Protestak herrialde arabiarretan

Gerraren atzaparretatik ihesi

Libiako gatazka gaiztotu egin da egunotan, eta milaka lagunek herrialdetik ihes egitea erabaki dute. Errefuxiatu asko, aurrez beste gerra eremuetatik ihes egindakoak dira; Somaliatik, Iraketik edo Palestinatik, besteak beste.

2011ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Milaka eta milaka lagun bidean jarri ditu Libiako gatazkak. Muammar Gaddafiren erregimenak gogor erantzun dio oposizioari; egoera gaiztotu egin da, eta Libia gerra zibilean hondoratu da. Hori horrela, askok atzean utzi dute guztia, eta gerraren atzaparretatik ihesi abiatu dira inguruko herrialdeetara eta Europara.

NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 200.000 herritarrek alde egin dute Libiatik duela hiru aste protestak hasi zirenetik. Herrialdean beste 600.000 desplazatu egon daitezkeela uste dute. Datuak, baina, kalkulu hutsak dira, inork ez baitu gertatzen ari denaren berri zehatzik.

Tunisiara eta Egiptora jo dute herritar gehienek. Muga inguruetako kanpalekuetara errefuxiatu uholdeak heltzen dira egunero-egunero. Aljeriara, zein Nigerrera ere jo dute beste batzuek; gertuen zuten mugarantz egin dute Libiatik irteteko. Gatazka luzatzen doa, eta errefuxiatuen kanpalekuetan jendea pilatzen ari da. Ez dute norabide garbirik, gerratik ihes egitea baita gehienen xede bakarra. Kanpalekuek, dena den, presondegien antza handiegia dute luzez bertan geratzeko. Egunero janaria banatzen diete, eta orduak ematen dituzte berrien zain. Herrialdeko egoerak, ordea, ez du hobera egin, eta irtenbideak gero eta urrunago dirudi. Hori ikusita, atzera itzultzeko esperantza gutxituz doa, eta errefuxiatuek ez dakite nora jo.

Gatazkatik gatazkara

Beste gatazketatik ihes egindakoak dira, gainera, egunotan Libiatik alde egin duten asko. Somaliako gerraren, edota Irakeko eta Palestinako gatazken biktima ugarik herrialde horretan bilatu zuten, aurrez, babesa. Hainbat tunisiarrek eta egiptoarrek ere jo zuten egonkortasun bila bertara, euren herrialdeetan protestak piztu ostean. Orain, beste behin, guztia atzean utzita ihes egitea tokatu zaie.

Hassan Ibrahim Abdala eta Mohamed Abdala somaliarrek duela hiru urte alde egin zuten sorterritik. Sudanen sartzea lortu zuten, eta handik Libiako muga zeharkatu zuten. Denbora gutxian atxilotu zituzten Tripoliko segurtasun indarrek. Az Zauijako kartzelan eman dituzte azken hilabeteak, harik eta erreboltariek hiria hartu eta kartzelako ateak ireki zizkieten arte. Orduan, Tunisiarako bidea hartu zuten. Euren jaioterrian egoerak ez du hobera egin, Libian ere gerrak luze joko duela dirudi, eta Tunisiara lotzen dituen ezer ez daukate bi gazteek. Guztia galdu dute, eta ez dakite nora jo babes bila. Euren kasua ez da salbuespena.

Elikagaien krisia

NBEk hamasei milioi dolarreko laguntza onartu berri du gatazkaren lehen hiru hilabeteetarako. Kanpalekuetan dauden errefuxiatuei eta Libian jarraitzen duten herritarrei laguntzera bideratuko dute diru hori. Oraingoz, dena den, ez dakite herrialdean zerekin egingo duten topo; informazioa nahasia da, eta egunetik egunera datu ezberdinak heltzen dira Libiatik.

FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak ere elikagaiak jendeari helarazteko segurtasuna falta dutela ohartarazi du nazioartea. Protestetan diren herrialdeak zereal inportazioarekiko menpekotasuna dutela azaldu du. Gatazkaren eraginez, inportazio eta banaketa sistemak edonoiz eten daitezkeela uste du FAOk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.