Hego Koreako Yonhap agentziaren arabera, gutxienez artilleriako ehun pieza jaurti zituen Piongiangek Yeonpyeong uhartera, eta base militar bat eta inguruko hainbat etxebizitza kaltetu ziren leherketekin. Col Lee Bung-woo Hego Koreako militar buruak jakinarazi zuen armadak 80 artilleria pieza jaurtiz erantzun zuela. Tokiko agintarien arabera, borrokak ordubete inguru iraun zuen, eta uharteko 1.600 biztanleak babeslekuetara eraman behar izan zituzten. Ipar Koreak ez du hildako eta zaurituen berririk eman.
Lee presidentea armada buruekin bildu zen atzo. Ipar Korearen erasoa inbasiotzat har dezaketela jakinarazi zuen, eta bereziki larritzat jo zuen, haren arabera «zibilen aurkako eraso indiskriminatua» izan delako. «Zibilen aurkako eraso arduragabeak ez dira onargarriak, eta are gutxiago Hego Korea giza laguntza eskaintzen ari zaionean Ipar Koreari». Lee «adostutako arauez haratagoko» erantzuna ematearen alde agertu da. «Gure indar armatuek ekintzaren bidez erakutsi behar dute hori, erantzun administratiboak eman ordez».
Ipar Koreak, berriz, ohartarazi du Hego Koreako indarrek muga «milimetro batean» gurutzatzen badute «gupidarik gabe» eraso eginen duela. KCNA Ipar Koreako berri agentziak hedatutako agiri batean jakinarazi du hori. Haren bertsioaren arabera, erasoa gertatu baino ordu eta erdi lehenago hegokorearrek Ipar Koreako itsas uretara egin zuten tiro, «behin eta berriz» ohartarazi zituzten arren.
Gaitzespena nagusi
Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak erasoa gaitzetsi zuen atzo, ohar baten bidez. Banen arabera, Koreako gerraz geroztik (1950-1953) egon den eraso «larrienetakoa» izan zen atzokoa. Bi aldeei geldi egoteko eskatu die, eta NBEko Segurtasun Kontseiluari bere «kezka sakona» adierazi dio.
AEBek Hego Korearekin eta eremu hartako «baketzearekin eta egonkortasunarekin» duten «konpromiso irmoa» berretsi dute. Robert Gibbs Etxe Zuriko bozeramaileak Ipar Korearen erasoa «probokazio militar argia» dela adierazi zuen atzo. AEBek Hego Korearen alde parte hartu zuten gerran, eta gaur egun 28.000 soldadu dauzkate han.
Txina gertatutakorekin «arduratuta» dago, eta bi aldeei eskatu die «gehiago» egin dezatela «bakearen alde». Gerran Ipar Korearen alde borrokatu zen Txina, eta orduz geroztik haren aliaturik nabarmenena izan da.
Errusiaren ustez, gertaera «gaitzesgarria» da atzokoa. «'Banaketa lerroan' Hego Koreako uharteari eraso ziotenek egundoko erantzunkizuna hartu dute beren gain», adierazi zuen atzo Sergei Lavrov Atzerri ministroak.
Naoto Kan Japoniako lehen ministroa, egoera aztertzeko, Defentsa ministroarekin bildu zen atzo. «Ustekabeko egoera baterako prest egoteko eskatu diot», adierazi zuen Kanek.
EB Europako Batasunak, berriz, Ipar Koreari eskatu dio 1953ko armistizioa errespetatzeko. Catherine Ashton EBko arduradun diplomatikoak azaldu zuen «hurbiletik» aztertuko dituztela gertakariak, eta Koreako penintsularen egonkortasunak munduarentzat ere «berebiziko» garrantzia duela nabarmendu zuen. Alemaniako, Erresuma Batuko eta Frantziako Atzerri ministroek ere gaitzetsi zuten erasoa.
Bukatu gabeko gerra
Koreako gerra 1953an bukatu zen, hiru urteko borrokaldien ondotik. Bake akordiorik gabe bukatu zen, eta bi aldeek armistizioa sinatu zuten soilik. Ordutik bi estatu finkatu ziren penintsulan: iparraldean, komunista, eta hegoaldean, kapitalista. 38. paraleloan ezarri zuten muga, eta gaur egun munduko mugarik militarizatuena da. Milioitik goiti soldaduk zaintzen dituzte mugaren bi aldeak.
Itsasoko mugak, ordea, buruhauste dezente sortu du penintsularen mendebaldean, Itsaso Horian. Ipar Korearen ustez, muga hori NBEk, AEBen gidaritzapean, alde bakarreko erabakiz ezarri zuen. Armistizioaz geroztik, bi herrialdeek gatazka ugari izan dituzte Itsaso Horian. Azkena, joan den martxoan gertatu zen, atzoko erasoaren tokitik ehun kilometro ingurura. Hego Koreako gerraontzi bat hondoratu eta 46 marinel hil ziren. Ipar Koreak torpedo batekin eraso ziola salatu zuen Hego Koreak, baina halakorik ukatu zuten iparkorearrek.
Ipar Korearen eta Iranen asmo nuklearrek kezka eragin dute nazioartean
Ipar Koreak Yongbyongo eraikin nuklearrera sartzen utzi zion zientzialari estatubatuar bati joan den azaroaren 12an. Siegfried Hecker Stanfordeko Unibertsitateko irakasleak adierazi du eraikin horretan uranio aberastua sortzeko gutxienez 1.000 zentrifugagailu daudela. Heckerrek eraikina «harrigarria» dela adierazi du, baina ezin duela egiaztatu martxan ote dagoen. Stephen Bosworth Etxe Zuriaren Ipar Korearako mandatari bereziak berriarekin «etsita» zeudela adierazi zuen Seulen.Iranen gaitasun nuklearraren berri eman zuen atzo, berriz, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak. Haren arabera, hiru tona uranio aberastu ditu Iranek, hiru bonba atomiko egiteko adina.