TXETXENIAKO GATAZKA

Gerrillari ingushek 400 pertsonabahitu dituzte ikastetxe batean

Bahitu gehienak umeak dira, eta Txetxeniatik ateratzeko eta hainbat preso askatzeko eskatzen diote Errusiari

2004ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Txetxeniako gatazka berriz ere nazioarteko berrien erdigunean jarri du gertaera larri batek. Joan den igandean, iruzurraren akusaziopean eginiko Moskuren aldeko presidentetzarako bozek jarri zuten; egun batzuk lehenago, berriz, Errusiako hegoaldean lehertutako bi hegazkinek; talde islamista batek «txetxeniarren borrokarekiko elkartasunez eginak» zirela esan zuen. Ohikoak bilakatu diren gerrillari txetxeniarren eta soldadu errusiarren zein Moskuren aldeko Poliziaren eta paramilitar txetxeniarren arteko borrokek, aldiz, ez dute horrenbesteko arreta erakarri. Oraingoan, ordea, bahiketa bat izan da berria. Hain zuzen ere, Txetxeniako gatazka nabarmentzeko eta Errusiak preso dituen ingush batzuk askatzeko exijitzeko, gerrillari ingushek Ipar Osetiako Beslan hiriko eskola batean atzo egin zuten bahiketa.

Hogei bat gerrillari ingush, emakume zein gizon, Vladikavkaz hiriburutik 20 kilometro iparraldera dagoen Beslango eskola batean sartu ziren; ikasleek ikasturte berriko lehen eguna zuten. Gerrillariek, batzuk bonbaz beteriko gerrikoekin, ikastetxean sartu, eta ikasle eta zenbait guraso eta irakasle bahitu zituzten, guztira 400 bat. Eraikinera sartzean tiroketa bat hasi zen hura zaintzen zuten polizien eta ekintzaileen artean. Ondorioz, zortzi zibil eta gerrillari bat hil ziren. Zazpi zibil ospitalean hil ziren, izandako zauriengatik. Gainera, beste lau pertsona zauritu ziren. Hilen artean ez dago ikaslerik.Ikasturteko lehen eskola eguna ospakizun batekin hasi ohi dute Errusiako Federazioko ikastetxeetan. Horrexegatik, guraso ugari zeuden ikastetxe barruan, 09:30ak inguruan gerrillari ingushak sartu zirenean (hemen 07:30ak). Haiek bahituak gimnasiora eramaten ari zirela, 50 bat umek alde egitea lortu zuten. Geroago, bahitzaileek beste 15 aske utzi zituzten.Bahiketa gertatu eta berehala Errusiako Armadak eta Ipar Osetiako Poliziak eraikina inguratu zuten. Itar Tass agentziak esan zuenez, eskualdeko buru erlijioso musulman bat eraman zuten, bahitzaileekin negozia zezan, baina haiek hura errefusatu zuten, eta goi buruzagiekin soilik hitz egingo zutela nabarmendu zuten.Bahitzaileek ustez minak eta bestelako lehergailuak jarri zituzten eraikinean, eta poliziak edo soldaduak eraikinera sartzen saiatuz gero ikastetxea leherraraziko zutela ohartarazi zuten. Agintariek martxan jarritako krisi kabineteak bahitzaileekin bozgorailuen bidez hitz egin ondoren, haiekin telefono bidezhitz egitea lortu zuen. Ipar Osetiako Barne ministro Kazbek Dzantievek adierazi zuenez, zera ohartarazi zuten gerrillariek: «Ikastetxea inguratzen duten soldaduek zein poliziek hiltzen duten ekintzaile bakoitzeko 50 bahitu hilko ditugu, eta gure zauritu bakoitzeko, 20». Moskuk NBEren Segurtasun Kontseiluaren larrialdiko bilera eskatu zuen, egunotako erasoez iritzia emateko. Segurtasun Kontseiluan Errusiak duen ordezkari Andrei Denisovek azaldu zuenez, litekeena zen larrialdiko bilkura atzo bertan egitea.

'Normalizaziotik' urrun



-

TXETXENIAKO GOBERNUA



 

Maskhadov: «Putinen ardura dira halako erantzun etsiak»





Txetxeniako Gobernuko presidente Aslan Maskhadovek bozeramaile baten bidez atzo esan zuenez, Beslango bahiketa edota herenegun Moskun izandako eraso suizida «erantzun krudel eta etsiak» dira, eta «Putinen erantzukizuna». Bere gobernuaren erantzukizuna ukatu zuen: «Ez dago halako ekintza ankerretarako justifikaziorik, ezta Kremlineko erregimenak eta bereziki Putinek agindu eta soldadu errusiarrek hil zituzten eskolako adinean ziren 42.000 ume txetxeniarren hilketarako ere».

-

Bahitzaileen eskakizunak





Errusiako Armadaren erretreta: Errusiako soldaduak Txetxeniako errepublikatik erretiratzea.

Gerraren bukaera: Errusiako Armadak Txetxenian operazio militar gehiago ez egiteko eta gerra bukatzeko exijitzen dute.

Gerrillari ingushak askatzea: Iragan ekainaren 21ean Errusiako Armadak atxilotutako 20 gerrillari ingushak askatzea.

Negoziatzeko bitartekariak: Ipar Osetiako presidente Alexandr Dzasojov, Ingushetiakoa, Muarat Ziazikov eta Leonid Roshal medikua nahi dituzte bitartekari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.