SIRIAKO GATAZKA

Genevan da Siriako oposizioaren ordezkaritza

Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak ohartarazi du borrokan ari diren aldeek laguntza humanitarioa zibilengana heltzea ahalbidetu behar dutela.

Hedabideen gailuak NBEk Genevan duen egoitzaren aurrean. MARTIAL TREZZINI / EFE
2016ko urtarrilaren 30a
01:10
Entzun

Siriako bake elkarrizketak hasi dira Genevan, Suitzan, gobernuaren eta NBEko mandatariaren arteko bilerarekin. Hasiera batean, oposizioko plataforma nagusia, Negoziazioetarako Batzorde Gorena ez zen parte hartzekoa, baina azkenean baietz erabaki, eta Genevan da.

Nazio Batuen Erakundea ari da bitartekari lanetan, eta hark baieztatu du tramite formalak amaitzen ari zirela ordezkaritza Genevara iritsi zedin. Hamazazpi lagunek osatzen dute oposizioaren ordezkaritza, eta hamaseik Siriako Gobernuarena; Baxar Jaafari Siriako NBEko enbaxadorea da ordezkaritza horren buru.

Lehen faserako, Staffan de Mistura NBEren mandatariak baztertu egin du aldeak parez pare jartzea. Gatazkaren beste fakzio nagusi bat, kurduen ordezkariak, baztertu egin dituzte prozesutik.

Bake elkarrizketa horien emaitza edozein dela ere, bi aldeek ahalbidetu egin behar dute laguntza humanitarioa zibilengana iristea, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak gogorarazi duenez. "Elikatu gabeko adingabeak eta adineko zaurgarriak ikusi ditut Madaian hilabete hasieran hara iristea lortu genuenean, baina soilik laguntza kargamentu apur batzuk eraman ahal izan genituen", azaldu du batzordeko Damaskoko zuzendari Marianne Gasserrek. Hori "gutxiegi eta beranduegi izan zen batzuentzat", gaineratu duenez.

Gaserren arabera, "behar humanitario izugarriak" dituzten 4,5 milioi pertsona bizi dira Sirian iristeko zailtasunak dauden eremuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.