Mundua

Gerra hotza ate-joka ari dela dio Errusiak

Dmitri Medvedevek esan du batzuetan ez dakiela 2016an dagoen edo 1962an.

2016ko otsailaren 13a
09:37
Entzun

Errusiaren eta Mendebaldeko herrialdeen arteko harremanak gaiztotuta daude. Siriako eta Ukrainako krisiek zauria utzi dute. Eta horrek gerra hotza ekartzen dio akordura Dmitri Medvedev Errusiako lehen ministroari. Segurtasunari buruzko konferentzia egiten ari dira ehun estatuburu inguru Munichen, eta diskurtso gogorra egin du Errusiak: gerra hotza ate-joka dagoela esan du Medvedevek, eta batzuetan ez dakiela 2016an bizi den edo 1962an. "NATOk Errusiarekin duen jarrera ez da batere lagunkoia. Egia esatea nahi baduzue, gerra hotz batera gerturatzen ari gara abiada bizian".

Hitz horiek egin aurretik, egurra jaso du Errusiak, besteak beste AEBetako eta Frantziako ordezkarien ahotik. "Zilegi diren oposizio taldeen kontra egiten ditu bonbardaketa gehienak Errusiak", esan du John Kerryk, esate baterako. Honako hau gaineratu du Manuel Vallsek: "Denok dakigu Errusiak zibilen kontrako bonbardaketak gelditu behar dituela bakearen bidera itzultzeko."

Hitzok ez zaizkio batere gustatu Medvedevi eta azpimarratu du beraiek ez dutela zibilik hiltzen: "Mundu guztiak kontrakoa leporatzen digun arren, ez dago ebidentziarik zibilak bonbardatzen ditugula esateko. Gezurra da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.