Inkesta baikorrenek ere ez zioten hain emaitza onik iragartzen Recep Tayyip Erdogan lehen ministroaren alderdiari. Azkenean, ordea, turkiarrek argi utzi dute AKP Justizia eta Garapenaren Alderdia gobernuan jarraitzea nahi dutela. Botoen %46,5 lortu ditu Erdoganen taldeak asteburuko bozetan, 2002an baino hamar puntu gehiago. Baina, orduan baino diputatu gutxiago izango ditu, 341. Horrek esan nahi du, gehiengo absolutua izan arren, oposizioko taldeen sostengua beharko duela erabaki garrantzitsuak hartzeko, besteak beste, presidentea aukeratzeko. Erdoganek, bestalde, atzo aurkeztu zion gobernuaren dimisioa Ahmet Necdet Sezer presidenteari, zeinak eskatu zion agintean jarraitzeko gobernu berria osatu arte.
Presidentearen aukeraketa izan da, hain zuzen ere, azken krisia eragin duena Turkian. Sezerren agintaldia amaitzear dagoenean, haren hurrengoa aukeratu behar du Legebiltzarrak. Horiek hala, orain arte ere gehiengoa zuen AKPk Abdula Gul aurkeztu zuen hautagaitzat. Gul bera musulmana izateak eta haren emazteak buruko zapia eramateak, ordea, laikotasuna oinarri duen herrialdearen kezka eragin zuen, eta armadak kalera irtenez erantzun zion proposamenari. Oposizioak, berriz, blokeatu egin zuen Erdoganen taldearen proposamena. Presidenteak bizitza politikoan parte-hartze handirik ez badu ere, Legebiltzarrak hartutako erabakiak atzera botatzeko eskumena du.
Askok uste izan dute boz hauek oposizioak gora egiteko balioko zutela. Baina oposizioko talde nagusia den CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoak ez du jakin aukera baliatzen, eta 112 diputatu lortu ditu. Kontuan hartzekoa da, turkiarrek ez dutela begi onez ikusi armadak erabaki politikoetan parte hartu nahi izatea. Hori izan daiteke, hain zuzen ere, Erdoganek halako sostengua jaso izanaren eta parte-hartzea horren altua izatearen arrazoi nagusietako bat. Lehen ministroaren alderdiak irabaziz gero, laikotasuna kolokan legokeela ohartarazteak ez dio oposizioari ezertarako balio izan. Nahiz eta sentipen nazionalistaz baliatu direnak ere izan diren. Adibidez, MHP Ekintza Nazionalistaren Alderdiak botoen %14,2 lortu ditu, duela bost urte baino sei puntu gehiago.
ELKARLANERAKO PREST. Hauteskundeetako lehiaren eta presidente berriaren aukeraketak eragindako liskarren ostean, Erdogan elkarlanerako prest agertu da. Bere alderdiak gehiengo absolutua lortu duen arren, besteen laguntza beharko baitu erabakiak hartzeko. «AKPren alde bozkatu ez zuten herritarrei zuzentzen natzaie. Ziur egon zaitezte, ez du axola nori bozkatu zenioten, errespetatuak izango zarete. Ikuspegi desberdinak izatea da demokraziaren aberastasuna», adierazi du Erdoganek. Horiek hala, hasitako proiektuekin jarraituko dutela ere iragarri du lehen ministroak: «Gure estatu demokratiko, sekular eta soziala gaur egungo zibilizazioaren mailara eramango dugu».
Bozak irabaztea, ordea, lehen urratsa besterik ez da Erdoganen taldearentzat. Oztopo ugari eta handiak gainditu beharko ditu aurrerantzean. Hiru izango diragobernu berriaren lan nagusiak: presidentea aukeratzea, Europako Batasunarekin negoziatzen jarraitzea eta PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aurkako borroka. Azken puntu horrek eztabaida ugari eragingo ditu Legebiltzarrean, hamar urte baino gehiagoan lehen aldiz, kurduek ordezkaritza izango dutelako Legebiltzarrean. PKKrekin lotzen duten Gizarte Demokratikoaren Alderdiak 23 diputatu lortu ditu.
Kurdistango auziak erreakzio ugari eta desberdinak eragin ditu azken asteotan. Iraken menpeko Kurdistandik maiz eraso diete Turkiako militarrei. Ondorioz, armadak behin baino gehiagotan iragarri du Iraken ezkutatzen diren PKKko kideei erasotzeko prest dagoela. Ankarak, ordea, ez dio halakorik egiteko baimenik eman. Baina Erdoganek jada iragarri du «terrorismoaren aurka egitea» izango dela gobernu berriaren helburu nagusietako bat. Hainbat estaturen menpe dagoen Kurdistanen independentzia bilatzen du PKKk.
MENDEBALDEA GUSTURA. EBko kide izateko hautagaietako bat da Turkia. Negoziazioak hasiak ditu jada Ankarak. Baina azken hilabeteetan bien arteko harremanek okerrera egin dute, eta ondorioz, elkarrizketak etenda daude. Hala ere, Mendebaldeak gustura hartu du Erdoganen garaipena. Europako Justizia, Askatasun eta Segurtasunerako goi komisario Franco Frattiniren arabera, Erdogani esker Turkiak urrats garrantzitsuakegin ditu EBko kide izateko: «Erdoganek meritu asko egin ditu, eta bidezkoa da bera izatea Europako Batasunerako bidea jarraituko duena». Hala ere, nabarmendu du asko duela egiteko. «Giza eskubideekin lotutako gai ugari bermatu behar ditu oraindik Turkiak, besteak beste, prentsa askatasuna eta emakumearen rola».
Turkia eta Europako Batasunaren arteko negoziazioak 2005ean hasi zituzten. Orain arte, puntu bakarra hitzartu dute, eta beste hiru negoziatzen ari dira. 35 geratzen zaizkie zehazteko. Negoziazioetarako oztopo nagusiak diren giza eskubideak eta Zipreren auziak, ordea, konpontzeke jarraitzen dute. Hala ere, Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barroso itxaropentsu agertu da. Haren esanetan, Turkiak aukera ezin hobea du orain EBko ateak irekiko dizkioten erreforma politiko eta ekonomikoak egiteko.
«Gure estatu demokratiko, sekular eta soziala gaur egungo zibilizazioaren mailara eramango dugu»
recep tayyip erdogan
turkiako lehen ministroa
«Eskubideekin lotutako gai ugari bermatu behar ditu oraindik Turkiak, besteak beste, prentsa askatasuna»
franco frattini
EB-ko justizia, askatasun eta segurtasunerako goi komisarioa
Gehiengo absolutuarekin irabazi ditu Erdoganen alderdiak Turkiako bozak
Kurduek ordezkaritza izango dute Parlamentuan; presidentea aukeratu behar du orain gobernu berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu