Kuba

Gaur amaituko dute Kubako Alderdi Komunistaren VIII. Kongresua, Castroren azkena

Gaur jakinaraziko dute nork osatuko duen alderdiaren batzorde nagusia. Miguel Diaz-Canel Kubako presidenteak ordezkatuko du Castro idazkari nagusi lanetan.

Raul Castro, ostiralean, bere agurraren berri jakinarazi ondoren. ARIEL LEY ROYERO / EFE
2021eko apirilaren 19a
09:27
Entzun

Kubako Alderdi Komunistaren VIII. Kongresuko ordezkariek Raul Castro idazkari nagusiak aurkezturiko azken txostena onartu dute. Azkena, Miguel Diaz-Canel Kubako presidenteari utziko diolako bere postua. Castrok 90 urte beteko ditu uztailean, eta belaunaldi aldaketa bat egin nahi dute alderdian. Gaur egingo dute azken saioa, eta batzorde nagusiko hautagaitzen gaineko bozketaren emaitzak emango dituzte.

300 ordezkariek bat egin dute Castrok aurkeztutako asmoekin. Adierazi du, besteak beste, herrialdearen lehentasunak ekonomiaren garapena eta irmotasun ideologikoa direla. Kritiken berri ere eman du: burokrazia, inertzia eta aldaketarako erresistentzia nabarmendu ditu egungo idazkari nagusiak.

2016-2020ko bosturtekoa ari dira aztertzen kongresuan, eta hiru batzordek prestatutako txostenak landu dituzte lehen egunetan, ateak itxita. Ekonomiaren erreformaz eta alderdiaren funtzionamenduaz aritu dira eztabaidan, besteak beste, hango hedabideek zabaldu dutenez. Bilera horietatik ondorio batzuk atera dituzte 2021-2026ko aldirako.

Duela hamar urte onartutako 244 erreformatatik %30 martxan jarri dituztela adierazi dute; %40 bidean dira, eta beste %30ak prestatzeko edo onartzeko bidean dira.

Alor ideologikoan, «alderdiaren hazkundea lehenetsi» nahi dute, «masekiko lotura» landu eta «subertsio politiko ideologikoari era sistematikoan eta agertoki guztietan» aurre egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.