Gerra eta bakea batera

Kristina Berasain Tristan.
2004ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
lbeltzaren azken egunera arteko epea eman zioten Burundiko Apezpiku Batzarreko presidente Simon Ntamwana monsinoreari herrialdetik ateratzeko FNL Askapen Nazionaleko Indarretako gerrillari hutuek. «Gu oso argiak eta serioak gara: Burunditik irteteko 30 egun dituzu eta kito», esan zuen abenduaren azken egunean erakundeko bozeramale Pasteur Habimanak. Bi egun lehenago Bujumburan tiroz hil zuten Vatikanoko ordezkari Michael Courtney hiltzea leporatu zion taldeari Ntamwanak. Burundiko Armadako jeneral Germain Niyoyankanak ere FNLri egotzi zion monsinorearen hilketa. «Zin egiten dugu, herritarren eta elizaren aurrean, gu ez garela segadaren erantzule», esan zuen aurretik gerrillak.

Historian hil duten Vatikanoko ordezkari bakarra Burundin tirokatu izanak agerian utzi du bake prozesuaren ahultasuna eta trantsizioko gobernuaren eraginkortasun eza. Michael Courtney hil eta hurrengo egunean Burundiko Armadak FNLko bederatzi kide hil zituen. «Dagoeneko ez gara harritzen Bujumburan gauero izaten diren liskar eta erasoen aurrean». Herritarren sentimenduak jasotzen dituzten misiolari baten hitzak dira. «Atsekabetuta gaude. Bake akordio asko sinatu direla ikusi dugu azken urteotan, baina, hala ere, gerrak jarraitzen du».Atzo, aldiz, jarrera aldaketa iragarri zuen FNLk. Gobernuarekin hitz egiteko prest zegoela adierazi zuen eta ez zuen baldintzarik jarri horretarako, ezta Simon Ntamwana artzapezpikua bertan geratzen den buruzagi katoliko nagusia herrialdetik joatea ere. Elkarrizketak hilaren 15-20 artean izatea espero da. Burundin bakea eta gerra hitz banaezinak direla ematen du. Urriaren 8an Burundiko presidente Domitien Ndayizeye hutuak eta FDD Demokraziarako Defentsa Indarrak gerrilla hutuko buruzagi Pierre Nkurunzizak bake akordioa sinatu zuten Pretorian, Hegoafrikan. Geroztik, matxino hutuen talde nagusiak ordezkariak ditu Gobernuan; hain zuzen ere, Pierre Nkurunziza Estatu ministroa da Domitien Ndayizeye hutua presidentea da eta Alphonse-Maire Kadege tutsia presidenteordea. 27 ministroko gobernuan matxino hutuek hiru ministerio dituzte, tartean, Barne Ministerioa.Presidenteak atzoko espero zuen FDDk desmobilizazioa burutua izatea eta Armadako buruzagitza bihar osatzea. Epea beteko zela ez zirudien arren diru faltagatik, atzerapenak ez zuela arazorik eragiten nabarmendu zuen Germain Niyoyankana jeneralak.

Eszeptizismoa

Itxaropena eta eszeptizismoa tartekatzen da Burundiko herritarren artean, azken bake akordioaren ostean. «Aurreneko aldiz itxaropentsu naiz», helarazi du Isaac Budabuda tutsiak.

Alta, ziurgabetasuna nagusi da, bereziki, etnia hutuko bigarren indar armatu Askapen Nazionaleko Indarrek trantsizioko gobernuaren osaketatik kanpo daudelako. Gerrillariek uko egin diote orain arte agintariekin negoziatzeari, baldin eta Armadaren osaketaren afera jorratzen ez bada tutsiak dira nagusi Armadan. Hala, Demokraziarako Defentsa Indarrak Gobernuan sartu izana gaitzetsi du FNLk. «Ez dute ideologiarik, Gobernuan sartu nahi zuten soilik eta lortu dute», adierazi du Pasteur Habimana eledunak.Tanzanian 2000ko abuztuan sinatu zen eta bake prozesua abiatu zuen Arushako Itunetik at gelditu zen orduan ere FNL. Hiru urteko epean, bozak egin aurretik, tutsi eta hutuen arteko botere banaketa orekatua ekarriko lukeen trantsizioko gobernua eratu zen orduan. Bi etnietako 19 alderdik hartu zuten parte Arushan. Pierre Buyoya tutsia 18 hilabetez agintean egon ondoren, joan den apirilean Domitien Ndayizeye hutuak hartu zuen presidentetza eta, datorren urtean dira egitekoak bozak.Mwalimu Julius Nyerere Tanzaniako presidenteak eta Hegoafrikako presidente ohi Nelson Mandelak babestu zuten Arushako Itunak amaiera eman zion 10 urteko gerra zibilari. Milaka hildako eragiteaz gain, Burundi munduko hirugarren herrialde txiroena bihurtu du gerrak. Herritarren %67 txirotasun mailatik behera bizi dira gerra aurretik portzentaia %33koa zen. Aurrekontuaren erdia baino gehiago arlo militarrera bideratzen du Gobernuak.2002ko abenduan, Gobernuak eta gerrillariek su-etena iragarri arren, 2003ko udan Bujumburan izan ziren borrokek gerraz hitz egiteko bidea eman dute berriro.

Tutsiak eta hutuak

Twa eta pygmyak izan ziren Afrikaren bihotzean dagoen eta egun Burundiko izenez ezagutzen den herrialdeko aurreneko biztanleak. Gerora hutuak ezarri ziren lurraldean. XVI. mendean, ordea, Uganda eta Etiopia utzi eta tutsiak indarrez ezarri ziren Burundin, beren abereak bertako lur emankorretan hazteko. Geroztik hutuak tutsien menpean bizi izan dira, bereziki I. Mundu Gerra ostean Belgikako kolonia bilakatu eta agintariek tutsiei hutuei baino pribilegio gehiago eman zietenean.

1962an, Burundik independentzia lortu zuen. Tutsiak herritarren %15 baino ez ziren arren, ekonomia, politika eta armada beren gain hartu zuten. Alta, mendeetan zehar elkarrekin bizi izan dira tutsiak eta hutuak. Gatazkak independentzia eskuratu ondoren etorri ziren. Afrikako tribuen arteko gerra deitzen direnen benetako arrazoia argitzea da erantzun gabe gelditzen den galdera.

-

Kronologia



1962ko uztaila: Burundik independentzia lortu zuen.

1966: Estatu kolpea eman eta Miconberok Errepublika ezarri zuen.

1973: Jean Batiste Bagaza agintean sartu zen.

1987ko iraila: Pierre Buyoya komandantearen estatu kolpea eta Hirugarren Errepublikaren hasiera.

1993ko ekaina: Aurreneko hauteskunde demokratikoak egin ziren eta FRODEBU alderdiko Melchior Ndadaye hutua garaile atera zen.

1993ko urria: Armadak Ndadaye presidentea hil zuen. Hutuek tutsien aurkako sarraskiari ekin zioten eta Armadak, trukean, hutuak hiltzeari ekin zion.

1994ko otsaila: Legebiltzarrak FRODEBU alderdiko Cyprien Ntaryamira hutua presidente izendatu zuen.

1994ko apirila: Ntaryamirak argitu gabeko hegazkin istripua izan zuen eta hil egin zen Ruandako presidente Juvenal Habyarimanekin batera.

1996ko uztaila: Pierre Buyoya komandantearen bigarren estatu kolpea izan zen.

2000ko abuztua: Tanzanian Arushako Itunaz ezaguna den bake prozesua abiatu zen.

2000ko abendua: Gobernuak eta hiru talde tutsik su-etena hitzartu zuten, baina bi talde nagusiek muzin egin zioten akordioari.

2001eko urria: Arushako Itunaren ondoren, tutsiek eta hutuek partekaturiko behin- behineko gobernua eratu zen.

2002ko abendua: Gobernuak eta talde matxino nagusiek menia iragarri zuten.

2003ko apirila: Domitien Ndayizeye hutua trantsizioko gobernuko presidente bihurtu zen.

2003ko uztaila: Borroka gogorrak Bujumbura hiriburuan.

-

Datua



300.000

Oinarrian tutsi eta hutu etnien arteko gatazka duen gerrak 300.000 hildako baino gehiago eragin ditu azken hamar urteetan Burundin. Ihes egin edo errefuxiatu behar izan duten pertsonen kopurua, berriz, milioi batekoa da. Burundin, sei milioi eta erdi pertsona baino ez dira bizi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.