AEBetako ikertzaile talde batek, gene terapia erabiliz, melanoma zuten --azaleko minbizia-- bi pertsona osatzea lortu du. Science aldizkarian eman du lorpenaren berri AEBetako Minbiziaren Institutu Nazionalak, eta erabili duten teknikaren bidez beste minbizi klase batzuk ere osatu ahal izango direla esan dute adituek, hala nola bularrekoa, gibelekoa eta biriketakoa. Oraindik ere asko findu beharreko teknika da, ordea. Melanoma zuten 17 erirekin erabili dute, eta bi kasutan soilik lortu duteosatzea.
T linfozitoak --zelulen erantzun immunea eragiten dute-- propio minbiziaren kontrako borrokarako espezializatzean datza teknika. Horretarako, eriari linfozitoak erauzi eta genetikoki eraldatzen dizkiote birus baten bidez. Eraldaketa horren ondorioz, linfozitoek hartzaile berezi bat garatzen dute, propio minbizi zelulen kontra egiteko ahalmena ematen diena. Ondoren, eraldatutako zelulak berriro txertatzen zaizkio eriari, eta bi kasutan bederen minbizi zelulen kontra egiteko indar berezia dutela ikusi dute.
Baina bide luzea geratzen da egiteko.«Saioak bi gaixorekin izan duen arrakastak argi uzten du promesa bat izan daitekeela, baina beste 15ek ez diote erantzun tratamenduari», ekarri du gogora Erresuma Batuko Azaleko Fundazioko eledun Edel O'Toolek. Zuhur.
Gene terapia erabiliz, melanoma osatu diete bi gaixori AEBetan
Minbizia eragiten duten zelulei kontra egiteko atondu dituzte T linfozitoak genetikoki eraldatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu