Gerrak ez daude krisian

Ekonomia krisiak ez du ia eraginik izan munduko gastu militarrean, are gutxiagoTxinan. Obamak ere inoizko aurrekontu militar handiena proposatu du; Afganistanen duen soldaduko 721.000 euro ordaindu behar baitu.

2010eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Wolfgang Ischingerrek esana da munduko segurtasunak ez duela zertan politikari eta militarren ardura esklusiboa izan. Ondorio praktikoak dira Municheko Segurtasunaren Konferentziako presidenteak ateratakoak, politika bera ere krisiak jota dagoen garaiotan. Munichekoa gerra industriako magnateen foro izateko sortu bazuten ere, Ischingerren gogoetak ez daude sobera horregatik. Enpresabururik tartean ez bada segurtasunaz hitz egiteak itxura serioa ez lukeela izango esate hutsak krisiak ukitu ez duen sektore baten errealitatea egiaztatzen du. Gerrak negozio, bizio eta obsesio izaten jarraitzen du, eta krisiak ez du aldatu hori.

«Azken hemezortzi hilabetean ekonomia krisiak ez du nabarmentzeko moduko eraginik izan gastu militarrean». Mark Stoker ekonomialariak laburbildu du 2010eko Balantze Militarrak emandako ondorio agerikoena. Ikerketa Estrategikoetarako Nazioarteko Institutuak (Londres, Erresuma Batua) urtero egiten du munduko gastu militarraren balantzea, eta hil honen hasieran argitaratutakoak ez du azken urteetako goranzko joera berretsi baino egin. Krisiak jotako herrialdeek soldadu, arma eta gerretan inbertitzen jarraitzen dute. Txinak, AEB Ameriketako Estatu Batuek, Frantziak eta Japoniak gehien; baina munduan dagokion tokia aitor diezaioten exijitzen duen horrek bereziki- Txinako aurrekontu militarra izan da krisiak gutxien baldintzatu duena-.

Municheko konferentziako korridoreetan, bederen, hark bete ditu leku denak: Txinak, Txinak eta Txinak. «Noski, hitz egin da Afganistanez, eta Iranez, eta terrorismoaz. Kezka handiak eragiten dituzte gai horiek. Baina auzi horietan guztietan, elkarrizketa eta kalkuluetan, beti presente eduki behar den herrialdea bihurtu da Txina», aitortu du konferentzian parte hartu duen funtzionario batek, izenik eman gabe. «Txinako agintariek badakite hori. Nabaritu ere egiten zaie badakitela. Gorputzaren lengoaia ere ez dute lehengoa».

Gastu militarra gora

Munduko armadarik handiena du Txinak: biztanleen %0,17 dira soldadu, 2,25 milioi lagun, zehazki. AEBetan biztanleen %0,5 dira soldadu; baina armadak 1,5 milioi kide baino ez ditu. Adituen ustez, dena dela, herrialde baten ahalmen militarra ez da soldadu kopuruaren araberakoa bakarrik;gastu militarrak eta teknologiak zuzenean baldintzatzen dute. Eta gaur-gaurkoz, segurtasun, defentsa eta gerran egindako inbertsioari dagokionean ez dago AEBei aurrea hartuko dienik.

Ikerketa Estrategikorako Nazioarteko Institutuak, haatik, etorkizunean inbertsioaren goranzko joerari eutsi beharrean ikusten ditu AEBak, baita Europako herrialdeak ere. Ekonomia handienak egiteko bidean direnak, ordea, Txinak, Indiak eta Brasilek, besteak beste, datozen urteetan gastu militarra handituko dutela aurreikusten du 2010eko Balantze Militarrak.

Gaur egun munduko gastu militarraren erdia egiten du Washingtonek. George Bushek abiatutako terrorismoaren aurkako borrokak zuzeneko eragina izan zuen horretan. Haatik, Barack Obama egungo presidenteak aurten Kongresuari eskatuko dion diru kopurua ere inoizko handiena da; Bushek berak utzitako legatuagatik neurri handi batean -Afganistango eta Irakeko gerrengatik-, baina baita baliabide militar punta-puntakoenen jabe izaten jarraitu nahi duelako ere.

Zenbakiak ez dira ofizialak oraindik, baina Etxe Zuriak emandako datuen arabera, 721.000 milioi euro eskatuko ditu Obamak defentsarako. Aurrekontuaren zati handi bat Afganistango gerrarako erabiliko du Washingtonek. Pasa den urteko amaiera aldera 30.000 soldadu gehiago bidaltzea erabaki izanak, zentzu horretan, defentsan egin beharreko gastua handitu du: Afganistanera soldadu bat bidaltzea urtean 721.000 euro kostatzen zaio Washingtongo gobernuari. Gastua itzela da; ez ekonomikoa bakarrik, baita politikoa ere.

Aurrekontu militarren handitzeak, eta Iraken nahiz Afganistanen egindako interbentzio militarren porrotak eragin du «aukerazko gerra» terminoa zabaltzea eta «beharrezko gerra» murriztea. Horixe da balantze militarra osatu dutenek ateratako ondorio nagusienetakoa. Estratega militarrek, hori dela eta, astia behar dute. Ez bakarrik defentsarako aurrekontua handitu aurretik iritzi publikoa gerraren beharraz konbentzitzeko, baita eurak gatazka armatu berrietara egokitzeko ere.

Latinoamerika arriskuan

Latinoamerikan gastu militarra %151 handitu zen 2003 eta 2009 artean. Adituek, hala ere, kezka agertu dute zenbait herrialdetan duten ezegonkortasun eta segurtasun faltagatik. Demokrazia maila eskasak, estatuak huts egitearen beldurrak, antolatutako krimenak, droga trafikoak eta ingurumenaren degradazioak segurtasuna arriskuan jartzen dutela ohartarazten du balantze militarrak.

Halaber, Latinoamerikan armen merkatuan izandako aldaketen berri ere ematen du. «Errusiarentzat armak esportatzeko merkatu erakargarriena bihurtu da Latinoamerika».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.