Gazako blokeoa

Gazara sartzen saiatu diren ekintzaileak aske uzteko kanpaina abiatu dute

Zaytouna ontzian zihoazen hamahiru emakumeetatik, 11 Israelgo Moshmoret espetxean daude orduotan. Tel Avivek jakinarazi du "ahalik eta azkarren" kanporatuko dituztela. Bideoa: Madeleine Habib ontziko kapitainaren laguntza eskea. [youtube]https://youtu.be/WKmhVJF1vKo[/youtube]

2016ko urriaren 6a
15:30
Entzun

Gazako blokeoa gainditzen ahalegintzea, baina, batez ere, hura salatzea zuen helburu Zaytouna ontziak, eta lortutzat eman dute xedea bertan zihoazen hamahiru emakumeek. Izan ere, esperotakoa gertatu da, alegia, Israelgo armadak ontzia atzeman du hura Gazako kostaldera heldu baino lehen, eta atxilotu egin ditu bertan zihoazenak. Ordea, preso hartutakoen artean Mairead Maguire 1976ko Bakearen Nobel sariduna egoteak azkar zabaldu du albistea sare sozialetan. 

Gertatutakoa salatu eta ekintzaileak aske utz ditzatela eskatzeko, nazioarteko kanpaina bat jarri dute abian Women's Boat to Gaza ekimeneko kideek. Ontzia atzeman aurretik grabatutako hainbat bideo egin dituzte publiko, eta horietan ekintzaileek eskatzen diete ikusleei idatz diezaietela euren gobernuei haiek askatzeko esku har dezaten.

Iluntzean zen iristekoa ontzia Gazako kostaldera. Ordea, Tel Avivek geldiarazi egin zuen itsasontzia, eta Ashdodeko portura eraman. Iturri ofizialek jakinarazi dutenez, portua eremu militar izendatzen dute halako kasuetan.

Orotara ontzian hamahiru emakume zihoazen arren, horietatik bi, Al Jazeera-ko kazetariak, etxerako bidean dira jada. Aldiz, gainontzekoen aurka urruntze agindua ezarri du Israelek, eta bi aukera eman dizkie: agindua "boluntarioki" sinatu eta etxera itzultzea, edo prozedurari uko egin eta justiziara jotzea.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.