Gilles Simeoni garaile Korsikako bozetan: aulkien gehiengo osoa izango du

Fa Populu Inseme zerrendak botoen %40,64 bildu ditu hauteskundeen bigarren itzulian, eta 63 eserlekutik 32 izango ditu Asanblean; Marcangeli eskuindarra izango da oposizioko burua, hamazazpi kontseilarirekin. Denera, hiru zerrenda nazionalistek botoen %67,97 eskuratu dituzte.

Simeoni, iragan astean Bastian egindako mitin batean. ANDER PEREZ ZALA
ander perez zala
2021eko ekainaren 27a
20:28
Entzun

Gilles Simeoniren garaipena eztabaidaezina da. Aurten bakarrik aurkezteko erabakia hartu zuen, batzuentzat egokia, beste batzuentzat arriskutsua, eta agintari autonomistari era ezin hobean atera zaio apustu elektorala. 2017an hiru alderdik osaturiko koalizioak lortu zuena oraingoan gizon bakar batek lortu du: Fa Populu Inseme zerrendak botoen %40,64 bildu ditu, eta, hortaz, gehiengo osoa izango du Asanblean, 63 aulkitik 32. Hegemonia baten hasiera da gaur Korsikan gertaturikoa.

Simeonik agintaldi bakarra egin du uharteko boterean, baina sei urteko epe labur horrek balio izan dio herritarren artean mezu bat eta politika egiteko modu bat ereiteko, eta aurtengo bozetan lan horren fruituak jasotzeko. Lehen aldia da Korsikako alderdi batek bere kabuz parlamentuko eserlekuen gehiengo osoa lortzen duela, eta, hortaz, agintari autonomistak beste mugarri bat jarri du arrakastak besterik ezagutu ez dituen ibilbide politikoan; Bastiako auzapez kargua izan zen lehenik, uharteko agintea gero, mugimendu nazionalistako aliatuekin elkartuta, eta bakarkako bidea izan da azkenik, Korsikako presidente postura itzultzeko.

Elektoralki, Simeonik erabat astindu du uharteko taula politikoa. Lau talde parlamentario izango dira datorren legealdian Asanblean, eta horietako hiru nazionalistak izango dira; zehazki, bat autonomista, bestea independentista, eta azkena autonomisten eta independentisten artekoa. Horrek utzi duen testuingurua da mugimendu horretatik kanpoko sektore bakarra egongo dela oposizioan, Laurent Marcangeli Ajaccioko auzapeza buru duen eskuina.

2015ean, nazionalistak lehen aldiz irlako boterera iritsi zirenean, botoen %35,34 eta 24 aulki zituzten parlamentuan; datorren legealdian, berriz, 46 eserleku izango dituzte, hiru zerrendak elkartuta babesen %67,97 jaso baitituzte. Gorakada handia izan da, mugimenduko hainbat alderdi eta sektoreren lanaren ondorio dena, baina, azkenean, Simeoni izan da hori kapitalizatzea lortu duena, besteak beste, Korsikako presidente karguak eman dion ikusgarritasunari esker.

Inbestidura bozketa datorren ostegunean egingo dute, eta ikusteko dago gaurko garaileak hitzordu horretarako eta agintaldirako akordio bat proposatuko dien ordezkaritza lortu duten mugimenduko beste kideei. Bigarren itzuliaren aurretik, Simeonik jakinarazi zuen bozen ostean «gehiengo nazionalista batean egoteko bokazioa duten indarrei legealdirako kontratu bat» proposatuko diela Jean-Christophe Angelini autonomistari eta Paul-Felix Benedetti independentistari, baina orain, gehiengo oso bat dagoela kontuan harturik, hirurek beste modu batera ikus lezakete itun horren inguruan ados jartzea; betiere, testuaren edukia jakiteke dagoela.

Hain justu, kanpainan Angelini izan da Simeoniren gehiengo osoaren aurkako mezu gehien bidali dituen agintaria, eta hori eragozteko bigarren itzulitik kanpo geratu zen Jean-Guy Talamoni independentistaren zerrendarekin bat egitea erabaki zuen; batuketa hori 2015eko eta 2017ko Pe a Corsica koalizioari egindako erreferentzia bat ere izan da, gaurko lehiako zerrendak Avanzemu pe a Corsica izena izan baitu.

Apustuak, ordea, espero baino emaitza txarragoak izan ditu, soilik bi puntu egin baitute gora bigarren itzulian; Angelinik botoen %13,22 jaso zituen iragan igandean, Talamonik %6,9, eta bien zerrendak babesen %15,07 lortu ditu gaur. Denera, hortaz, zortzi kontseilari izango dituzte irlako parlamentuan, eta ikusteko dago diputatu horiek oposizioaren parte izango diren ala Simeonirekin adostasunetara helduko diren; edo biak. Zundaketen berri izan eta berehala, Angelinik aitortu du batasun hori «hutsegite bat» izan dela, baina ez du damurik agertu.

Benedetti, bakarrik estreinakoz

Mugimendu nazionalistatik, Benedettiren zerrendak ere ordezkaritza izango du Asanblean, botoen %12,26 bilduta sei aulki jaso baititu; Core in Fronte lehen aldiz sartuko da parlamentuan bere kabuz aurkeztuta, 2012ra arte Talamoni buru duen Corsica Liberaren parte izan baitzen, eta harrez geroztik ez zuelako ordezkaritzarik lortu. Haren kasuan ere, ikusteko dago zer jarrera izango duen Korsikako presidente karguan errepikatuko duenarekiko, iragan agintaldian oso kritiko agertu baitzen harekin.

Horiek horrela, mugimendutik kanpo ere ordezkaritza izango dute Korsikako Asanblean, Marcangeli eskuindarrarena izan baita boto gehien bildu duen bigarren zerrenda. Zehazki, Un Soffiu Novuk babesen %32,02 jaso ditu, eta, hortaz, hamazazpi kontseilari izango ditu parlamentuan.

Lehen postuan amaitu ez duen arren, Ajaccioko auzapezak lortu du bi itzulien artean herritar gehiago mobilizatzeko helburua betetzea, 2017an bi eskuinak zatituta baino babes handiagoa bildu baitu zerrenda bateratua aurkeztuta (+1,16). Zundaketen emaitzak jakin eta berehala, Marcangelik adierazi du «borrokaren oposizioa» izango dela harena 2028ra arte iraungo duen legealdian: «Ez dugu lortu gehiengoa konbentzitzea, baina etorkizunean borroka gehiago izango ditugu, eta horiek irabaziko ditugu. Orain, Simeoniri dagokio besteak entzutea».

Lehen itzuli arrakastatsuaren ostean, bigarrena ere ospatzeko modukoa izan da mugimendu nazionalistarentzat. Orain arte soilik batasunaren bidez iritsi da irlako agintera, baina zundaketek eta emaitzek agerian utzi dute zatituta ere horretarako gai izan direla; denera, hiru zerrendek botoen %67,97 bildu dituzte. 2017an, Pe a Corsica koalizioak babesen %56,46 jaso zituen, eta 63 aulkitik 41.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.