Ekialde Hurbila

Gazako Barne Ministerioa eta unibertsitatea bonbardatu ditu Israelek, eta beste hamabi lagun hil

Bi erakunde horiek Hamasen menpe daudela argudiatu du Olmerten gobernuak erasoa justifikatzeko. Lurreko erasoa prestatzen ari da Israelgo Armada. Dagoeneko gutxienez 345 dira hildako palestinarrak.

2008ko abenduaren 29a
17:56
Entzun
Israelgo armadak aurrera jarraitzen du Gazaren kontrako erasoaldiarekin, eta Barne Ministerioaren egoitza -Ismail Hania Hamaseko gobernuburuaren bulegoa han dago- eta unibertsitate bat bonbardatu ditu goizean. Zazpi lagun hil ditu, gehienak haurrak eta emakumeak. Arratsaldean Abasan al Kabira herrira bota ditu bonbak, eta bost lagun hil ditu -haien artean, ume bat-.

Hamasen menpekoak direla esanez justifikatu ditu Barne Ministerioaren eta unibertsitatearen bonbardaketa Israelgo Gobernuak, eta Hamaseko ekintzaileek Khasam koheteen bidez egiten dituzten erasoetatik israeldarrak babesteko eskubidea duela nabarmenduz. Ildo horretatik, erasoaldia oraingoz ez dutela etengo iragarri du Mark Regev Ehud Olmert lehen ministroaren bozeramaileak; zehazki, "Israel hegoaldeko herritarrak koheteekin egindako erasoen beldurretik askatu arte" jarraituko dutela bonbardaketekin esan du, eta beste hainbat egun iraun ditzakeela erasoaldiak. Zenbait iturriren arabera, lurreko erasoa prestatzen ari da Israelgo armada, eta 6.000 erreserbista mobiliza ditzake.

Hamasek su-etena bertan behera utzi, eta joan den larunbatean hasi zuen erasoaldi handia Israelek. Dagoeneko gutxienez 345 palestinar hil dituzte, asko eta asko zibilak. Zauritu, berriz, 1.600.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.