Gastu militarra

Gastu militarrak %2,6 handitu ziren iaz

Orotara 1.637 milioi euro jarri zituen nazioarteak armagintzarako. Gastu militarrera diru gehien bideratu zuten bost herrialdeak hauek izan ziren: AEBak, Txina, India, Errusia eta Erresuma Batua.

Errusiako itsas-armadako kideak ariketak egiten Krimeako penintsulan. EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko apirilaren 26a
12:26
Entzun

Beste hainbat alorretan ez bezala, arma salerosketan ez zen geldialdirik egon pandemia garaian, alderantziz baizik: nazioartean BPG barne produktu gordina %4,4 jaitsi zen urtean, %2,6 egin zuen gora gastu militarrak. SIPRI Stockholmgo Bakearen Nazioarteko Ikerketa Zentroaren arabera, gastu militar osoaren %62 bost herrialdek biltzen dute: AEBak, Txina, India, Errusia eta Erresuma Batua. Txinaren kasuan, gainera, 26. urtez jarraian handitu da armagintzarako inbertsioa.

SIPRIk gaur argitaratu duen txostenean jasotzen denez, iaz BPGaren %2,4 bideratu zuten herrialdeek gastu militarrera, 2019an baino %0,2 gehiago. Hala ere, herrialde zenbaitek armadarako aurreikusitako aurrekontuaren zati bat pandemiari aurre egiteko baliatu zuten, besteak beste Txilek eta Hego Koreak; eta beste zenbaitek iragarritakoa baino gutxiago gastatu zuten armagintzan; adibidez, Brasilek eta Errusiak.

AEBak izan ziren iaz gastu militarrera diru gehien bideratu zutenak, 2019an baino %4,4 gehiago; mundu osoko gastuaren %39 egin zuen Etxe Zuriak. «AEBetako gastu militarraren gorakada ikerketan eta garapenean egindako inbertsioarekin lotu behar da, baita arma nuklearrak berritzeko egindakoarekin ere. Lehiakide estrategikoek, Errusiak eta Txinak, islatzen duten mehatxuari emandako erantzuna izan da», azaldu du SIPRIko ikerlari Alexandra Marksteinerrek.

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideen kasuan ere gora egin zuen gastu militarrak, eta iaz BPGaren %2 edo gehiago bideratu zuten kideetatik hamabik armagintzara —2019an soilik bederatzi heldu ziren kopuru horretara—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.