XIX. mendean Japoniaren eta Europako zenbait estaturen inperialismoa jasan zuen Koreako penintsulak. 1910ean Japoniak anexionatu zuen, eta II. Mundu Gerraren bukaera arte haren menpe egon zen, harik eta Sobiet Batasunak iparraldea eta AEBek hegoaldea okupatu zuten arte. 1948an Koreako Herriaren Errepublika Demokratikoa aldarrikatu zuten iparraldean, eta Sobiet Batasunako armada erretiratu zen. AEBetako armada ere 1948an erretiratu zen, baina geroago itzuli zen.
1948ko maiatzean Syngman Rhee izendatu zuen presidente Hego Koreako Legebiltzarrak. Hark japoniarrek baino bortitzago jokatu zuen herritarrekin. Jejuko triskantzan 30.000 eta 80.000 hegokorear inguru sarraskitu zituen. Gerora, Koreako gerran, komunista izateaz susmagarri zirenak sarraskitu zituen.
Hegoaldeak bere independentzia aldarrikatu zuenean, 1950ean, Ipar Koreako armadak hura inbaditu zuen. Ondorioz, gerra piztu zen. Ipar Koreako armada ondo trebatua eta hornitua izaki, aise menderatu zuen hegoaldea, baina AEBek eta Nazio Batuek bidalitako tropek Txinako mugaraino bultzatu zuten Ipar Koreako armada. Orduan gerran sartu zen Txina, Ipar Koreari laguntzeko.
Gerrak bi milioi inguru pertsonaren heriotza eragin zuen. Gerra ez zen bake akordio batekin bukatu, armistizio akordioarekin baizik, 1953ko uztailean sinatua.
GERRATIK AUZI NUKLEARRERA.Bi Koreen azken jomuga deklaratua penintsula berriz batzea den arren, tirabira franko izan dituzte gerra amaitu zenetik. Ipar Koreak gobernu itxi eta izenez komunista izan duen bitartean, Hego Korean, AEBen babesarekin, sistema kapitalista izan da jaun eta jabe.
Ipar Koreari zapalkuntza bortitza egitea eta milaka herritarren gosetea eragitea leporatu diote. Hego Koreari, aldiz, 1980ko hamarkadaren hasiera arte diktadura eta gerra legeak ezartzea. Bi estatuak 1991n sartu ziren NBEn. 1998an Eguzki-argi Politika hasi zuen Hego Koreak, Ipar Koreari baldintzarik gabeko giza laguntza zein ekonomikoa emateko.
Harremanek hobera egin, eta 2000ko ekainean goi bilera egin zuten Piongiangek bi presidenteok. Alabaina, 2002ko ekainean itsas borrokan aritu ziren, eta urritik hona krisia areagotu da, Ipar Koreak arma atomikoak garatzeko eskubidea duela argudiatuta. Orain arte bi Koreek eta atzerriko beste lau estatuk izandako negoziazioek porrot egin dute.
«Gerra deklarazio» iritzi die Ipar Koreak NBEk ebatzitako zigorrei
Bere subiranotasuna urratzen dutenei «kolpe gupidagabeak» emango dizkiela dio Piongiangekjuanma sarasola«Gerra deklaraziotzat» hartu du Ipar Koreak bere kontra zigorrak ezartzeko Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak onartutako ebazpena. Iragan astean proba nuklearra egin zuelako hartu du Segurtasun Kontseiluak erabaki hori. Dena den, Piongiangek atzo ohartarazi zuen bere subiranotasuna urratzen duen zeinahi estaturi aurre egin, eta «kolpe gupidagabeak» emango dizkiola. Ipar Koreako Atzerri Ministerioak zabaldutako oharrean nabarmendu du bakea nahi duen arren ez diola gerrari beldur, eta prest dagoela AEBei militarki aurre egiteko. «Iraganean, arma nuklearrik ez zuelarik, Ipar Koreak ez zuen [presioen aurrean] amore eman. Orain, arma horiek dituelarik, ez da ezein presio eta mehatxuren aurrera makurtuko», dio oharrak. Bitartean, bigarren proba egingo duen zurrumurruak zabaldu dira.
NBEren 1718 ebazpena «AEBen gidoi batean oinarrituta» onartu dutela salatu du Piongiangek, eta Segurtasun Kontseiluari «jarrera moralgabea eta partzialtasunik gabea» egotzi. «Ipar Korearen saio nuklearra ez da nazioarteko bake eta segurtasunerako mehatxua izan, baizik eta estatu subirano gisa duen zilegizko eskubide independentearen egikaritzea. Proba nuklearra gertaera handia da, eta bakea eta egonkortasuna defendatzeko ekarpen nabarmena da, Koreako penintsularako ez ezik, Asiako ipar-ekialdean ere, AEBen xantaiaren eta mehatxuaren aurkako disuasio elementu boteretsua delako; beste gerra bat pizteko haien saioa indargabetzen du».
ERAGILE NAGUSIEN JARRERA. 1718 ebazpena joan den larunbatean onartu zuten, eta Ipar Koreari bere ekinbide nuklearra berehala gelditzeko exijitzeaz gain, hari arma ez konbentzionalekin lotutako ezein material saldu edota helaraztea debekatzen du. Halaber, Ipar Koreari aire blokeoa ezarri, eta hari luxuzko gaiak saltzea debekatzen du, baita agintari iparkorearrek atzerrian dituzten banku kontuak blokeatu ere. Gainera, Hego Korea, Txina, Errusia, Japonia eta AEBekiko elkarrizketei -bere programa atomikoaz- berriz ekiteko exijitzen dio NBEk Piongiangeko gobernuari. Era berean, Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna berehala onartzeko exijitzen dio.
Atzo, Ipar Korearen aliatu nagusiak, Txinak, nabarmendu zuen haren kontra NBEren Segurtasun Kontseiluak erabakitako zigorrak betearaziko dituela, baina merkataritzarako bere «barne arauak eta lege nazionala» kontuan izaki. Pekinek ez zituen, ordea, muga posible horiek zehaztu. Halere, bigarren proba nuklearra ez egiteko ohartarazi dio Ipar Koreari.
Nolanahi ere, Ipar Koreak bigarren proba nuklearra egingo duela ohartarazi die Hego Koreako Gobernuak bere aliatuei, AEBei. Hauek proba hori ez egiteko ohartarazi diete Piongiangi, nazioarteak «argi» erantzungo duela nabarmenduta. Errusiak, bitartean, ez du uste Piongiangek bigarren proba egingo duenik. Hala adierazi du Mikhail Fradkov lehen ministroak. Dena den, bigarren proba hori egiteak egoera arrunt korapilatuko lukeela esan du.
AEBetako ordezkari berezi Christopher Hillek «fronte batua» eskatu die bere aliatuei, Ipar Koreak, saio nuklearra egiteagatik «prezio handia ordain dezan». NBEk ebatzitako zigorrak ezartzen hasteko ofentsiba diplomatikoa hasi du Etxe Zuriak. Bihar AEBetako Estatu idazkari Condoleezza Rice Hego Koreako eta Japoniako Atzerri ministroekin, Ban Ki-moonekin eta Taro Asorekin, bilduko da Seulen.