Gatazkaren behin-behineko konponbiderik ez du onartuko PANek

Txosten batek dioenez, Israelgo zerbitzu sekretuek ez diete abokaturik onartzen galdekatuen %90i

Erredakzioa
2010eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
PAN Palestinako Aginte Nazionalak baztertu egin du Israelekiko gatazkaren behin-behineko konponbidea onartzea, «lurralde okupatuetako auzia eta errefuxiatu palestinarrena kanpoan uzten dituelako».

Palestinako Estatua behin-behineko mugen barruan sortzea onartezintzat jo du Nabil Abu Rudeinak, Mahmud Abbas presidentearen bozeramaileak: «Bada garaia Palestinako Estatua 1967ko gerra baino lehenagoko mugen barruan sortzearen inguruan erabakia hartzeko». Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren adierazpenen harira mintzatu da Rudeina, Netanyahuk gatazkaren behin-behineko konponbidea lortzeko aukera aipatu duelako.

Bien bitartean, tentsioa handia da Gazan. Atzo Israelgo armadak palestinar bat hil eta bost zauritu zituen, tankeetatik jaurtitako jaurtigaien ondorioz.

Kartzelak, baldintza larrietan

Presoen egoera ere ez da hobea. Shin Bet Israelgo zerbitzu sekretuak abokatuaren laguntza ukatzen die galdekatzen dituen preso palestinarren %90i. Halaxe diote Israelgo Torturaren Kontrako Komisioak eta Preso Palestinarren Elkarteak argitaratutako txosten batean. Salbuespena lege bihurtzen denean goiburua du txostenak, eta israeldarrek galdeketetan erabiltzen dituzten metodo ankerrak deskribatzen ditu.

«Israelgo kartzelek duela mendeetako ziegak dirudite, eta presoen oinarrizko giza eskubideak ez dira betetzen», Israelgo Abokatuen Elkargoak argitaratutako txostenaren arabera.

Estatuko kartzela guztiak «gainezka» daudela salatu dute. «Ziegei lizun eta estolda usaina darie, eta intsektuz josita daude». Kartzelen egoera txarrak eraginda, presoek kalte psikologikoak eta fisikoak dituztela salatu dute. «Ziega gehienek ez dute leihorik, eta fluoreszente batek argitzen ditu. Denbora luzez horrelako baldintza zentzugabean edukitzeak giza eskubide oinarrizkoenak urratzea dakar, edozein dela presoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.