«Gehienok fedea genuen NBErekin»

ALESSANDRO GORI - POTOCARI (Bosnia-Her
2005eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
ormalean, gauza ederrek bizi dute bat, seme-alabentzat bizi da bat... nik dena galdu nuen...», azaldu du, lotsa zintzoz, Hatidza Mehmedovic-ek. «Gizona eta bi semeak galdu nituen, biak mutilak baitziren, 21 urtekoa bata eta 17koa bestea».

Dzidzak hala deitzen baitiote adiskideek 52 urte ditu, baina zaharragoa ematen du, batez ere zapia janzten duenean. Srebrenicako sarraskitik bizirik atera zirenetako bat da. Bihar, uztailaren 11n, hamar urte beteko dira. Urteetan egon zen setiaturik Srebrenica, baina Dzidak saminez gogoratzen du bonbardaketak gogortzen hasi eta NBEk familiak sakabanatu zituenekoa. «Orain dela hamar urte, uztailaren hasieran, bortitzago bonbardatzen hasi ziren Mladic jeneralaren tropa serbiar-bosniarrak. Egun batzuk igaro, eta hiria hartu zuten».«Nazio Batuen batailoi holandarreko soldaduek esan ziguten ez zegoela zertaz kezkaturik, hiritik atera eta Potocarira abiatzen baldin baginen antolatuko zigutela joateko modua, autobusak jarriko zituztela musulmanen menpeko eskualdeetara joateko. Gehien-gehienok fedea izan genuen NBErekin, eta kasu egin genion esandakoari. Gero, hara heldu ginenean, banandu egin gintuzten: gizonak, alde batetik, eta emakumeak, zaharrak eta haurrak, bestetik. Gu, eraman egin gintuzten, bai, Tuzlarantz. 15 eta 65 urte bitarteko gizon guztiak desagertu egin ziren. Gero jakin genuen batzuk hangar batera eraman zituztela, eta ondoren hil egin zituztela eta hobi komunetan sartu, baita bizirik zeudela ere batzuk. Fidatu ez zirenak basora ihes egiten ahalegindu ziren. Gutxi batzuk heldu ziren Tuzlara oinez, egunak eta egunak bidean pasatu eta gero, Serbiako Errepublikan barrena. Beste batzuk bidean galdu ziren: gehiago ezinean hil ziren, edo etsaiak hil zituen, edo nork bere buruaz beste egin zuen».

Puzzle makabroa

Potocariko mausoleoan esan du hori Dzidzak, batailoi holandarrak kuartel nagusia zuen tokiaren aurre-aurrean. Hor, 1.400 lagun daude lurpean, orain dela hamar urteko sarraskian hildako 7.000-8.000 lagunetatik. Biharko ekitaldian, beste 500 gorpu lurperatuko dituzte, Serbiako presidente Boris Tadic bertan dela.

Baina Dzidzak itxaron egin beharko du, oraindik ez baitute lurperatuko bere familia. Gorpuak identifikatu beharra dago lehenago. Eta milaka dira oraindik desagertuak.Puzzle makabro bat da, urteak eta urteak iraungo duena. Pertsona Desagertuen Institutua ari da horretan. Funtsezkoa da desagertuen familiakoei eskaturiko DNA erabiltzea. «DNA bidaltzen digute laborategietatik, eta desagertu bakoitzaren fitxa eta galdetegiekin konparatzen dugu», esplikatu du Enver Mujagic-ek; Tuzlakoa da eta Institutuan lan egiten du 1996az geroztik. «Saiatzen gara datu antropologiko guztiak biltzen, eta zerbait bat ez badator, pertsonari buruzko informazio gehiago behar izaten dugu. Gero, kanpoko kontroletara jotzen dugu berriro, eta dena ondo ateratzen denean, familiari jakinarazten diogu, baina lehenago ez».Nolanahi ere, DNA proba ez da guztiz segurua, eta Institutuko zuzendariak hark baitu azken hitza informazio gehiago behar izaten du beti. Garrantzitsua da jakitea hezurrak inoiz hautsi zituen edo bestelako marka berezirik bazuen. «Onena aita-amen DNA izatea da, biena, baina normalean aita ere galdu da. Ona izaten da, era berean, amaren eta seme-alaben DNA izatea, eta amaren aldeko beste ahaide batzuena».Hobi komun gutxi batzuk bakarrik daude zabalik; beraz, ezin jakin zenbat hil zituzten. Datuak falta zaizkiela nabarmendu du Pertsona Desagertuen Institutuko beste kide batek, Nedim Durakovicek: «Baditugu 2.500 proba itsu, hau da, datuak baditugu baina izenik ez, edo gorpua badugu baina ez dakigu bi edo hiru anaietako norena den. Orain arte, 6.600 DNA lagin bildu ditugu, eta 1.500 lagun baino gehiago identifikatu ditugu, baina lan zaila da. Askotan, bigarren graduko hobi komunak izaten dira: gorpua hobi batean sartu zuten, eta gero, beste batera edo beste batzuetara eraman. Hala, gorpuen pusketak denak nahasian daude. Oso gorpu gutxi daude osorik».Hajra Catic-ek orain dela gutxi lortu zuen senarra identifikatzea, eta bihar lurperatuko dute, Potocariko ekitaldian. «Haren DNA, haren amarena eta gure semearena erabili dituzte, eta eskerrak horri. Hasieran, arroparen pusketa bat eta zapata besterik ez genuen aurkitu». Hajra ere Srebrenicakoa da, eta bizirik atera zen. Orain, Tuzlan lan egiten du, Srebrenicako Emakumeen Elkartean. Han eta hemen lanean ibiltzen dira. «Hilero-hilero, 11. egunean, oroimenezko ibilaldi bat antolatzen dugu hemen, Tuzlan, eta pankartak eramaten ditugu; guk geuk josten ditugu, desagertuen izenak-eta. Beste hainbat proiektu ere badugu, baina diru gutxi, eta nazioarteko laguntza ere urri».«Etxe bat badut Srebrenican, eta hara joaten naiz asteburuan eta behar denean. Baina zaila da han bizitzea, ez baita lanik».

Itzuli?

Ez da erraza itzultzeko erabakia hartzea. Ekonomia eta gizartea gaizki daude Bosniako inguru batzuetan, eta gaizkiago Serbiako Errepublikan: han izugarria da egoera. Lehen, milaka lagunek lan egiten zuten inguruko fabriketan, baina orain lurrarekin berdindurik daude.

Irfanka Pasagic ere Srebrenicakoa da, eta Tuzlanska Amica erakundeko zuzendari dihardu: «Bosnia, alde batetik, hobera egiten ari da pixkanaka-pixkanaka, baina, bestetik, penagarri dago, gero eta penagarriago: ez dugu ezta haurrentzako osasun laguntzarik ere, gerrako umezurtz pila bat dago eta. Legeak dauden aberats gutxi horiei laguntzen die, baita giza laguntzak ere. Herrialdeko azpiegiturak txiki-txiki eginda daude; beraz, nekez itzuliko da inor etxera, etxerik ez dago eta. Oso organizazio humanitario gutxi aritzen dira etxeak eraikitzen. Organizazio batzuek materiala ematen dizute. Zaharrek dute itzultzeko gogoa, baina ezin diete ordaindu igeltseroei».Irfanka psikiatra da, eta gogotik lan egiten du gerrako psikotraumen arloan. «Konfiantza izango bada, ezinbestekoa da jakitea nor diren krimenekin zikindu zirenak. Milaka iheslari ditugu: Tuzlako kantonamenduan bakarrik, 11 esparru daude. Zaila da inork itzuli nahi izatea, eta are gutxiago Zvornik-era edo Srebrenicara, hor indarkeria bortitzagoa baita».Bosniako beste toki batzuetatik kanporaturiko serbiar asko daude Srebrenica inguruan. Besteek bezala, dena galdu dute, eta, gainera, gaizki begiratzen diete, beren kideek egin zituzten krimenak gogoan dituztelako.Gazte gehienek alde egiten dute beste nonbait lana aurkitzeko. Oso gutxi daude hemen. Aleksandar Perendic da haietako bat; 26 urte ditu, eta Srebrenicako serbiar bat da. «Gerra hasi zenean, Serbiara joan nintzen, ahaide batzuk bainituen han, eta dena bukatu zenean itzuli nintzen».Aleksandarrek begi urdin-urdinak ditu, eta bizar beltz luzea. «Hala, musulmanek esaten didate txenik bat naizela, eta serbiarrek, Bin Laden naizela», bota du, txantxetan. Serioago mintzatu da gero: «Gurasoei ez diet esan andregaia musulmana dudala, oraindik ez da komeni». Aco deitzen diote; antzerki talde misto bat sortu zuen hiriko gazteekin. «Gertatuari buruz hitz egiten dugunean, umore beltzaz hitz egiten dugu, hemen hauetan egin ohi den bezala», azaldu du. «Bestela ezingo genuke».



- abduraham malkicsrebrenicako alkatea

«Dena berriz eraikitzen segitzen dugu»



Alessandro Gori - PotocariAbduraham Malkicek 41 urte ditu eta serbiarrak nagusi diren eskualde honetako musulman bat da. Iheslarien botoei esker Srebrenicako alkate hautatu zuten.

Beste askori bezala, ez sinesteko asko gertatu zaizkio; sarraskitik salbatzea lortu zuen, baina ama eta arreba Potocarin ditu: «1996an banituen Estatu Batuetara joateko paperak, baina geratzea eta hemengo jendearekin lan egitea erabaki nuen». «Egoera hobetu egin da, baina bidea luzea da», azaldu du. «Dena dela, orain dela hiruzpalau urte, artean ezin zen hirian lasai ibili. Dena berriz eraikitzen segitzen dugu, eta iheslariak itzultzeko lanean, baina tanta bat besterik ez da itsaso zabalean. Gaur egun, Srebrenicako udalerrian 10.000 pertsona bizi dira: 4.000 musulman, 6.000 serbiar. Haietako 2.500 inguru ez dira hemengoak. Gerra baino lehen, 36.000 ginen: 28.000 musulman eta 8.000 serbiar».Hau du lelo politikoa Malkicek: «Idemo dalje» (Aurrera goaz). «Biktimentzako batzorde misto bat badago, Serbiako Errepublikarekin osatua, baina arrunt poliki doaz lanak. Ni legalista naiz; beraz, jardun nahi dut, jardun behar dut dena legearen arabera egin dadin. Gogor, oso gogor lan egin behar da gure helburuak lortzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.