetan lana sustatzeko programa bereziak ezarriko dituela eta nekazariei diru laguntzak emango dizkiela adierazi du. Iragarpenekin ez du protestak gelditzea lortu.
Arduraz jokatzen duela esan die herritarrei. Erabaki horiek hartzeko herrialdearen ekonomiari lehentasuna ematea izan da Moralesen helburua, haren hitzetan.
Gasolinaren garestitzea konpentsatzeko soldatak igoko dituzte Bolivian
Evo Moralesen gobernuaren aurka hainbat egun daramatzate protestan, erregaien auzia dela eta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu