Kongresuaren baimenik gabe aurrekontu publikoa handitzea leporatuta epaituko dute Dilma Rousseff Brasilgo presidentea. Rousseffek hiru hilabete daramatza kargutik aparte, Brasilgo Senatuak hura epaitzea onartu zuenetik. Orain, senatariek behin betiko erabaki beharko dute Rousseff kargugabetzen duten; hala bada, Michel Temer behin-behineko presidenteak segituko du karguan, eta Rousseff kargugabetzeko adina babes ez badute, presidentetzara itzuliko da.
Senatuko osoko bilkuran gehiengo kualifikatua behar dute Rousseff kargutik kentzeko. Oposizioak ziurtzat jotzen du 60 boto dauzkala boteretik kanporatzeko: 54 behar ditu. Epaiketa gaur hasiko da (Euskal Herrian 14:00etan), eta akusazioak, defentsak eta 81 senatariek hartu ahal izango dute hitza, bost minutuz gehienera ere.
Ostiralean eta larunbatean, impeachment-aren lehen fasea izango da: akusazioak bi testigantza aurkeztu ahal izango ditu, eta defentsak, sei. Senatari bakoitzak lekukoei galdetu ahal izango die, eta, erantzunaren ostean, senatariek berriro har dezakete hitza. Hedabideek espero dute 40 bat senatarik hitz egitea. Hitzartze bakoitza hiru minutukoa izan beharko da gehienez, eta baliteke fase hori egun bat gehiago luzatzea.
Astelehenekoa da hitzordu nagusia, orduan hitz egingo baitu senatuan Rousseffek. Ordu erdi izango du, eta akusazioak, defentsak eta senatariek bosna minutu izango dituzte galderak egiteko.
Abuztuaren 30-31n, aldeek ordu eta erdiko astia izango dute beren posizioak defendatzeko, eta beste ordubete erantzuteko. Gainera, 81 senatariek hamarna minutu izango dituzte. Irailaren 1ean, berriz, lau senatarik hartuko dute hitza bosna minutuz, bozketa egin aurretik: kargugabetzearen aldeko bik eta kontrako beste bik.