Iazko urtarrilaren 27an milaka lagun elkartu ziren Sanako karriketan, Ali Abdullah Saleh presidenteari boterea utz zezala eskatzeko. Tunisiako eta Egiptoko ereduak jarraiki, urte hasieratik makina bat protesta lehertu ziren Yemenen, baina urtarrilaren 27koa berezia izan zen, oposizioko taldeek hiriburuan elkar koordinatuta deitutako lehenbizikoa izan zelako, ordura arteko arrakastatsuena. Ez zen istilu larririk izan. «Yemenek eztanda eginen duela iruditzen zait», adierazi zuen, hala ere, Eskubideak eta Askatasuna Defendatzeko Erakunde Nazionaleko koordinatzaile Mohammed Naji Allauk egun horretan. Protesten deitzaileetako bat zen. «Yemengo egoera gainontzeko herrialde arabiarretan baino anitzez arriskutsuagoa da». Denborak arrazoi eman dio Allauri. Bi mila hildako inguru eta urtebete behar izan dituzte Saleh boteretik kentzeko, eta matxinada Yemenen lehendik irekita zeuden gatazkekin nahasi da.
Zine el-Abidine ben Ali Tunisiako buruzagi ohiarekin eta Hosni Mubarak Egiptokoarekin antzekotasun argiak ditu Salehek: denbora luzea egin du boterean —34 urte—, itxuraz parlamentarioa den erregimena eraiki du, boterearen monopolioa bere alderdi politikoari emanez —Herriaren Kongresu Orokorrari—, eta, gainera, AEBen aliatua izan da. Bertze biek ez bezala, ordea, matxinadaren presioari urtebete eusteko gai izan da Saleh. Horretarako, bi faktore erabakigarri izan ditu alde: alde batetik, kaoserako beldurra, eta bertzetik Guardia Errepublikanoaren eta armadako unitate gehienen fideltasuna.
Immunitatea lortu arte
Indarkeria giroa, baina, jasanezina bihurtu da herrialdean, eta gerra zibilaren itxura hartu du. Nazioarteko aliatu nagusiei —Persiako golkoko herrialdeei eta AEBei— zama bihurtu zaie Salehekiko aliantza, eta hilabeteetan irtenbideren bat lortzeko negoziazioak bultzatu dituzte. Salehek, ordea, bertze matxinadetan buruzagiei gertatu zaiena ikusi ondoren, argi eduki du noiz arte eutsi behar zion botereari: immunitatea lortu arte. Oposizioak eta Herriaren Kongresu Orokorrak hala hitzartu ondoren, iragan asteburuan onartu zion parlamentuak, eta hurrengo egunean boterea utzi zuen. AEBetara alde egin du, iragan ekainaren 3an bere jauregiaren aurkako erasoan jasandako zaurietatik osatzera, baina zin egin du itzuliko dela, eta bere alderdiaren presidentetza hartuko duela berriz.
Yemengo egoera gainerako herrialde arabiarretatik berezi egin duena Gerra Hotzaren ondorena izan da. Aro horretan herrialdea bi estatutan banatuta zegoen: kapitalista iparraldean —Salehen agintepean 1978tik—, eta sozialista hegoaldean. 1990ean elkartu ziren biak, eta Saleh izendatu zuten presidente. Bi armadak, ordea, ez ziren batu, eta 1994an gerra zibila lehertu zen. Saleh garaile atera zen, baina azken urteetan mugimendu independentista anitz azkartu da hegoaldean, Hego Yemengo Mugimendua izeneko erakundearen baitan batik bat. Protesta jendetsuak sustatzen ditu horrek, baina armekin ere eraso izan dio erregimenari. Matxinadarekin bat egin dute independentistek.
Hegoaldean bertan, bertze fronte bati aurre egin behar izan dio Salehek: milizia islamistei. Bai erregimenak, bai AEBek,Al-Qaedarekin lotzen dituzte. Matxinada hasi zenetik ekintza ikusgarriak egin dituzte; azkena hil honetan bertan, Radda hiria hartuta —iragan asteartean utzi zuten, lider tribalekin akordio bat egin ondoren—. Iparraldean, berriz, gerra zibilaren ondoren zaiditen errebolta hasi zen —xiiten adar bat—, Salehek gatazka hartan muturreko suniten alde egin izanaz kexu baitziren. Herenegun 22 lagun hil ziren zaiditen eta talde suniten arteko borroketan.
Etorkizunerako erronka
Beraz, gerra zibilaren ondotik lehertutako gatazkak erregimenaren aurkako matxinadarekin nahasi dira. Orain, etsai nagusiak, Salehek, alde egin du. Horrek, baina, ez du errebolta itzaliko, jende oldeak protesta egin baitu immunitatearen aurka, eta Salehen sendiko kideek, gainera, garrantzia handiko postuak dituzte estatuko indarretan. Otsailaren 21ean izanen dira presidentetzarako bozak. Hautatutakoak, matxinadaren eskakizunak asebetetzeaz gain, estatua kolokan paratzen duten gainerako gatazkei aurre egin beharko die.
Gatazkei gehitutako matxinada
Errebolta hasi eta urtebetera Salehek Yemenen boterea utzi arren, fronte guztiak irekita daude oraindik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu