Gbagbok hilaren 13ra arte luzatu du etxeratze agindua Boli Kostan

Jarduneko presidenteak eta oposizioko buruak lehen ministroak hautatu dituzte, bakoitzak bere aldetik

Erredakzioa
2010eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Nazioarteak gerra saihesteko deia egin duen arren, tentsioa handia da Boli Kostan. Laurent Gbagbo jarduneko presidenteak etxeratze agindua luzatzea erabaki du. Iragan azaroaren 27an paratu zuen neurria indarrean, eta, atzo, hilaren 13ra arte luzatzea erabaki zuen. 22:00etatik 06:00etara egonen da etxetik ateratzeko debekua, herrialde osoan. Telebistatik eman du horren berri.

Joan den asteburuan bai Gbagbok, bai Alassane Uattara haren lehiakideak presidente izendatu zuten norbere burua, eta bakoitza bere gobernua osatzen hasi da. Biek izendatu dituzte, adibidez, lehen ministroak: Gilbert Marie Ngbo Ake hautatu du Gbagbok, eta azken lehen ministroari, Guillaume Sorori, eman dio kargua berriz ere Uattarak.

Gbagboren aurkako mobilizazio gehiago egon ziren atzo, eta istilu larriak izan ziren. Issian, herrialdearen hego-mendebaldean, zazpi lagun hil ziren Gbagboren eta Uattararen aldekoen arteko istiluetan. Azaroaren 28ko hauteskundeetatik, hogei lagun hil dira istiluetan.

EBren zigor mehatxua

Krisiari «irtenbidea azkar» eman ezean, Boli Kosta zigortzeko prest dago EB Europako Batasuna, Atzerri Politikarako eta Segurtasunerako goi komisario Catherine Ashtonek jakinarazi duenez. Horren inguruko argibide gehiago ez ditu eman, ordea. Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak, berriz, Gbagbori deitu dio telefonoz, eta kargua uzteko eskatu dio berriro ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.