Mairtin o Muilleoir (Belfasteko alkatea)

"Gauzak elkarrekin egiteko gai izatea arte bat da, zientzia bat baino gehiago"

Itxaropenez beteriko hitzak dira nagusi Mairtin O Muilleoir Belfasteko alkatearen erantzunetan. Sinn Feinek hirian izan zuen lehenengoetako zinegotzia izanik, gertutik bizi izan zuen gatazka. Orain, aldiz, garai batean etsai amorratuenak izandakoekin elkarlanean dabil, zauriak behin betiko ixteko asmoz.

arantxa elizegi egilegor
2013ko ekainaren 30a
01:16
Entzun

«Kaixo» esanez agurtu du kazetaria telefonoaren beste aldetik. Badirudi ohitura duela bestearen ama hizkuntzan agurtzea —Barack Obamari ere aloha batekin egin omen zion ongietorria—. Izan ere, euskara eta Euskal Herria ez ditu arrotz Mairtin O Muilleoirrek (Belfast, 1959). Duela gutxi hemendik joandako ordezkaritza zabala hartu zuen, tartean Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre. Hemengo eta hango bake prozesuak ere gertutik aztertzen ditu Sinn Feineko ordezkariak, baina uneotan helburu nagusi bat du buruan, bakea sendotzea, Irlanda iparraldeko hiriburutik bertatik hasita.

Belfasteko alkate karguaren zina egin berri duzu. Urtebeterako. Zuen hautaketa sistema bera ere berezia da; izan ere, udal kontseiluak hautatzen du alkatea.

Udal kontseiluan 51 kide gara, eta urtero haietatik bat aukeratzen da alkatetzarako, betiere, botere banaketa errespetatuz. Kontuan izanik Sinn Feinek hamasei eserleku dituela, bi urtetik behin gutxi gorabehera, alkate edo alkateorde bat errepublikanoa izan ohi da. Urtebetez soilik aukeratu ohi da, ez delako kargu boteredun bat. Alkateak ez du ia aginterik, bere lana da hiriko ordezkari nagusia izatea. Boterea udal kontseiluak du, eta hark hartzen ditu erabakiak ere. Lehen hiritarra da alkatea; badu eraginik, baina ez botererik. Dena den, batzuetan ez da botere beharrik gauzak zuk nahi duzun moduan eginarazteko, nahikoa da eragina izatea eta lidergoz jokatzen jakitea.

Alkateordea aukeratzerakoan ere oso kontuan hartzen dugu indarren korrelazioa. Aurten DUPekoa da udaleko bigarrena, eta nahiz eta politikoki oso ikuspegi desberdina dugun, ondo moldatzen gara lanean. Azkenean biok dugu helburu bera, Belfasteko jendeari laguntzea.

Zaintzen duzue orduan botere banaketa unionista eta errepublikanoen artean.

Hori baino gehiago da. Unionistak Irlandan gutxiengoa dira, baina gu saiatzen gara haiekin ahalik eta ondoen moldatzen, adiskidetzeko bidean aurrera egin ahal izateko. Gure artean badago orekari eusteko borondatea, soilik horrela egin ahal izango dugulako aurrera, eta ez bakarrik Irlanda batua lortzeko ametsean, baita proiektuak eta harremanak eraiki nahi ditugulako ere gure etsai izandakoekin. Hori da bake prozesuaren gakoa; gauzak elkarrekin egiteko gai izatea arte bat da, zientzia bat baino gehiago. Hori litzateke gauza lortzeko bide egokiena, baina horrek ahalegin handia eskatzen du, eta ez bakarrik gure aldetik, baita unionistenetik ere. Euskal Herriko egoera bera ere ez da oso desberdina. Duela aste batzuk izan nuen aukera Donostiako alkatea ezagutzeko. Hura hau baino hiri txikiagoa da, baina amets berak ditu. Nik, Belfasteko alkatea izanik, baditut etsai politikoak, hori ez da aldatzen, hala zen lehen eta hala izango da gero ere, baina elkarrekin aurrera egiteko bidean denek babesten naute. Izaten ditugu eztabaidak, noski, hori beharrezkoa da, baina denok bat gatoz aurrera egin behar dela.

Dena den, bide horretan izan duzue istilurik ere. Iazko urte bukaeran, esaterako, Ingalaterrako bandera udaletxeko balkoitik kentzeko erabakia ez zuten begi onez ikusi zenbait unionistak.

Beti agertzen dira erronkak bake prozesuetan, eta beti izango da hura zalantzan jarriko duenik. Horixe gertatu zen joan den abenduan, udal kontseiluak bandera kentzea erabaki zuenean. Hiritar talde bat elkartu zen, garai bateko Belfast hura berreskuratu nahian, eta beste aldean elkarrekin aurrera egin nahi zuten taldeek hainbat ekintza antolatu zituzten, etorkizun baketsuaren aldeko aldarri modura. Istiluak izan ziren, eta manifestariek Poliziari eraso zioten, baita politikariak iraindu ere. Baina hura amaitu zen, eta argi geratu zen hiriko jende gehienak aurrera egiteko gogoa zuela. Pentsatzen dut antzeko arazo ugari izango dituzuela Euskal Herrian ere. Han ere badira prozesua oztopatu nahi dutenak, eta gure lana da oztopo horiek gainditu eta aurrera jarraitzeko bideak zabaltzea.

AEBetako presidente Barack Obamak berak adibidetzat jarri zuen Irlanda iparraldeko bake prozesua, baina bidearen zein tokitan zaudete orain?

Inoiz gertatu zaidan gauzarik hoberena da, urte oso ilunen ostean, bakea ezagutzeko aukera izatea, bakea hautatzeko aukera eman izana, iraganera itzultzea, urte beltzetara bueltatzea, jadanik ez delako aukera bat, ez behintzat niretzat. Bakea eraikitzeko, bestetik, beharrezkoak dira ahalegin txiki ugari; beharrezkoa da lanpostuak sortzea, beharrezkoa komunitateari laguntza ematea, eta, batez ere, aukerak sortzea. Hori da gure helburua Belfasten, politikaz baliatuta etorkizuna eraikitzea, hiria askoz ere leku hobea delako gerra amaitu denetik. Lan asko egin dugu 1994tik prozesuak aurrera egin dezan, eta ziur nago gerora ere erronka zailak izango ditugula, baina horiek gainditzeko ere lan egiten jarraituko dugu, bake prozesuak arrakasta izango badu egunero lan egin behar delako.

Belfast aipatu duzu; zeintzuk dira zure asmoak urte honetarako?

Nire leloa da: Belfasten etorkizuna eraiki, elkarrekin . Era horretan denentzako tokia izango duen eremu bat sortzeko, batzuetan gertatzen delako gai batek hiri bat banatzea. Hori bera gertatu zen abenduan banderaren auziarekin, baina berdin gerta daiteke kultur ekitaldi batekin edo tradizio jakin batzuekin, eta jakin behar dugu desberdintasun horiek gainditzen. Gai izan behar dugu batasuna lortzeko hiriko eremu guztietan, hasi auzo unionistenetatik eta errepublikanoetaraino. Horregatik, nire lehentasuna da bakea sendotzea. Ziurtatu behar dugu prozesua sendoa dela, eta horretarako egin beharreko lehen gauza da lanpostuak sortzea. Baditugu bestelako proiektuak ere, gazteei laguntzeko edota turismoa erakartzeko, baina, lehen esan bezala, bakea da lehena. Uste dut buruzagitzak ematen didala hori lortzeko aukera; aukera erakusteko Belfast berpizteko gai garela, Bilbok eta Donostiak egin duten moduan.

Lehen zuk esan duzun moduan, Irlanda bakarra da errepublikanoen ametsa, baina nola lortu hori?

Berez, galdera hori hobeto erantzungo luke Sinn Feineko bozeramaileren batek, nik Belfasteko alkate gisa hitz egiten dudalako orain, eta, beraz, ez alderdi bateko kide moduan. Baina errepublikanoa naiz betidanik, eta bat nator alderdiaren oinarriekin. Ni 1987an heldu nintzen lehenengoz Belfasteko udal kontseilura. Nire lehen bilerara sartu nintzen, eta hamar minuturen buruan Poliziak atera egin ninduen. Egun haietan balentzako atorra eraman ohi nuen egunero beroki luze baten azpian. Nire lagun eta lankide asko tiroz hil edo zauritu zituzten Sinn Feineko ordezkariak zirelako. Kasu askotan haien familiak ere tirokatu zituzten. Bidaia luzea izan da ordutik hona. Duela 30 urte zinegotzi bakarra genuen, eta gaur egun Belfasteko alderdi nagusia gara. Aldaketa horiek guztiak onerako izan dira.

Zuk harreman estua duzu Euskal Herriarekin.

Bai, noski.

Nola ikusten duzu hemengo bake prozesua? Zein aholku emango zenieke politikari eta herritarrei?

Uste dut badagoela esperantzarako arrazoirik, bake prozesuak defendatzaile asko eta garrantzitsuak dituelako. Guk maite ditugu euskaldunak, eta ulertzen dugu haien independentzia nahia. Horregatik, gure esku dagoen guztia egingo dugu prozesua babesteko eta, batez ere, Espainiako Gobernua aurrera egitera adoretzeko eta negoziazio prozesuan parte har dezaten bultzatzeko. Esango nieke euskal ordezkariei sendo eusteko euren nahiari, eta lanean jarraitzeko bakea lortu arte, halako prozesu batek etsai asko izan ohi dituelako eta horiek etengabe ariko direlako oztopoak jartzen. Konfiantza dugu euskaldunengan; lortuko dute erronka horiek gainditzea, baita justizia eta independentzia erdiestea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.