Palestina

Gerra krimen akusazioei aurre egiteko prestatzen ari da Israel

Liga Arabiarrak ez du akordiorik lortu Gazako sarraskiaren gainean. NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moon Gaza, Sderot eta Jerusalem bisitatzen ari da, erasoaldiaren ondorioak aztertzeko. Gazako egoerari "etsigarri" iritzi dio, eta Israelen erasoak ez ezik Hamasek egindakoak ere gaitzetsi ditu.

2009ko urtarrilaren 20a
16:20
Entzun
AEBetako presidentetzan Barack Obamak George Bushen lekukoa hartzeko ekitaldirako bateratsu isildu dira bonbak Palestinako Gaza eskualdean, Israelgo Gobernuak oraingoz hango erasoaldia bukatutzat emanda. Tel Avivek eta Hamasek, nor bere aldetik astebeteko menia hitzeman duten honetan, eta palestinarrak Israelek eragindako suntsiketa eta hilketetatik pixkanaka osatzen saiatzen ari diren honetan, hainbat erakunde Tel Aviveko gobernua auzitara eramateko auzibideak prestatzen ari dira, hark Gazako erasoaldian gerra krimenak egin dituela salatuta. Horri aurre egiteko prestatzen ari dira Israelgo Gobernua eta honen abokatuak. Gaur eguerdian jakin da bi ume palestinar hil direla, Israelek asteotan jaurtitako bonba batek gaur bertan eztanda eginda.

Bitartean, Liga Arabiarrak bilera itxia egin du gaur goizean Kuwaiten, Gazako erasoaldian gertatutakoa aztertu, laguntzak nola bideratu erabaki eta Israeli Gazatik erabat erretiratzeko exijitzeko. Halere, ez du adostasunik lortu.

Bestalde, Nazio Batuetako idazkari nagusi Ban Ki-moonek Gaza ordu batzuez bisitatu du gaur, kalteak aztertzeko. Gazako egoerari "etsigarri" eta "urragarri" iritzi dio, eta Israelen erasoak ez ezik Hamasek egindakoak ere gaitzetsi ditu. Ondoren Jerusalemen Israelgo lehen ministro Ehud Olmertekin bilduko da, eta Gaza ondoko Sderot hiria (Hamasen kohete batzuen jomuga) ere bisitatuko du.

Bonbardaketak asteburuan eten zituenetik bonba eta tiro hotsik gabeko bigarren gaua izan zuten Gaza eskualdean bart. Halere, zerbitzu mediku palestinarrak oraindik ere gorpuak ateratzen ari dira Israelgo armadak 22 eguneko erasoaldian —lurrez, airez eta itsasoz— suntsitutako eraikinen azpitik. NBE Nazio Batuen Erakundearen esanetan, 1.300 palestinarretik goiti —erdiak baino gehiago zibilak— hil ditu Israelgo armadak, eta 5.320 bat zauritu eragin. Hildakoen artean 400 ume eta 16 urtetik beheitiko gaztetxoak daude, baita hainbat adineko pertsona eta emakumezko ere. Hamasek eta erresistentzia palestinarreko beste taldeek, aldiz, 10 soldadu eta bi zibil israeldar hil dituzte.

Amnesty International erakundeak dio susmoa duela Israelgo armadak fosforo zuria erabili duela hiri palestinarrak bonbardatu dituenean. Hainbat erakunde palestinarrek, harago joanda, susmo hori akusazio bihurtu dute, horren frogak dituztela argudiatuta. Gainera, salatu dutenez, Israelgo armadak ez ditu sorospen eta giza laguntzarako taldeak errespetatu, eta hainbat anbulantzia tirokatuta, mediku eta erizainak ere hil ditu.

Horrez gain, NBEk kudeatutako lau eskola, UNRWA errefuxiatuak laguntzeko agentziaren egoitza nagusia eta bere konboietako bati eraso egin die asteotan Israelgo armadak. Eskola baten kontrako bonbardaketan 43 zibil palestinar hil eta 100dik gora zauritu zituen Gazako iparraldean.

Bonbardaketek iraun duten bitartean Hamasek eta beste talde batzuek Kassam koheteak jaurti dituzte Gaza inguruko hiri israeldarretara. Horietan hiru zibil judu hil dituzte eta hainbat kalte material eragin.

Salaketak eta defentsa prestatzen

Israeli "gizateriaren kontrako krimenak" egin izana leporatu dio Palestinako Lurraldeetako Giza Eskubidetarako NBEren Begirale Richard Falkek. Krimen horien egileak epaituak izateko exijitu du.

Ildo berean, Boliviako Gobernuak, Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioak eta hainbat abokatu taldek, besteak beste, jakinarazi dute Nazioarteko Zigor Auzitegiari —Herbehereetan du egoitza— eskatuko diotela iker ditzala Israelek populazio palestinarraren aurka ustez egin dituen gerra krimenak aztertzeko.

Auzitegi horrek ezin du, printzipioz, Israelgo Estatua epaitu, honek ez duelako Erromako Estatutua sinatu. Epaitua izateko NBEren Segurtasun Kontseiluak esku hartu beharko luke, baina ez dirudi halakorik gertatuko denik, Israelen aliatu eta laguntzailerik fidelenak, AEBak, direlako Kontseiluko bost kide iraunkorretako bat, eta beto eskumena dutelako.

Akusazioen aurrean, Tel Avivek esan du Hamas izan dela gerra krimenak egin dituena, "zibilak giza ezkutu gisa erabili dituelako", armadako eledun Avital Leibovitchen ahotan. Honek dioenez, Hamasen trebaketa gune eta bulegoak "eskola, mezkita eta etxebizitzen ondoan" daude. "Hamasek gerra krimenak egin zituen, zibilak lehen lerroan jarrita".

Israelgo Gobernua informazioa biltzen hasia da, bere estrategia soilik jomuga militarrei eraso egitean oinarritu zela erakutsi nahian. Bonbardaketetan hil dituen 700 bat zibilen heriotzaren erantzukizuna Hamasi leporatzen dio hala.

Horiek hala, Giza Eskubideetarako Zentru Palestinarra epaitegietarako biderik errealistena bilatzen ari da. Bere iritziz, "justizia unibertsalaren printzipioari" heltzea da lege biderik errealistena. Horren arabera, zenbait estatutako zigor auzitegiek eskumena dute gerra krimenak epaitzeko, hauek beren lurraldean gertatu badira edo ez.

ICCR Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeko lege aditu Larry Maybeeren ustez, zibilen nahiz giza laguntzarako taldeen kontrako erasoa gerra krimentzat jo daiteke, baldin eta frogatzen bada erasoa nahita egina izan zela. "Eta erasoaren helburua militarra bada ere, Justiziak ikertu egin behar du ea erasotzaileak beharrezko neurriak hartu zituen biktima eta kalte zibilak gutxitzeko, baita erantzuna mehatxuaren parekoa izan zenentz". Hain justu, Israeli leporatu izan zaio bere erasoaldiak neurriz kanpokoak izaten direla, eta aurretik erresistentzia palestinarraren erasorik izan denean hauek ez dira Israelek gero egin izan dituenen parekoak. Nazioarteko legeriak erresistentzia armaturako eskubidea aitortzen du okupazio indarren kontra, ez, ordea, zibilen kontra. Israelek 1967tik okupatzen ditu Gaza, Zisjordania (Jerusalem ekialdea barne) eta Golango Gaina (Siria). Lehenago, 1948an Palestina historikoaren %78 okupatu zuen.

Azken urteotan Belgika, Britainia Handia, Herbehereak eta Zelanda Berriko Justiziak tramitera onartu dituzte hainbat militar israeldarren kontrako auzibideak, gerra krimenengatik, baina askotan artxibatu dituzte, "politikarien esku-sartzearen ondorioz", Giza Eskubideetarako Zentru Palestinarraren hitzetan.

2003an, artean Israelgo lehen ministro Ariel Sharonen kontrako auzibidea —gizateriaren kontrako krimenez akusatua— bertan behera utzi zuen Belgikako Justiziak. 1982ko irailean falangista libanoarrek, Israelgo armadaren laguntzaz, Beirut ondoko Sabra eta Shatila errefuxiatu gune palestinarretan sarraskia egin zutenean (3.000 palestinar eta libanoar hil zituzten) Sharonek erantzukizuna izan zuelakoan epaitu nahi izan zuten. Sarraskiaren unean Israelgo Defentsa ministro zen Sharon, eta Israelen bertan izandako ikerketa eta manifestazioen ondorioz, dimisioa eman behar izan zuen, nahiz eta jarraian beste kargu bat eman zioten.

En 2003, la justicia belga abandonó su instrucción por crímenes contra la humanidad contra el ex primer ministro israelí Ariel Sharon, por su presunta responsabilidad en las masacres en los campos palestinos de Sabra y Chatila en 1982 en Líbano.

Beste kasu batzuetan, ordea, auzibideek aurrera egin dute. Esaterako, Doron Almog atxilotzeko agindu zuen Londresko Justiziak, hark Bigarren Intifadan gerra krimenak egin zituela argudiatuta.

2005eko irailean gutxigatik ihes egin zion jeneralak atxiloketari, Londresera bidaiatu zuenean. Izan ere, aireportuan zela, hegazkinetik jaitsi aurretik Israelgo enbaxadaren oharkizuna jaso zuen, eta ez jaistea eta Tel Avivera itzultzea erabaki zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.