Ekialde Hurbila. Gazaren aurkako erasoa

Gazatik jaurtitako misil bat Jerusalemera iritsi da lehen aldiz

Israelgo armadak 600 eraso baino gehiago egin ditu hiru egunean, eta hildako palestinarren kopurua 27ra igo daEgiptoko lehen ministroa Hamaseko gobernuburuarekin elkartu da, Gazan

mikel rodriguez
2012ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Bezperan Tel Aviven gertatu bezala, Jerusalemen ere sirenen soinua aditu zuten atzo Golkoko Gerraz geroztik lehenbiziko aldiz. Gazatik jaurtitako misilak juduen eta palestinarren hiri nagusiraino ailegatu ziren, historian lehenbizikoz. Israelgo iturriek gutxienez leherketa baten berri eman dute, Zisjordaniako Gush Etzion kolonian gertatua, Jerusalemetik gertu —ez du biktimarik eragin—. Hamasek bere gain hartu du misil bat jaurti izana, eta helburua Knesset-a (Israelgo parlamentua) zela zehaztu. 2009an Israelek Berun urtua operazioa abiarazi zuenean erakutsi ez zuen erantzuteko ahalmena erakutsi du oraingoan alderdi islamistak. Hala ere, biek eragindako suntsipenean alde nabarmena dago: hiru egunean, Hamasen misil jaurtiketek hiru israeldar hil dituzte, eta anitzetan, jenderik bizi ez den eremuak jo; Israelek, ordea, gutxienez 27 palestinar hil ditu, zibilak bizi diren eremuak suntsitu, nahi izan duenean Hamaseko kideen aurkako eraso zehatzagoak egin, eta bere makineria militar erraldoia Gazan sartzeko prest paratu du.

Israelgo armadak dioenez, Babeserako oinarria operazioaren lehen 72 orduetan 600 eraso baino gehiago egin ditu Gazan. Atzo ere ia egun osoan aritu zen jaurtigaiak botatzen; aireko armadak, adibidez, bi ordu eskasean 40 eraso egin zituen. Jonathan Marcus BBCko berriemailearen arabera, ilunabarrerako armadako buruek «isilpean» adierazi zuten Hamasen irismen luzeko misil guztiak suntsitu zituztela. Hildako kopuruak goiti egin du. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, gutxienez zortzi lagun hil zituzten atzo bonbardaketetan: Hamaseko lau ekintzaile —bat, adar militarreko buruetako bat—, eta lau zibil, horietako bat hiru urteko umea —jada zazpi dira hildako haurrak—. Ismail Haniye lehen ministroaren etxe ondora ere misil bat bota du Israelek itsasontzi batetik; bizilagunek jakinarazi dutenez, argindar sorgailu bat suntsitu du, eta ez du inor zauritu. Barne Ministerioaren egoitza ere bonbardatu dute.

Lurreko operazioari begira

Atzo ilunabarrean, Israelek aire erasoak gogortu zituela jakinarazi zuten Gazan dauden hedabideetako berriemaileek. Erasoaldia hasi zuenetik, 255 lagun zauritu ditu Gazan, Adham Abu Salmiya larrialdi zerbitzuetako bozeramailearen arabera. Horietako 100 haurrak direla erran du, eta 30 lagun larri daudela.

Aire erasoek eragindako txikizioa nahikoa ez, eta lurreko operazioaren mehatxua ere gainean du Gazak. Buruzagi militarrek jada erreserbako 16.000 soldadu deitu dituzte. Israelgo hedabideen arabera, 75.000 mobilizatzekotan da gobernua. Tropak eta tankeak Gazako mugan kokatzen ari da armada, eta Reuters agentziaren arabera, palestinarrek kontrolatutako lurraldea Israelekin lotzen duten hiru errepide nagusiak itxi dituzte. Yoav Mordejai armadako bozeramaileak azaldu duenez, Beny Gantz estatu nagusiko buruak baimena eman du armadaren unitate erregularrak «lurreko esku hartze baterako presta daitezen». Hala ere, Simon Peres Israelgo presidenteak erran du ez dela beren asmoa «gerrara joatea». «Espero dugu operazio honek behar baino minutu bat gehiago ez hartzea». Argiago mintzatu da Avigdor Lieberman Atzerri ministroa: «Ez dugu su-eten ahul bat lortu nahi, baizik eta atzerako eragin bat sortu».

Hamasek, berriz, Israelera misilak jaurtiz erantzun die erasoei. Jerusalemekoaz gain, atzo bertze bi Tel Aviv ondora ailegatu ziren, baina ez zuten biktimarik eragin. Hamasek hegazkin militar bat bota duela ere adierazi du, baina Tel Avivek ukatu egin du hori. Hiru egunean, Hamasek ehunka jaurtigai bota ditu Gazatik, baina Israelgo armadaren arabera, soilik 30 inguru lehertu dira jendea bizi den eremuetan.

Musulmanak, irmoago

Herrialde arabiarretako eta musulmanetako agintariek duela hiru urte baino irmoago erantzun diote Israelen erasoari. Horren adibide, Egiptoko lehen ministroak atzo Gazara egindako hiru orduko bisita. Hixam Qandil Haniyerekin bildu zen han, eta Xifa ospitalea bisitatu zuen. Kontatu duenez, zaurituak eta hildakoak ikusi zituen han, haurrak barne. «Bisita okupazioarentzako mezu bat da. Gaza ez dugu bakarrik utziko», adierazi du Qandilek. Bisitak iraun bitarterako, su-eten bat hitzartuta zegoen, baina ez zen errespetatu. Bi aldeek elkarri egotzi diote horren errua. Mohamed Mursi Egiptoko presidenteak Israeli egotzi dio «gizateriaren aurkako erasoak» egitea. Tunisiako Atzerri ministro Rafik Abdesslem ere gaur joatekoa da Gazara, elkartasuna agertzeko.

Ramallahetik, Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruak asteburu honetan Gazara bidaiatzeko eskatu dio Nabil al-Arabi Arabiar Ligako idazkari nagusiari. Abbasek erran du hilaren 29an Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusira onarpen eske joateko asmoari bere hartan eutsiko diola. «Israelen erasoak ez dira soilik Hamasen aurkakoak, palestinar guztien aurkakoak baizik». Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak, berriz, Benjamin Netanyahu Israelgoari egotzi dio erasoa urtarrileko bozei begira agindu izana. «Hauteskundeak baino lehen jende errugabe horri tiroka ari dira Gazan, asmatutako arrazoi batzuengatik». Batack Obama AEBetako presidentearekin telefonoz mintzatu zen Erdogan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.