Israelgo kartzeletan 4.600 preso palestinarretik gora daude. Iragan urriko truke akordiora arte 6.000 baino gehiago ziren. 1974ko apirilaren 17an egin zen Israelgo Gobernuaren eta palestinarren arteko lehen truke akordioa, eta, hori gogora ekarriz, gaurko egunez preso politikoen eguna ospatzen dute urtero lurralde okupatuetan.
«Presoak gatazkaren parte aktibo izan dira, Palestinako askapen mugimenduaren adar nagusia. Orain, ikusle pasibo bihurtzeko arriskuan dira, Israelek kanpoko testuingurutik guztiz bakartu nahi dituelako». Hala esan du Sahar Francisek, Palestinako preso politikoen eskubideen alde lan egiten duen Addameer elkarteko zuzendariak.
Tratamendu mediko kaxkarra, familiekiko eta abokatuekiko kontaktu murritza eta jazarpen fisiko zein psikologikoak salatzeaz gain, kartzelan dauden palestinarrak mundutik aldentzeko estrategia dagoela salatu zuten iragan astean preso politikoek, adierazpen baten bidez. Joera horri «oso arriskutsu» irizten dio Francisek.
Israelen jokabideak ikuspuntu estrategiko bati jarraitzen dio. Hain zuzen ere, preso palestinarrak kriminaltzat jotzen ditu Tel Avivek, inolaz ere ez gerra gatibu gisa. «Israelek ez du errespetatzen Genevako Laugarren Hitzarmenean gerra presoen inguruan sinaturikoa. Kriminalak direla arrazoituta, muturreko segurtasun neurriak, oinarrizko eskubideen murrizketak eta tratamendu bortitza justifikatzen ditu», adierazi du Francisek.
Isa Karake PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Espetxe Gaietarako ministroak «mendeku politika» aipatu berri du preso palestinarrek jasotzen duten trataera definitzeko. Izan ere, presoak dira Tel Aviven presio palankarik eraginkorrena. Gilad Xalit soldadua atzemateak kartzeletan eragin zituen zigorrak aipatu ditu Francisek ezinbestean: «Urrutiko hezkuntzarako unibertsitatean ikasteko aukera galdu zuten, eta Gazaren aurkako blokeoarekin 450 palestinarren senideei bisitarako baimena eten zieten. Eskubide horiek ez dira berrezarri».
Espetxeetako egoera hobetuko zen esperantza ekarri zuen Xaliten askapenak, Tel Avivek presoak bakartzeko politika etengo zuela iragarri ostean. Ez da hala gertatu. Addameer elkartearen arabera, 25 preso bakartuta dauzkate oraindik. Ahmad Saadatek, Palestina Askatzeko Herri Fronteko liderrak, hiru urte daramatza bakarturik. Bestalde, giza eskubideen aldeko erakundeek salatu dute baimenik gabeko DNA probak ezartzen zaizkiela presoei.
Aldarrikapen eta estrategiak
Gaur, gose greba hasiko dute Israelen preso dauden 1.600 palestinarrek, Duintasuna defendatuz lelopean. Funtsezko lau eskubide aldarrikatzen dituzte: bakartze politika etetea, hezkuntzarako eskubidea berrezartzea, arreta mediko egokia bermatzea eta familien bisitak errespetatzea.
Aurten, baina, atxiloketa administratiboaren kontrako kanpainak bere gain hartu ditu presoen gainontzeko aldarrikapenak. Jader Adnanek eta Jana al-Xalabik egindako gose greba indibidualei jarraiki, praktika horren gaineko arreta piztu da nazioartean. 320 palestinarri eragiten die xedapen horrek. Britainiar agintaldiaren garaiko praktika berreskuratu, eta palestinarrak gutxienez sei hilabetez preso hartzeko eskubidea aitortzen du Israelek, inolako frogarik gabe, segurtasunarentzat mehatxu bat izatea egotzita.
Francisek biziki sinesten du gose greben indarrean. «Presoek kartzeletan lortu dituzten eskubide garrantzitsuenak gose greba kolektiboen bidez lortu dira. Atxilotu administratibo guztiek greba eginez gero, Israelek ez du jakingo nola jokatu», nabarmendu du.
Israelgo Gobernuaren eta Hamasen arteko akordioan aske geratu zen Mohammad Al Seifi Fataheko ekintzailea. Trukea iragarri aurretik gose greba egin zuten 2.500 preso palestinarretako bat izan zen. Kartzeletan baldintza gizagabeak pairatzen dituztela dio, baina gehiago deitoratzen du atxilotu osteko itaunketa zentroetan jasaten duten tratua: «Galdeketa zentroek immunitate osoa dute. Irainak eta torturak askoz gogorragoak dira, baita emakumeen eta adingabekoen kasuan ere».
Barne gatazka
Presoen egunean, Palestinako ekintzaileak ez dira ahaztu lurralde okupatuetako barne zatiketa salatzeaz. 2007an Fatah eta Hamasen arteko gatazka hasi zenetik, bi alderdietako kideek kriminalizazio gogorra pairatu dute. Geroztik, ohikoak izan dira Zisjordanian Hamaseko zein Gazan Fataheko ekintzaileen kontrako atxiloketa masiboak, torturak eta prozedura militarrak. Bi alderdiek eginiko batasun akordioak ez du egoera zuzendu. «Egia da torturak eta atxiloketak gutxitu egin direla, ekintza horiek kalte handia egin baitiote bi alderdien irudiari. Haatik, lurralde okupatuetan ekintzaile asko atxilotzen dituzte oraindik», nabarmendu du Francisek.
Zisjordanian inor gutxi ausartzen da PANek Hamas eta beste taldeetako kideen kontra burutzen dituen atxiloketak salatzera. Nidal ezizena erabiltzen duen preso ohiak bi urte egin zituen preso, Hamaseko ekintzailea izatea leporatuta: «Gure anai-arrebek torturatu gaituzte, eta preso sartu. Barne zatiketak Palestinako gizartea odolustu du».
Gazan tankerako egoera dute. Hamasen gobernuak, baina, Palestinako oinarrizko justizia legeria ere indargabetu du. Francisen ustez, «larria» da Gazan gertatzen ari dena: «Epaile berriak aukeratu dituzte, eta heriotza zigorra praktikara eramaten hasi dira. Palestinako legearen arabera, presidentearen onespena behar dute heriotza zigorrek. Abbasek ez du inoiz horrelako kastigurik onartu, baina Hamasek ez dio zilegitasuna ematen». Azken hilabeteetan zortzi pertsona exekutatu dituzte Gazan, horietatik hiru duela bi aste.
Gatazkaren begi giltzapetuak
Israelgo kartzeletako egoera eta palestinarrei inposaturiko atxilotze politika salatzea du helburu Palestinako presoen egunak. Gaur gose greba hasteko deialdia egin dute presoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu