Gazari gogor erasotzen jarraituko duela ohartarazi du Israelek

Tel Aviven azken erasoak lau hildako eragin ditu, eta misilak jaurtiz erantzun dute Gazatik

Erredakzioa
2012ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Herenegun goizaldean Israelek Gazaren aurka hasitako erasoak gutxienez lau hildako eragin ditu, bonbardaketak zein artilleria erabilita. Hamar zauritu ere izan dira, behintzat. Hamasen gobernuaren segurtasun arloko arduradunen arabera, lau hildakoak milizianoak ziren,eta horietariko hiru Al-Qassam Hamasen indar armatuaren brigadakoak.

Palestinarrek 67 kohete jaurtita erantzun diote erasoari, eta thailandiar jatorriko hiru jornalari zauritu dituzte Kisufim kibbutzeko lurretan beharrean ari zirela. Bi larri, Tel Aviven arabera.

Israelgo agintariek ikastetxeak ixtea erabaki dute, Gazako mugatik hamar kilometro baino gutxiagoko eremuan. Simon Peres Israelgo presidenteak ez direla «geldi geratuko Israel erasota» den bitartean esan du, eta Gazak «garatu, edo terrorismo eta hilketa gune izaten jarraitu» nahi duen aukeratu behar duela gaineratu.

Mehatxuzko berbak izan ditu Gideon Saar Hezkuntza ministro israeldarrak ere, eta kohete jaurtitzaileei «garesti ordainarazi behar zaiela» esan du, «Israelgo zibilei eraso egin aurretik ondo pentsarazteko». Israelek herenegun adierazi zuen gogor erantzungo zuela patruilatzen ari zen soldadu bati lehergailu batek zauriak eragin ostean.

Salah al-Bardawilek, Hamasen Gazako buruetariko batek, Qatarreko emirraren bisita dela-eta ekin diola Tel Avivek erasoari uste du: «Israelen amorruaren erakusgarri bat da, emirraren bisita arrakastatsua dela eta».

Azken egunotan hainbat herrialdetako agintariek adierazpenak egin dituzte Palestinako egoerari buruz. Txinako ordezkari bat bertan izan zen hilabete honetako 19tik 22ra bitartean, eta Txinako Atzerri ministro Hong Leik kolonia berrien eraikuntza bertan behera uzteko eskatu du. Europako Batasuneko diplomazia arduradun Catherine Ashton ere atzo izan zen bertan, Israelgo goi karguekin, Mahmud Abbas presidente palestinarrarekin eta Salam Fayyad lehen ministroarekin elkartzeko, tentsio egoera ezegonkor baten erdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.