I par Irlandakoa ez da berdinen arteko gatazka izan, iparraldean gobernuan unionisten gehiengoa bermatzeko moduan egin baitzen Irlandako uhartea geografikoki bitan zatitu zuen 1920ko akordioa. Katolikoak gutxiengo izatera kondenatu zituzten, eta urteetan, gehiago izatearen nagusitasuna baliatu dute protestanteek gatazkan. Demografia, baina, nabarmen aldatu da azken hamarkadetan, eta gaur egungo joera aldatzen ez bada, etorkizun batean —ez oso urrun, gainera— katolikoak gehiago izango dira lehen aldiz Ipar Irlandan. Demografiaren aldaketak egoera politikoa eta Ipar Irlandaren etorkizuna baldintzatuko ditu.
Soziologoek diote gehiengoa iraultzea belaunaldi pare bateko kontua izan daitekeela. Izan ere, gaur egun haur eskoletan katolikoak jada gehiago dira protestanteak baino, baita lehen hezkuntzan ere. Horiek bozkatzeko adinera heltzen direnean, beraz, baliteke Ipar Irlandako ikuspegi politiko eta soziala erabat ezberdina izatea gaur egungo egoerarekin alderatuta.
Aldaketa politikoa, zalantzan
Demografia aldatuko dela argi badago ere, ez dago hain garbi horrek egoera politikoa irauliko duen. Katolikoak —tradizioz nazionalistak— gehiengoa izateak ez baitu esan nahi herritarrek Irlanda batzearen alde egingo dutenik. Sinn Fein alderdiko Europako gaietarako departamentuko buru Eoin O Broinek, hain justu,nabarmendu du alderdiari joera demografikoek ez diotela ardura: «Ez dugu oinarritzen gure lan politikoa espektatiba demografikoetan. Izan ere, norbait testuinguru katolikoan edo protestantean jaiotzeak ez du ezer esan nahi».
Sinn Feinen lehentasunetako bat unionistak bat egitearen onurez konbentzitzea dela kontatu du O Broinek. «Etorkizunean erreferendum bat egingo da, Ipar Irlandak Erresuma Batuan jarraitu nahi duen edo Irlanda bateratu bat sortu nahi duen erabakitzeko. Erreferendum hori egin aurretik protestanteekin eta unionistekin lan egin beharra daukagu, horiek jakin dezaten euren interes sozialek, ekonomikoek eta kulturalek arreta hobea jasoko dutela bat eginiko Irlandan gaur egungo esparru konstituzionalean baino». Hain justu, O Broinek uste du ezinbestean unionisten babesa behar duela Irlandak bat egiteko, eta katolikoak gehiago izatea bigarren mailako kontua dela.
Unionistak balantzaren indarren aldaketa horren beldur dira, baina, eta politikariak hasiak dira hariak mugitzen. Aldaketaren gertutasunaz jabetuta, DUP Alderdi Demokratiko Unionistako buru eta Ipar Irlandako lehen ministro Peter Robinsonek Erresuma Batuarekiko loturari eusteko eskatu die katolikoei berriki.
Ipar Irlandako Queens eta Ulster unibertsitateek 2010ean lankidetzan eginiko ikerketa baten arabera, herritarren %73k nahiago dute Erresuma Batuaren barruan jarraitu, eta soilik %16k egiten dute bat egitearen alde. Izan ere, inkestaren arabera, katolikoen artean asko dira Erresuma Batuan jarraitu nahiago dutenak. Hain zuzen, katolikoen artean Irlandarekin bat egin nahi dutenen kopurua %33ra jaitsi dela nabarmendu dute ikerketa horretan. O Broin, baina, ez dator bi unibertsitateek kaleratutako datuekin bat. «Inkestak baino adierazgarriagoak dira azken hauteskundeetako emaitzak, non Irlandaren bat egitea helburu nagusitzat daukaten alderdien alde bozkatu zutenen kopurua asko hazi zen. Sinn Feinek berak gora egin du nabarmen azken hamarkadan, eta horrek argi uzten du gehiengo bat Irlandaren bat egitearen alde dagoela».
Gutxiengo «mehatxatua»
Balantzaren indarrak iraultzea kontu handiarekin bideratu beharreko auzi bat dela azaldu du, bestalde, Brian Feeney historialariak. «Oso kontuz ibili beharra daukagu. Jendea mehatxatuta sentitzen bada, aurre egingo dio egoerari, ez izan zalantzarik», ohartarazi du. Izan ere, uste du unionistek gutxiengoan «erantzun bortitza» eman dezaketela.
Fionnuala O'Connor idazlearen hitzetan, berriz, katolikoak gehiengoa badira, ezingo dituzte berriz ere zapaldu, Irlandarekin bat egiteko eta euren interesen alde egiteko indartsuagoak izango baitira. «Gazteen artean gehiengoa zarela jakiteak eta hezkuntzan gazte horiek emaitza onak lortzen ari direla jakiteak indar handia ematen dizu». Posizio hori ondo baliatuta alderdi nazionalistek Ipar Irlandaren etorkizuna baldintzatzeko aukera beren eskuetan izango dutela gaineratu du.
Belaunaldi berrien identitatea
Komunitate nortasuna oso markatua izan da Irlandako gatazkan. Gatazka konpondu osteko lehen belaunaldiengan bereizkeria eta muturreko jarrerak leundu egingo direla diote soziologo gehienek, baina O Broinek uste du iraun egingo duela komunitate bakoitzaren sentimenduen indarrak. Izan ere, gatazka armatua piztu baino lehen ere oso handia zela azaldu du. Elkarrengandik erabat bereizita bizi izan diren bi komunitateen arteko harremanak, baina, handitu egingo direla uste du Sinn Feineko politikariak, eta hori oso ona dela.
«Elkarrizketarako konpromisoa behar dugu eta proiektu eta ideia komunetan lan egin», dio O Broinek. Bestela, unionistak Irlandaren bat egitearen onurez ezingo dituzte konbentzitu, haren ustez. Izan ere, oraindik ere bi komunitateen arteko zatiketa nabarmena da eguneroko bizitzan. Haur gehienak eskola bereizietara eramaten dituzte, eta katolikoen eta protestanteen arteko ezkontzak ere oso urriak dira. Oraindik katolikoak edo protestanteak soilik kontratatzen dituzten enpresa ugari daude. Hiri askotan auzoekere bereizita jarraitzen dute: protestanteak alde batetik eta katolikoak bestetik. Ondo-ondoan bizi izanda ere, irlandar askok kasik ez dute beste komunitateko kideekin harremanik izaten egunerokoan. Bi aldeak oraindik ez dira fio elkarrekin, eta aurreiritziek euren arteko harremanak pozoitzen dituzte.
Harremanen kontuan aurrerapauso nabarmenak eman badira ere, O Broinek uste du oraindik ezin dela hitz egin integrazioaz. «Bi mendean segregazioa jasan dugu; izan ere, hori ez da gatazkak sortutako zerbait. Gero, administrazio unionistek segregazio hori indartu dute, baina garrantzitsuena orain bi komunitateen artean harreman, elkarrizketa eta konpromiso handiagoa izatea da; integrazioaren bidean urratsak egitea, alegia».
Gehiengoen balantza iraultzear
Belaunaldi bat edo bi barru Ipar Irlandan egoera demografikoa aldatu egingo da; zatiketaz geroztik lehen aldiz, katolikoak gehiengoa izango dira, eta horrek Irlandaren bat egitearen aldeko joera handitzea ekar dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu