Beit Hanunen (20.000 biztanle ditu) Israelgo armadak goizaldean jaurtitako bonbek lotan edota etxetik atera nahian harrapatu zituzten familia bereko 13 kide eta beste hainbat zibil. Itxuraz, hiritik kilometro batera dagoen eremu bat zuten jomuga bonbek; Tel Avivek dio handik ekintzaileek Kassem koheteak jaurtitzen dituztela Israelera. Halere, Tel Avivek ez du azaldu bonbardaketa etxebizitzen kontra zergatik egin zuen.
Horrez gain, ondoko hirian, Beit Lahian, frankotiratzaile israeldar batek 17 urteko palestinar bat hil zuen. Lekukoen esanetan, «besterik gabe» tirokatu zuten hura.
Zisjordanian ere hildakorik eragin zuten atzo israeldarrek. Janin barrutiko Jamun herrian zibil bat hil zuen lehenik, tiroz, eta gero Al Aksako Martirien Brigadetako lau ekintzaile atxilotu zituen, haiek aterpetuta zeuden etxean sartu ondoren. Lekukoen hitzetan, atxilotuak «odol hotzean» hil zituzten gero soldaduek.
Ordu batzuk geroago, Gaza hirian bi ekintzaile hil eta beste bat zauritu zuen Israelgo armadak, haien autoaren kontra misil bat jaurtita.
HAMASEN SU-ETENARENAK EGIN DU. Horiek horrela, eta bereziki Gazako sarraskien harira, Hamasen adar armatu Izzeddin Al Kassem Brigadek duela urte eta erdi bere kasa ezarritako su-etena «bukatu» dela nabarmendu du taldearen politburoko buruzagi Khaled Meshaalek, Siriako erbestetik. Gainera, Gazako sarraskituak mendekatzeko eskatu die erresistentziako taldeei. Gazako erasoen erantzukizuna, Israeli ez ezik, AEBei eta estatu arabiarrei egotzi die, AEBek erasoei babesa eman eta gobernu arabiarrak «erabat isilik» egon direla salatuta. Israelgo agintariak epaitzeko nazioarteko auzitegia osatzeko eskatu du, halaber, Meshaalek, Gazako eskualdean eginiko gerra krimenengatik.
Hamaseko beste goi buruzagi batek, Nezar Rajjanek, Israelen eraso suizidak egiteari eta soldadu israeldarrak preso hartzeari berriz ekitea galdegin die ekintzaileei. «Aukera guztiak daude zabalik, eta krimen hauei erantzuteko zilegi dira».
Bitartean, Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbas erasoaldiari «sarraski» iritzi, eta Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluari Israelen erasoak gerarazteko «berehala» esku hartzeko eskatu dio. «Israelek, bakea eta segurtasuna lortzeko asmoa badu, odol palestinarra isurarazteari utzi egin behar dio». PANeko lehen ministro Ismail Haniak, bere gobernuaren larrialdiko bilera baten ondoren, batasun nazionaleko gobernua osatzeko elkarrizketak oraingoz bertan behera uztea erabaki du. Lehentasuna Beit Hanungo biktimei laguntzea dela esan du.
Kaleetan, 2.000 emakume palestinar inguruk hilketak gaitzesteko manifestazioa egin zuten atzo Gaza hirian. Era berean, Gush Shalom talde bakezale israeldarrak deituta, protesta ekintzak ziren egitekoak Tel Aviv eta Haifa hirietan (azken hori hiri mistoa da).
TEL AVIVEN «DAMUA». Israelgo lehen ministro Ehud Olmertek eta Defentsa ministro Amir Peretzek «damua» adierazi dute Beit Hanungo zibilen heriotzengatik, eta armadak ikerketa agindu du. Gainera, beren armadak bonbardaketak egin ondoren, hark eragindako zaurituak laguntzeko, Gazara «giza laguntza» bidaltzeko prest agertu dira Olmert eta Peretz.
Halarik ere, Olmerten gobernuak ez du bere gain hartu hilketen erantzukizuna, eta talde armatu palestinarrei egotzi die errua: «Erantzukizun osoa populazio zibila giza ezkutu gisa erabiltzen eta beren koheteak eremu populatuen babesetik jaurtitzen dituzten erakunde terroristetan datza».
Gush Shalomeko buru eta diputatu ohi Uri Avneryk, ordea, gogor salatu du Tel Aviven ekinbidea: «Urte osoan Israelen inor hil ez duten koheteen jaurtiketagatik ustez emandako erantzun gisa, astebetean ia ehun palestinar hil ditu [Israelgo] armadak. Triskantza gelditzeko eta hautatutako gobernu palestinarrarekin berehala elkarrizketak hasteko eskatzen diogu [Israelgo] Gobernuari, su-eten osoa lortzeko eta presoak askatzeko, bakerako eta okupazioa bukatzeko negoziazioetarako bide izateko».
Bestalde, Israel Zisjordanian eraikitzen ari den banaketa hesiaren aurkako nazioarteko eguna da gaur; Nazioarteko Justizia Auzitegiak legez kanpokotzat joa du.
Erasoen ondoren, beren buruei eusteko eskatu diete AEBek Israeli eta PANi
Beit Hanunen kontrako bonbardaketaren ondotik, beren buruei «eusteko» eta zibil errugabeei zeinahi kalte eragozteko deia egin zien atzo Etxe Zuriak Israelgo Gobernuari eta Palestinako Aginte Nazionalari. Gainera, Tel Avivek zabaldutako ikerketa «bizkor» burutzeko esperantza adierazi zuen AEBetako Gobernuak. «AEBek benetan sentitzen dute gaur [atzo] Gazan izandako bizi galera», esan zuen Gordon Johndroe eledunak.Liga Arabiarreko idazkari nagusi Amr Mussa, berriz, «harrituta» agertu zen «Israelek eginiko sarraskiak ikusita nazioartea eta bereziki Laukotea isilik daudelako». Laukotea AEBek, Europako Batasunak, NBEk eta Errusiak osatzen dute. John Dugard Israelek 1967an okupatutako lurralde palestinarretarako NBEk duen ordezkariak, aldiz, errieta egin zion nazioarteari, Israelek ekainaren 25etik Gazako eskualdean eragindako heriotza eta kalte materialen aurrean deus egin ez duela salatuta. Ekainetik Israelgo armadak 300 palestinar inguru hil ditu (asko zibilak), 1.000 inguru zauritu, eta etxebizitza, eraikin publiko zein pribatu, soro, baratze eta azpiegiturak suntsitu ditu. «Nazioarteak ez die kasurik egin populazioari -eta ez PANen gobernuari- ezarritako zigor horiei».
EBko goi ordezkari Javier Solanak «hunkigarri» iritzi zien Beit Hanungo hilketei, eta palestinarren batasun nazionaleko gobernua osatzeko eginahalakez trabatzea galdegin zion Tel Avivi. Siriak, aldiz, NBEren esku-sartzea eskatu zuen.