Alassane Ouattararen aldekoek Abidjan hartu dute (Boli Kostako hiri handienetako bat ), bart Gbagboren hainbat egoitzaren aurka eraso handi bat jo ondoren. Erasoaren ondorioz, Laurent Gbagbo bere etxeko sotoan babestu da, familiarekin, BBC telebista kateak jakinarazi duenez. Ouattararen aldekoek orain eraikina inguratuta daukate, eta, Frantziak jakinarazi duenez, errenditzea negoziatzen ari da. Ouattararen bozeramaileak gaineratu du Gbagbo harrapatuz gero atxilotu eta epaileen esku utziko dutela.
Ouattarak hauteskundeak irabazi zituen azaroan, baina, Laurent Gbagbo ordura arteko presidenteak agintea utzi nahi ez duenez, borrokan ari dira. Abidjanen sartzeko, nazioartearen laguntza izan du Ouattarak. Gatazka hasi zenetik, zilegitasuna Ouattarari aitortu dio nazioarteak, eta atzo Frantziak eta NBEk Boli Kostan duen misioak airetik eraso zioten Gbagbori. NBEko idazkari Ban Ki-moonek eskatuta erabaki zuen Frantziak erasoan parte hartzea. "Zibilak babestea" omen zuen helburu erasoak. Misilak erabili dituzte.