Gazako haurrak, erasoen erdian

Sei egunetan, ehundik gora palestinar hil ditu Israelgo armadak, tartean adin txikiko 24; lau hildakotik bat haurra zenHamasek esan du berak jarritako baldintzetan soilik onartuko duela su-etena

Samara Velte.
2012ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
«Israelek su-etena eskatu du, guk ez». Ziur mintzatu da Khaled Meshal Hamaseko burua; ez du espero Israel Gazari lurretik oldartzerik. «Lurreko gerra batekin mehatxu egiten ari zaigu,baina badaki horrek ondorio hilgarriak baino ez dituela izango». Bientzat. Meshal bi bandoez ari baitzen, atzo Kairon egindako adierazpenetan; haren arabera, Israelek su-etenerako zirriborro bat eman die Egiptoko zerbitzu sekretuei, haiek bitartekari lanak egin eta Hamasi helaraz ziezazkioten. Erantzuna, ordea, argia da Meshalen ahotan: «Gerra hasi duenak bukatu behar du, eta su-etena gure baldintzetan heldu behar da». Horretarako aukerak ikusten ditu, baina baita aireko erasoak handitzeko ere. Haaretz kazetaren arbera, Israelgo ministro nagusiak bart ziren biltzekoak, su-etenaren baldintzei buruz hitz egiteko.

Azken orduotan 30etik gora palestinar hil diren arren, Gazako herritarrak eta erresistentzia «adoretsu» daudela esan du Meshalek. Herrialde musulmanen babesa sentitzen dute, eta nazioarteko mezuek ere aditzera ematen dute Israelek ez duela benetan tropak Gazan sarrarazteko asmorik.

Kaltea, ordea, hazten doa egunez egun. Atzo, eguna argitzerako, bederatzi ziren jada gaueko bonbardaketek utzitako hildakoak. Azken orduotan, indar handiagoz egin diete eraso ustez Hamaseko kideenak diren eraikinei. Israelgo armadak esan du 80 «leku terrorista» bonbardatu dituela, besteak beste, misilak jaurtitzeko baseak, talde armatuek erabiltzen dituzten tunelak eta entrenatzeko guneak.

Hainbat hedabideren egoitza den dorreari ere egin diote eraso Gaza Hirian; hamalau solairuko eraikina da, eta bertan zeuden, besteak beste, Hamasen menpeko Al-Aqsa telebista katea, Al Arabija eta beste zenbait hedabide arabiar. Eraikina bonbardatua zuten aurretik, baina hala ere bazeuden kazetari batzuk barruan, han baino ezin zezaketelako lan egin. Haietako bat hil egin da, eta gutxienez sei zauritu dira. Israelgo armadak esan du Jihad Islamikoko kide garrantzitsuak zeudela eraikin horretan.

Ehundik gora hildako

Zibilez beteta dauden «leku terroristak» dira bonbek harrapatzen dituztenak. Hamasen Osasun Ministerioaren arabera, Israelek erasoa hasi zuenetik —asteazkenetik— ehundik gora dira hango armadak hil dituen palestinarrak, eta 900 inguru, erasoetan zauritutakoak. Ehun horietatik 24 adin txikikoak dira: lau hildakotik bat haurra da.

Atzoko gertakari larrienak Gaza Hirian izan ziren: familia bateko hiru kide hil ziren, misil batek haien etxea suntsitu zuenean. Lau urteko umea zen bat, eta hemeretzi urteko gaztea bestea. Egiptoko mugan dagoen Rafah hirian gutxienez hiru pertsona hil ziren, eta Gaza iparraldean hamabost zauritu zituzten.

Lekukoek berri agentziei adierazi dietenez, prozedura antzekoa izan ohi da eraso gehienetan: lehenik, abisu moduko misil bat jaurtitzen du Israelgo armadak, herritarrei irteteko denbora pixka bat utziz. Gero, eraikina bonbardatzen dute.

Asko, ordea, etxetik irten ezinik daude. Save The Children Gobernuz Kanpoko Erakundeak ohartarazi du «milaka» familia daudela egoera horretan: argindar etenaldi luzeak izaten dituzte, eta batzuetan ez dute edateko eta jateko nahikorik. Familia horietako haurrentzat, Israelen erasoaldiak «ondorio suntsitzaileak» izan ditzakeela abisu eman du elkarteak: «Familia askok lau egun daramatzate etxeetan harrapatuta, ez direlako gai irteteko, ezta oinarrizko elikagaiak lortzeko ere». Gazan bizi diren 1,7 milioi herritarren erdiak adin txikikoak dira.

Kanpotik, su-eten eske

Gazatik heldutako datuek Mendebaldea ere bigundu dute zertxobait. EB Europako Batasuneko Atzerri ministroek adierazpen bateratu bat egin dute, bi aldeei «eraso guztiak berehala amaitu» ditzatela eskatuz: «Oraingo egoerak agerian uzten du beste behin behar-beharrezkoa dela bi estatuko irtenbide baterako urratsak egitea, bi aldeei elkarren ondoan bakean eta segurtasunez bizitzen utziko diena». Dena den, Mendebaldearen jarrerari eutsi dio EB osatzen duten 27 herrialdeetako ordezkariek sinatutako dokumentuak: Israelek «bere herritarrak defendatzeko eskubidea» duela nabarmentzen du, baina «neurritasunez» jokatu behar duela, zibilen babesa bermatuz». Catherine Ashtonek ere, Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasunerako ordezkariak, babestu egin du «epe luzera» bi estatu sortzeko asmoa.

Edonola ere, oraingo egoera amaitzeko, su-etenaren alde egin dute guztiek. Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia Kairora heldu zen atzo. Datozen egunotanbi bandoekin biltzeko asmoa du: Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin alde batetik, eta Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruarekin bestetik.

Kairo ez da kasualitatez izan Banen lehen geltokia. Egiptok lehendik ere bete izan du Israel eta Palestinaren arteko bitartekari funtzioa, eta oraingoan ere hori espero du Mohamed Mursi presidentearengandik. Gainerako herrialde musulmanen gisan, Mursiren babesa dute palestinarrek. Arabiar Emirerri Batuena ere bai: arazo nagusia Israelen okupazioa dela esan zuen atzo Abdala bin Zayed al Nayhan Atzerri ministroak. Mendebaldeari arduraz jokatzeko ere eskatu zion. Harago joan zen Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroa: Israeli «estatu terrorista» izatea leporatu zion, eta nazioarteari, sarraskia ikusi nahi ez izatea: «Ez naiz batere fio Nazio Batuez».

Pulpituetatik ez ezik, kaletik ere eskatzen dute erasoak gelditzeko. Maan berri agentziaren arabera, Zisjordaniakohainbat hiritan istiluak sortu dira Israelgo Polizia manifestari palestinarrei oldartu zaienean; zaurituak 55 dira gutxienez. Haietako bat, 28 urteko palestinarra, larri eraman zuten atzo ospitalera, balaz zaurituta; iluntzerako hil zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.