'Brexit'-a

Gaur gauzatuko da 'brexit'-a, eta «trantsizio aldia» hasiko da

Gauerdian egingo dute irteera ofiziala, eta Johnsonek hitzaldia emango du aurretik. Oraingoz, Europako Batasuneko lege gehienek indarrean jarraituko dute urte bukaerara arte.

Jonhson 10 Downing Street lehen ministroaren etxetik irteten, joan den astean. NEIL HALL / EFE
2020ko urtarrilaren 31
09:10
Entzun

Hiru urteko negoziazio zikloaren ondoren, gaur gauzatuko da brexit-a. Europako Parlamentuak asteazken arratsaldean berretsi zuen Erresuma Batua Europako Batasunetik irteteko akordioa, eta, horrekin, brexit-aren azken pausoa ere gainditu zuen. Bi aldeen arteko etorkizuneko harremanak finkatzeari ekin beharko diote orain Londresek eta Bruselak. Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak esan du «aro berri baten egunsentia» izan dela gaurkoa. 22:00etan hitzaldia emango du (23:00etan Euskal Herrian), eta ordubete geroago gertatuko da irteera ofiziala.

Johnsonentzat, gaurkoa «ez da amaiera, hasiera baizik». Haren ustetan, «benetako berrikuntzaren eta aldaketa nazionalaren garaia» da. Oraingoz, Europako Batasuneko lege gehienek indarrean jarraituko dute abenduaren bukaerara arte; besteak beste, pertsonen mugimendu librearenak. Gainera, Erresuma Batuak merkataritza libreko akordio iraunkorra lortu nahi du.

Jakinarazpen batean, Jeremy Corbyn Laboristen buruak eskatu zuen ez egiteko «barrurantz», eta, horren ordez, bultzatzeko herrialde «internazionalista, askotariko eta kanpora begirako» baten alde.

Asteazkenean, gehiengo garbia nagusitu zen Europako Parlamentuan. Izan ere, akordioaren aldeko 621 boto egon ziren, aurkako 49, eta hamahiru abstentzio. Egungo banaketarekin egin den azken saioa izan zen Bruselan, datorrenak 705 kide izango baititu, egungo 751 parlamentarien ordez. Erresuma Batuak hutsik utziko dituen 73 eserlekuetatik 46 libre utziko dituzte, eta 27 hamalau estatu kideren artean banatuko dira.

Bestalde, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak bigarren independentzia erreferenduma egiteko mozioa aurkeztu zuen Eskoziako Parlamentuan herenegun, eta gehienen babesa jaso zuen; aldeko 64 boto bildu zituen, eta aurkako 54. Sturgeonek «oinarrizko printzipio demokratiko baten» aldeko bozketatzat jo zuen, eta nabarmendu «Eskoziak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea» duela. Hala, akordio bat egiteko eskatu dio Erresuma Batuko Gobernuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.