Gineako Poliziak oposizioko 60 bat lagun hil ditu protesta egiteagatik

Junta Militarreko burua hurrengo bozetara aurkeztu ez dadin eskatzeko egin dute manifestazioa

Erredakzioa
2009ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Junta Militarreko buruak urtarrileko bozetara bere hautagaitza aurkeztu ez dezan eskatzeko, oposizioko ehunka lagunek kaleak hartu zituzten atzo Konakryn (Ginea). Debekatuta zegoen manifestazioa; Segurtasun Ministerioak urriaren 3a arteko protesta publiko guztiak bertan behera uzteko agindua baitzion Poliziari. Oposizioak, dena dela, kalera irtetea erabaki zuen atzo. Poliziak, Junta Militarraren aginduz, haiek sakabanatu zituen, horretarako gehiegizko indarra erabili behar izan bazuen ere. Poliziaren bortizkeriagatik, izan ere, gutxienez 58ren gorpuak eraman zituzten ospitalera; mediku iturriek jakinarazi dutenez, horietatik gehienak tiroz hil zituzten.

Hildakoen gorpuak ikusi dituen mediku batek jakinarazi duenez -ez du bere izenik eman nahi izan-, Konakryn gertatukoa «sarraskia» izan da. Halaber, iturri horrek berak azaldu duenez, dozenaka lagun artatu behar izan dituzte Donkako ospitalean; horietatik asko, gainera, oso larri daudela adierazi du. Zaurituen artean Cellou Dalein Diallo eta Sidya Toure Gineako lehen ministro izandakoak daude. Hala ere, manifestazioan parte hartzeagatik atxilotu egin dituzte. Lerro hauek idazteko unean oraindik militarren kuartelean zituzten.

Juntaren aurkako protesta

RFM Gineako irrati kateak adierazi duenez, ehunka manifestari Konakryko estadioan bildu ziren, Musa Dadis Camara Junta Militarreko burua datozen bozetara aurkeztu ez dadin eskatzeko. Poliziak inguratu egin zituen; hala ere, protestak hiriburuko beste hainbat auzotara zabaldu ziren.

Irrati kate horrek berak jakinarazi duenez, Poliziak tiro egin zien manifestariei. Halaber, negarra eragiteko granadak jaurti zituzten protestetara bildutakoen artean, eta makilekin jipoitu zituzten.

Junta Militarrak iazko abenduaren 28an egindako estatu kolpe bidez eskuratu zuen Gineako agintea, Lasan Conte ordura arte herrialdeko presidente izandakoa hil eta ordu gutxira. Conte 24 urtez izan zen presidente.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.