Taliban gerrillari islamisten aurkako erasoaldia gogortu egin du Pakistanek Ipar-mendebaldeko Mugako Probintzian. Gobernuaren helburua da talibanak haizatzea azken egunetan zabaldu diren hiru barrutietatik.
Pakistango Barne ministro Rehman Malikek argi esan du talibanek alde egin beharko dutela azken egunotan kontrolpean hartzen saiatu diren Buner barrutitik. Eskualde horretan, 450 gerrillari islamista inguru daudela zehaztu du Malikek. «Argi esaten diet alde behar dutela egin, hala ez badute egiten gogor egingo dugulako. Neurriak oro hartuko ditugu Gobernuaren aginpidea eragotzi nahi dutenen kontra».
Islamabad hiriburu federaletik ehun bat kilometrora dagoen Bunerko barrutian daraman oldarraldiaz gainerat, Pakistango armadak gerrillari islamisten aurkako operazioarekin jarraitzen du Lower Dir eta Shangla eskualdeetan. Oldar egite hori igandean hasi zuten. Geroztik egon diren borrokaldietan, 70 gerrillari islamista hil direla zehaztu dute militarrek. Ipar-mendebaldeko Mugako Probintziako Informazio ministro Mian Iftikhar Hussainek iragarri du soldadu gehiago bidaliko dituela hurrengo egunetan Islamabadek.
Pakistango armadak erasoaldi horri ekin dio taliban gerrillari islamistak lurralde gehiagotan hedatzen hasi direlako. Alta, iazko azaroan Swat ibarreko talde islamistekin hitzartutako akordioari esker, egoera egonkortzea espero zuen Islamabadek. Adostutakoaren arabera, haran horretan xaria edo lege islamikoa indarrean jartzeko baimena eman zuen Pakistango Gobernuak. Haatik, lorpen horrek talibanen ausardia hazi baizik ez du egin, eta horrela hasi dira hedatzen beste barruti batzuetara, Islamabad oldar egitera behartuta.
Armada federalaren kontrako erasoa hasi orduko, Swat ibarreko talde islamistek jakinarazi diote Islamabadi akordioa etenda geratu dela. Orduz geroztik, egoera larriagotu egin da Swat ibarrean. Hala, gerrillari islamistek hiru polizia bahitu zituzten herenegun arratsean, eta horietatik bat jada hil egin dute. Swat ibarreko hiri nagusia da Mingo, eta hango kaleetara ere iritsi dira talibanak, eta horrek pentsarazten du Pakistango armadak eskualde horretan ere gerrillari islamisten aurkako oldarraldiari ekin diezaiokeela aurki.
Gerrillari talibanen aurkako erasoaldia gogortu egin du Pakistango armadak
Ipar-mendebaldeko probintziako Buner, Lower Dir eta Shangla barrutietatik kanporatu nahi ditu Islamabadek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu