Siriako gerra

Geneva eta Alepo lotu ezinik

Siriako elkarrizketei ekin diete, borroken itzalpean. Gobernuaren eremuetan bozak egin dituzte.

SANA. BAXAR AL-ASSAD PRESIDENTEA, GAUR, DAMASKON BOTOA EMATEN.
Adrian Garcia.
2016ko apirilaren 13a
11:15
Entzun

NBEko Siriarako mandatari Staffan de Mistura eta Negoziazioetarako Batzorde Gorena oposizioko talde nagusia biltzekoak dira gaur arratsaldean Genevan. Gobernuko ordezkariekin elkartuko da bitartekaria aste bukaeran, ostiralean segur aski. Azken egunetan borroka gogorrak izan dira Alepon, Al-Nusra Frontearen eta gobernuaren aldeko indarren artean, eta otsailean indarrean sartutako su-eten hauskorra kolokan geratzeko arriskuan da. Al-Nusra, Estatu Islamikoaren antzera, meniatik salbuetsita dago, baina beste talde matxino batzuk jihadistekin aliatu dira Alepon, eta armadaren bonbardaketak jasan dituzte.

Siriako Gobernuaren kontrolpeko lurretan gaur egiten ari diren bozek, bestalde, Genevako elkarrizketei eragin diezaiokete. Herrialdearen heren bat inguru kontrolatzen du gobernuak, mendebaldeko hiri nagusiak barne —biztanleriaren %60 inguru bizi da lurralde horietan—. Damaskok adierazi duenez, hauteskundeak "konstituzioarekin bat datoz", eta ez dute zerikusirik Genevako elkarrizketekin. Baxar al-Assaden presidentearen Baath alderdia gailentzea espero da; azken 50 urteetan agindu du Sirian. 

Haatik, NBEk eta oposizioak ez diote zilegitasunik aitortzen hauteskundeei; gerra betean eginiko bozak dira, soilik gobernuak kontrolatutako eremuan. Lau milioi errefuxiatuk baino gehiago etxetik ihes egin behar izan dute. Moskuk, ordea, "botere hutsunea betetzeko" eta herrialdea egonkortzeko aurrerapausotzat jo ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.