Turkiaren eta Siriaren arteko mugak gerraren eta bakearen arteko banaketa ere irudikatu du orain arte: gerra Sirian, bakea Turkian —Kurdistan iparraldeko gatazka alde batera utzita—. Joan den asteazkenaz geroztik, ordea, gerrak muga gurutzatzeko arriskua piztu da, eta barne gatazka bat dena nazioarteko gerra bilakatzeko. Badira lau egun obusek egunero bi herrialdeen arteko lerroak gurutzatu dituztela. Bonbardaketen bidez Turkiak Siriako aldean hamar kilometroko «segurtasun esparrua» eratzea lortu duela argitaratu du Milliyet egunkariak, iturri militarrak aipatuz. Siriako armadak mugatik hamar kilometrora erretiratzea onartu duela ere argitaratu du Milliyet-ek. Ez Ankarak, ez Damaskok ez dute halakorik berretsi, ordea. Ankarak bai berretsi du mugaren bere aldean «aldi baterako segurtasun eremuak» ezarri dituela, hau da, zibilak sartu ezin diren gune militarizatuak.
Azken bi egunetako bonbardaketak Turkiako Hatay probintziaren (Mediterraneoan) eta Siriako Idliben artean gertatu dira. Turkiako Guvecci hiritik 700 metro ingurura obus bat erori zen atzo. Jaurtigaiak ez zuen Siriako muga gurutzatu, Turkiako iturrien arabera, baina gertu erori zelako artilleriarekin erantzun zuten. Hatayko gobernadoreak adierazi duenez, Siriako armada eta FSA Siriako Armada Askea talde matxinoa Guveccitik gertu ari dira borrokan. Hatayko gobernadoreak argitu du Siriatik jaurtitako obusak ez duela biktimarik eragin, baina Turkiak jaurtitakoen inguruan daturik ez dute eman.
Matxinoentzako eremu librea
Siriako mugaren aldean «segurtasun esparruak» ezartzeko ideia iaztik darabilte ahotan Siriako matxinoek eta Turkiak. Hain zuzen, 2011ko ekainean matxinoek Idlibeko hainbat guneren kontrola hartu eta armadak horiek berreskuratzeko erasoaldia egin zuenetik. Turkiara ihesi joan ziren errefuxiatuen lehen olde handia eragin zuen Idlibeko gatazkak. «Segurtasun esparruak» ezarrita, Siriako armadak mugatik alde egin beharko luke. Ankarak dioenez, errefuxiatuak horrela Siriara itzuli ahalko lirateke. Bertzerik zehaztu ezean, ordea, matxinoak libre ibili ahalko lirateke eremu horretan.
Ahmet Davutoglu Turkiako Atzerri ministroak iragan hilaren amaieran BBCri eskainitako elkarrizketa batean adierazi zuen «segurtasun esparruak» sortzea «beharrezkoa» zela. Kazetariak zehaztu zion horretarako beharrezkoa litzatekeela Siriako lurraldean operazio militar bat egitea. «Arrisku hori hartzea merezi du milaka desplazaturi laguntza helarazteko, eta Al-Assaden erregimenak zibilak hiltzeari uzteko ohartarazpen bat litzateke», erantzun zion Davutogluk.
Asteazkenean Akçakalen gertatu zen bonbardaketak badirudi Turkiari esku hartzeko aitzakia edo arrazoia eman diola —parlamentuak baimena eman dio gobernuari Siriara tropak bidaltzeko—, eta Davutogluk berak hori justifikatu zuen atzo Turkiako NTV kateari eskainitako elkarrizketan. «Edozein eraso isilaraziko dugu, datorren tokitik datorrela». Gainera, Turkiak esku hartzeak gerra handiago bat saihets lezakeela defendatu du. «Batzuetan, lurrikara txiki batek handiago bat ekidin dezake».
Turkiak AEBen erabateko babesa du Siriaren aurka jotzeko. «Bete-betean lagunduko diogu Turkiari, ekintza hori egokia dela uste dugulako», adierazi du Etxe Zuriko bozeramaile Josh Earnestek. Akçakaleko erasoaren ondoren —bortz zibil hil ziren—,NATOk erabateko babesa erakutsi zion Turkiari. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak ere erasoa gaitzetsi eta Siriako armadari egotzi zion, Damaskok onartu ez duen arren —tartean Errusiaren eta Txinaren aldeko botoekin—. Hala ere, Turkiari «neurriz jokatzeko» eskatu zion kontseiluak.
Kurduen aurka egiteko aukera
Turkian bertan, baina, zabala da Siria erasotzearen aurka dagoen gizarte sektorea. Parlamentuan bertan, 320 diputatuk tropak bidaltzeko baimenaren alde egin arren, 129 izan ziren aurka azaldu zirenak. Istanbulen eta bertze hiritan esku hartzearen aurka egin diren manifestazioak ere ugariak izan dira. Ankarak egin duen mugimenduaren inguruan hainbat interpretazio egin dira. NATO Sirian sartu eta Baxar al-Assad presidentea agintetik kentzeko ezpata punta Turkia bilakatu litekeela da aukeretako bat.
Bertze aukera batek, ordea, zerikusi handiagoa luke Turkiako barne egoerarekin, hau da, Kurdistan iparraldeko gatazkarekin. Horregatik, anitzek interpretatu dute PKK Kurdistango Langileriaren Aurkako borrokan Iraken menpeko Kurdistanen egiten dituen antzeko esku hartzeak egin litzakeela orain Turkiak Siriaren menpeko Kurdistanen, mugaren bi aldeetan burujabetzaren aldeko mugimendu kurdua ahultzeko asmoz. Ankarak mugan eremu militarizatuak sortzeko hartu duen erabakia adibidez, 1990eko hamarkadan hartu zuen lehenbiziko aldiz PKKren aurkako borrokan. Urte amaierara arte horrelako hamabortz gune ezarri ditu gobernuak.
Siriatik zehaztapen anitzik ez dute eman azken gertaeren inguruan. Baxar al-Assadek atzo egin zuen lehen agerraldi publikoa, 1973ko Israelen aurkako gerra oroitzeko ekitaldian. Fahd Yasem al-Freich Defentsa ministroak adierazi duenez, armada «mertzenario taldeak eta Al-Qaeda desagerraraztetik gertu dago».
Gatazkaren banaketa lerroa
Laugarren egunez Turkiak Siria bonbardatu du obusen jaurtiketengatik; «segurtasun eremuak» ezarri ditu Ankarak bere mugan'Milliyet' egunkariaren arabera, Siriako armada Turkiako mugatik erretiratu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu