Mundua

Gazan palestinar bat hil da, eta Hamaseko diputatu baten etxeari eraso diote

Polizia iturrien esanetan, kafetegi batean bonba batek eskuartean eztanda eginda hil da ustezko erasotzaileetako bat. Al Fatari leporatu diote erasoa.

2008ko uztailaren 25a
16:09
Entzun
Gaza hirian palestinar bat hil da gaur, Al Gazira kafetegian lehergailu batek eztanda eginda. Minutu gutxira, Hamaseko diputatu baten etxeari eraso diote, baina ez da inor zauritu.

Hamasen kontrolpeko Palestinako Aginte Nazionaleko Poliziaren eledunak, Islam Shahuanek, nabarmendu du "informazio aski" dutela Al Fatako kide batzuek erasoekin zerikusia dutela esateko. Helburua Hamasek Gazan dituen buruzagien kontra egitea dela zehaztu du. Hamasi lotutako poliziak hainbat lagun atxilotu ditu erasoak gertatu eta gutxira. Shahuanen hitzetan, lehenbiziko leherketan hil den gizona bonba jartzera zihoan, eta eskuartean egin dio eztanda.

Maruan Abu Rass Hamaseko diputatuaren etxearen aurrean zartarazi dute bigarren bonba. Talde islamista izan zen alderdi palestinarrik bozkatuena 2006ko bozetan, eta iazko ekainean Al Fataren kontrolpeko poliziari indarrez nagusitu zitzaion, Gaza eskualdeko botere eta polizia gune guztiak hartuta. Lehenago eta geroztik ere, Al Fatarekin eta Gazako klan batzuekin borroka ugari izan ditu Hamasek, iaz bereziki.

Erasotzaileak Al Fataren ingurukoak direla baieztatu bitartean, ezin dira beste erantzule batzuk baztertu. Baliteke ere Israelgo armadako mistarabim unitate bereziren bat (arabiar itxuraz jantzitako zerbitzu sekretuetako kideak) egotea erasoaren atzetik, iraganean halako atentatuak egin izan baitituzte. Nolanahi ere, Israelgo armadak ez du adierazpenik egin Gazako bi eraso hauen gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.