Sierra Leonako Auzitegi Bereziak erabaki du zein izango den zigorra Charles Taylor Liberiako presidente ohiarentzat (Arthington, 1948). Herbehereetako Leidschendam hirian, auzitegiak 50 urteko espetxe zigorra ezarri dio Taylorri, gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egitea egotzita. Hala, nazioarteko auzitegi batek zigortuko duen lehen estatuburua da Taylor. Dena den, Liberiako presidentea izandakoa Erresuma Batuko kartzela batean egon da 2006tik, Nigerian atxilotu zutenetik, eta auzitegiak sei urte horiek zigorraren barruan kontuan hartzea onartu du. Taylorrek oraindik epaiaren aurka egiteko eskubidea du.
Taylor harrapatu eta auzitara eramateko prozesuak 12 urte iraun du. 1997. eta 2003. urteen bitartean izan zen Liberiako presidente, eta aldi horretan, Sierra Leonako gerra zibilean, RUF Fronte Iraultzaile Batua talde matxinoarekin harremanetan izan zen. Auzitegiak ebatzi duenez, tarte horretan Taylorrek armak eta munizioa eman zizkion RUFi, eta trukean diamanteak jaso zituen. Guztira 11 delitu egotzi zizkion fiskalak Taylorri, eta denak onartu ditu auzitegiak. Aldiz, Taylorrek ez du bat bera ere onartu. Fiskalak 80 urteko zigorra eskatu zuen, baina auzitegiak erabaki du ez zuela RUF zuzendu, eta zigorra leundu du.
Taylorrek azkar ikasi zuen dirua lortzeko bidea. Bostonen ekonomia ikasketak egin ondoren, Liberiara itzuli zen, Samuel Doe orduko presidentearekin lan egiteko. Hiru urteren ondoren, AEBetan atxilotu zuten, ia milioi bat euro lapurtzeagatik. Bi urte igarota, espetxetik ihes egitea lortu zuen.
Liberiako 1990etik 1995era bitarteko gerra zibilaren ondoren, hauteskundeak irabazi eta presidente bihurtu zen Taylor. Afrikako bozetan adituak direnen ustez, beldurra izan zen Taylorrek irabazteko arrazoia. Garai horretan bihurtu zen Taylor gerrako jauntxoa. Naomi Campbell modeloak 2010ean adierazi zuen Taylorrek hiru diamante oparitu zizkiola. RUFek lortutako armekin, Sierra Leonako gerra zibila luzatu egin zen; 50.000 hildako eta 100.000 zauritu izan ziren. Biktima gehienak elbarriak, soldadu izateko bahitutako adingabeak eta bortxatutako emakumeak izan ziren.•
Soslaia. Charles Taylor
Gerrako jauntxoaren amaiera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu