Gaza hegoaldea bonbardatu du beste behin Israelek. F-16 hegazkinak baliatu ditu horretarako eta bonbardaketen ondorioz bi lagun hil eta lau zauritu dira. Bi egunez jarraian egin ditu bonbardaketak. Egipto eta Gazaren arteko mugaren azpian dauden tunelak suntsitu asmo zuen Israelek. Bertatik ekintzaile palestinarrek armak sartzen dituztela salatu eta bonbardaketan horregatik egin dituela adierazi du Tel Avivek. Bonbak, baina, errefuxiatu gune batean erori dira: Rafan. Israelen arabera atzo hiru tunel suntsitu zituzten eta bezperan beste bi.
Hamasek 2007ko ekainean lurraldearen gaineko kontrola bereganatu zuenetik erabat blokeatuta dago Gaza. Tunelak elikagaiak, erregaiak eta bestelakoa sartzen baliatzen dituzte palestinarrek.
Gaza iparraldean, berriz, nekazari palestinarrak tirokatu zituen armadak. Khan Junis errefuxiatu gunetik gertu ari ziren lanean, baina muga zeharkatzekotan zirela argudiatu du Israelek. Ekintzaile palestinarrek, bien bitartean, koheteak jaurti zituzten atzo eta herenegun Israelera.
Israelek eta Hamasek aldi baterako su-etena hitzartu zuten iragan urtarrilaren 18an, baina bi aldeek urratu dute menia hilabeteotan. Israelek Gazan egindako azken erasoaldi handiaren ostean hitzartu zuten su-etena. Iazko abenduaren 27an hasi zen erasoaldia eta orotara 1.400 palestinar hil eta beste 5.000 zauritu zituen Israelek. Gazako Osasun Ministerioak emandako datuak dira horiek.
Gaza hegoaldea bi egunez bonbardatu eta bi palestinar hil ditu Israelek
Mugaren azpian palestinarrek armak sartzeko egindako tunelak suntsitu asmo zuela esan du Israelek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu