Sinn Feineko lehendakari Gerry Adams Irlanda hegoaldeko hauteskunde kanpainaren protagonistetako bat izan da. Izan ere, joan den azaroan bozetan aurkeztuko zela iragarri zuenetik gaiari buruz asko idatzi da mugaren bi aldeetan.
1983az geroztik Belfast mendebaldeko ordezkaria izan da Westminsterreko parlamentuan, SFko beste parlamentariek bezalaxe inoiz kargua hartu ez duen arren. Irlanda iparraldeko Legebiltzarra ezarri zenetik horren hautetsi gisa aritu da. Iazko hauteskundeetan botoen %71 lortu zituen. Emaitzek eserleku erreza ziurtatzen zioten, eta horixe aipatu dute batzuek haren erabakiaren ausardia azpimarratzerakoan.
Askok erretiroarekin amesten dute; 62 urte beteta dauzkan politikari errepublikano honek, berriz, beste erronka bat ezarri dio bere buruari. Aurkariek protagonismo bila joatea leporatu diote. Martin McGuinness Irlanda iparraldeko lehen ministrordea izateak itzala egiten diola eta lan eskergarik ezean aspertuta omen dagoela esatera iritsi dira. Txantxak nagusi izan dira arlo unionistan eta hegoaldeko alderdi eta hedabideen artean. Azken horiek ez diote barkatzen 2007ko hauteskundeetako telebista eztabaida batean ekonomiari buruz erakutsi zuen ahulezia. Lezioa ikasita, oraingoan, trebezia handiagoa erakutsi du.
Gerry Adamsek, iparraldeko bake prozesua bideratua dagoen honetan, Irlandako politikaren erdiguneak bere kokaleku naturalera itzuli behar duela esan izan du, Dublinera, hain zuzen ere. Esaldi horrekin Sinn Feinen barruan eman den aldaketa estrategikoa laburbildu zuen. Azken lau hamarkadatan borroka errepublikanoaren jokaleku nagusia iparraldean egon ondoren, Irlanda osora hedatu nahi dute.
Horrela, hegoaldeko hauteskundeak testuinguru ezinhobean aurkeztu zaizkio Sinn Feini. Estatu independentea bihurtu zenetik krisi ekonomikorik larriena pairatzen ari da Irlanda hegoaldea, eta jendearen haserrea bideratu ahal du alderdi ezkertiarrak. Adamsek bere erabakia azaltzean hauxe zioen: «Beste alderdiek bultzatzen dituzten murrizketei benetako alternatiba aurkezteko daukagun erabakigarritasunaren neurtzailea da. Irlandak aldaketa politikoa behar du. Murrizketen aurka altxatuko diren ahots gehiago behar ditugu, herri xehearen alde altxatuko diren ahots gehiago».
Hegoaldeko hauteskundeetan aurkeztean Adamsek bere alderdia era praktiko batean lagundu nahi du. Muga ondoko Louth konterriko kaleetan jendearen ongietorria jasotzen ari da Belfasteko buruzagia. Atzean geratu dira hegoaldeko estatuak Sinn Feinen aurka eramandako kriminalizazio kanpainak eta ezarritako zentsura neurrien urteak. Hala ere, komunikabideek gogor erasotzen diote alderdiari. Adamsen iraganeko ustezko trapu zaharrak aireratzen saiatu badira ere, politikaririk estimatuenen artean azaldu da azken inkesteetan.
Irlanda. Hauteskunde orokorrak (III)
Gerry Adams hegoaldera doa lanera
Westminsterko eta Stormonteko parlamentuak utzita, Sinn Feineko presidentea Irlandako Errepublikako parlamenturako hautagai da, Louth konterrian. Hautatua izateko aukera handiak dituela diote inkestek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu