«Terrorismoaren erregimenetik egindako desertzioa iragartzen dut gaur, eta askatasunaren eta duintasunaren lerroetara batuko naizela. Gaurtik aitzinera, iraultzaren armadetako kide izanen naiz». Riad Hijab atzora arte Siriako lehen ministro zenaren izenean irakurritako agiriaren zati bat da. Haren bozeramailetzat aurkeztu den Mohammed el-Etrik eman du horren berri Al-Jazeeraren kameren aitzinean. Siriako Gobernuak dioenez, baina, ez da desertziorik egon, eta Hijab kargutik kendu zuen Baxar al-Assad presidenteak igande arratsean. Bertsio kontrajarri horiek gatazkaren bertze fronte baten adierazleak dira, desertzioena eta horien inguruko informazio borrokarena, gobernua banatzeko eta ahultzeko helburua dutenak.
Bertsioak kontrajarriak diren arren, bai gobernuak, bai matxinoek berretsi dutena da Hijab jada ez dela Siriako lehen ministroa. Siriako telebista publikoak ministroa kargutik kentzearen berri eman ondotik irakurri du El-Etrik desertzioa iragartzen zuen agiria. Bozeramaileak erran duenez, lehen ministro ohiak Siriako Armada Askea talde matxinoko kideen laguntzarekin egin du ihes Jordaniara. SNC Siriako Kontseilu Nazionalak ere hori berretsi du, Damaskoren bertsioari aurre eginez. Nahasmena areagotu dute, ordea, Jordaniako Informazio ministro Samih al-Maaytahen adierazpenek, Hijab Jordaniara joan dela ukatu baitu. Geroago, El-Etri bozeramaileak erran du Hijab bart arratsean Jordaniatik Qatarrera joatekoa zela familiarekin batera, eta Informazio ministroak egindako ukazioa asmo politikoengatik izan dela iradoki du. «Ulertzen dugu Jordaniarentzat gai labainkorra dela hau. Ez diogu arazo gehiago sortu nahi, jada harreman zailak baititu Siriako erregimenarekin».
SNCk erran duenez, gainera, bertze hiru ministrok ihes egin dute Hijabekin. Ez ditu izenak zehaztu, eta bat Mohammad Jleilati Finantza ministroa izan zitekeela zabaldu da. Siriako telebista, ordea, Jleilatirekin mintzatu da telefonoz, eta bere bulegoan zegoela erran du ministroak, bere «eginbeharretan». Omran al-Zoubi Informazio ministroak, berriz, desertzioen berri guztiak gezurtatu ditu, eta adierazi du «hedabide batzuek Siriako jende ezagunari edo gertakariei buruz emandako berrien %99 helburu jakin batzuk lortzeko ahalegin etsituak» direla. Hijabena desertzioa dela berretsiko balitz, orain arte Al-Assad utzi duen kargudun garrantzitsuena litzateke. Joan den astean Damaskok salatu zuen Turkia eta Qatar gobernuko eta estatu aparailuko kideei dirua eskaintzen ari direla oposizioarekin bat egin dezaten. Libian ere Muammar Gaddafiren aurkako matxinadan gobernuko eta armadako hainbat kargu erreboltarien aldera pasatu ziren, eta ardura handiko postuak hartu zituzten.
Hijabek bi hilabete eskas egin ditu karguan, Al-Assadek gobernu berria eratu zuenetik. Iazko martxoan matxinada piztu zenean Latakiako gobernadorea zen, eta lehen ministro izan baino lehen Nekazaritza ministro izan zen. Omar Ghalawanji Herri Administrazioko ministroa izendatu du Al-Assadek lehen ministro.
Bahituak hiltzeko mehatxua
Iragan larunbatean bahitutako Irango 48 erromesen inguruan, berriz, Siriako Armada Askeak erran du hiru hil egin direla, atxikita dituzten Damaskoko auzoa armadak bonbardatu duelako. Erasoaldia gelditu ezean guztiak hilko dituztela mehatxu egin du Moutassam al-Ahmad Siriako Armada Askeko bozeramaileak. Teheranek, Siriari buruzko bilkura bat deitu du etzirako. Gobernuko kide batek adierazi du Ekialde Hurbilean «eragin handiko herrialdeak» direnak gonbidatu dituztela, eta gatazkarekiko «posizio errealista bat» dutenak, baina ez du zehaztu zeintzuk.
Gatazkaren bertze frontea
Riad Hijab lehen ministroa kargutik kendu duela adierazi du Siriako Gobernuak, baina desertatu egin duela erran du oposizioakSNCk lau ministroren desertzioa iragarri arren, guztiak gezurtatu ditu Damaskok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu