Lur okupatuetan Israelek duen gerran behartuta soldadu izatea errealitate gordina da Israelgo gazte askorentzat; ez dira, ez, denak zeregin horretan gustura murgiltzen. Gero eta gehiagok, gainera, uko egiten diote, ondorioa espetxe zigorra izaten bada ere. Breaking The Silence, New Profile, Shministim eta antzeko taldeek jasotzen dituzte gazteon ukazioaren erabakiak eta laguntza eskaerak, hala nola soldadutza egiten dutenen amesgaiztoaren testigantzak, guztiek gizarte militaritarizatua amaitzea helburu. Israelgo Gobernuarentzat onartezinak dira ahots horiek, eta haien kontra prozedurak etengabeak dira.
Soldadutzatik salbuesteko ekimenak bultzatzeagatik Tel Avivek zabaldu duen lehen prozedura penala New Profileren aurkakoa izan da. Duela bi urte eta erdi abiatu zuen Israelgo Gobernuak, indar hartzen ari zen fenomenoa geldiarazi nahian. Israelgo armadak gazteen jarduera mehatxu bat zela ohartuta, eragozpen kontzientziaren kontrako borrokari ekitea erabaki zuen, eta Menachem Mazuz fiskal nagusiari ikerketa bat egiteko eskatu zion, eta hark onartu egin zuen.
New Profil soldadutza egin nahi ez dutenei egin behar duten bidea azaltzeaz arduratzen da, eta «laguntza moralaz» bide zail hori hartzea erabakitzen dutenei, Israelgo legediaren arabera, delitua baita soldadutza ez egitea, eta zer esanik ez horretara bultzatzea. Baina ikerketa horrek abiapunturako hartu duen aitzakiaren arabera, New Profilek soldadugaiei armadaren aurrean eman beharreko argudioak prestatzen dizkie, burutik gaixo daudela-eta trikimailuak erakusten dizkie, eta hori traizioa da.
Armadak ziurtatzen du, bertako osasun zerbitzuen argudioetan babestuta, talde horietako ekimenak fruituak ematen ari dela. 2005ean soldadutzara ez joatea erabakitzen zutenen kopurua %24 zen, eta 2010ean, %35. Herriaren alde borrokatzeaz harrotasuna ez dela garai batekoa ikusita, 2007an kanpaina gogor bat hasi zuten, Ehud Barak Defentsa ministroak eta Gabi Ashkenazi armadaburuak gidaturik. Orduz geroztik, hainbat taktika bideratu dituzte, besteak beste, motibazioa handitzeko iragarkiak komunikabideetan, egiten ez dutenen kontrako propaganda, eskoletako arduradunekin harreman eta jarraipen estuagoa, eta soldadutzara ez doazen artisten kontrako jazarpena. Ashkenazik esana da «orain berriena da lotsa galdu dutela», edo Barakek beste hau: «Ekintzok zigortzea merezi dute». Eta horretan ari dira inoiz baino gehiago. Gazteok hainbat alditan izaten dituzte espetxeetan bakartuta, soldadu jantziarekin.
Suizidioa
Azken hamarkadan bere buruaz beste egin duten soldaduen kopurua borrokan modu batera edo bestera hil direnena baino «askoz handiagoa» izan dela dio Breaking The Silencek, baina datu zehatzak armadak ezkutatu egiten ditu. Berun Urtua 2008ko abenduaren amaieran hasi zen, eta hilabetez Israelek Gazari egin zion gerran ere bere buruaz beste egin zuten hainbat soldaduk, palestinarrei egiten ari zirena ezin jasanda —1.400 palestinar hil zituzten—. Orduan, izenik eman gabe, 26 soldaduren testigantzak jaso zituen Breaking The Silencek, han egin ziren sarraskiez, gertaera bakanak izan ez ziren gerra krimenez. Erakunde horren salaketak min eman zion armadari.
Derrigorrezko eskola amaitu ostean iristen da armadarekin pentsatzen hasteko unea, eta Shministim taldea adin horretan dauden gazteen ezinegonari eta protestari forma emateko sortu zen 2004an. Hurrengo urtean 250 gaztek eskutitz bat idatzi zioten Israelgo lehen ministroari, Palestinako lurren okupazioan eta hango herritarren aurka egiten ez zutela parte hartuko esanez. «Israelgo neska eta mutilok demokraziaren eta aniztasunaren balioetan sinesten dugulako erabaki dugu Israelgo Gobernuaren okupazio eta errepresio politikaren parte ez izatea». Urtero ikasketak amaitu eta bide hori hartzea erabakitzen duten gazteek gauza bera egiten dute. Publikoki azaltzen dute ez joateko erabakia, espetxearekin ordainduta ere.
Gazteak, lotsaren kontzientzia eragozten
New Profile, Breaking The Silence eta beste batzuek babesa ematen diete soldadu direnei edo izan nahi ez dutenei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu