Ginean estatu kolpea egin dute, presidentea hil dela jakin ostean

Demokrazia eta Garapenerako Kontseilu Nazionalak Gobernuaren desegitea eta Konstituzioaren baliogabetzea iragarri du

2008ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Gineako Errepublikan egoera nahasia bizi zen atzo, militar batzuek estatu kolpea egin baitzuten. Hori guztia ia 25 urte boterean egon den Lansana Conte presidentea astelehenean gaitz baten ondorioz zendu ondoren gertatu da. Militar kolpistek eratutako CNDD Demokrazia eta Garapenerako Kontseilu Nazionalak «Gobernuaren desegitea eta Konstituzioaren baliogabetzea» iragarri dute. Alabaina, jarduneko lehen ministroak eta Legebiltzarreko presidenteak ziurtatu dute instituzioek indarrean jarraitzen dutela, eta armadaren gehiengoa leial agertu zaiela.

1984ko apiriletik Afrikako mendebaldeko herrialde honen buru zegoen Lansana Conte presidentearen heriotza atzo 02:00etan iragarri zuen Gineako Legebiltzarreko presidente Abubakar Somparek. 74 urte zituen Contek eta aspaldiko urtetan gaixo zegoen, diabetesa nozitzen zuelarik, besteak beste. Presidentearen heriotza iragartzearekin batera, Legebiltzarreko buruak eskatu zion Auzitegi Gorenari Konstituzioaren 34. artikulua beteta, behin-behineko estatuburu izendatzeko. Gau betean eginiko iragarpen hau irrati eta telebista publikoen bitartez plazaratzean, Somparek alboan zituen Ahmed Tidiane Suare lehen ministroa eta armadako agintari goren Diarra Kamara jenerala.

Alabaina, ordu gutxi batzuk geroago, Mussa Kamara kapitainak jarduneko Gobernuaren desegitea eta Konstituzioaren baliogabetzea iragarri zuen. «Une honetatik aurrera, CNDD Demokrazia eta Garapenerako Kontseilu Nazionalak bere gain hartzen du Gineako herriaren etorkizuna», adierazi zuen militar kolpisten eledunak. Hauteskundeak aurki antolatuko zirela gaineratu zuen Kamara kapitainak.

CNDDko eledunak Gineako jarduneko agintariei Konakry hiriburuko Alpha Yaya Dialo kuartelera joateko gomendioa egin zien, «euren segurtasuna bermatzeko». Hori izan zen iragan maiatz eta ekainean porrot egin zuen estatu kolpe militarreko agintegune nagusia.

Jarduneko aginte eta instituzioen uzkailtzea iragartzeaz gainera, Kamarak irakurritako agiriak estatu kolpearen zergatiak azaltzen zituen. «Gineak bere independentziaren 50. urteurrena ospatu du, baina munduko herrialde pobreenen artean sailkatuta geratzen da. Diru publikoaren desbideratzeak, erabat zabalduta dagoen ustelkeriak, agintarien zigorgabetasunak, Estatu egituretan nagusitu den anarkiak ekonomia kinka larrira eraman dute gure herrialdea, herritarren gehiengoak pairatzen dituztelarik ondorioak». CNDDko bozeramailearen esanetan, «orain arte jardunean egondako gobernuak dira, gehienbat, egungo egoera larriaren erantzuleak».

Agintarien gezurtatzea

Haatik, egoeraren nahasia nabarmen agertu zen jarduneko lehen ministroak ziurtatu zuelarik haren Gobernuak lanean jarraitzen zuela. «Ez da desegina» adierazi zuen Ahmed Tidiane Suarek, eta gaineratu: «Adierazpen hauek egin dituztenak ez ditut ezagutzen, baina arazoa konpontzeko ahaleginetan ari gara; ez dute indarrez jokatu, ez da inoren aurkako mehatxurik egin, eta segur nago zentzutasunera bueltatuko direla».

Legebiltzarreko buruak ziurtatu du, aldiz, Gineako armadaren gehiengoa jarduneko Gobernuari eta instituzioei leial agertu zaiela. Sompareren iritzian, «Soldadu eta agintari gutxi batzuek egin dute estatu kolpe saioa, baina armadaren gehiengo zabala oraingoz Gobernuari leial geratu zaio».

Behin-behineko presidente kargua hartu beharko zuenak hauxe azaldu du, baina: «Jakin dugu agintari militarrak euren artean hitz egiten ari direla eta solasaldi horien ondorioen zain gaude zerbait erabakitzeko». Somparek, dena den, trantsizio lasai bat egotea nahi dutela nabarmendu du; hori dela eta, adierazi du ez datozela bat estatu kolpea eman dutenekin, eta auzia elkarrizketa bidez konpontzearen aldekoak direla.

Egoera oraindik argitu ez zenean, Afrikako Batasunak, Europako Batasunak, Frantziak eta Ameriketako Estatu Batuek, besteak beste, estatu kolpe saioa gaitzetsi zuten.



Mende erdia askatasun bila

1958ko urriaren 2a. Frantziako Gobernuak independentzia onartu zion Gineari.

1984ko apirilaren 3a. Independentziaz geroztik agintean zen Seku Ture jenerala hil eta astebetera, boterea indarrez hartu zuen Lansana Conte jeneralak.

1990ko abenduaren 23a. Konstituzio berria onartu zuten.

1993ko abenduaren 19a. Conte presidente hautatu zuten. Aurkariek salatu zuten hauteskundeetan iruzurrak egon zirela.

1996ko otsailaren 2a. Soldata arazoengatik, matxinatu egin ziren militar batzuk: 300 hildako, datu ofizialen arabera.

2001eko azaroaren 11. Conte bigarren agintaldirako lehiatzea zilegi egiteko herri bozketan baiezkoa nagusitu zen.

2003ko abenduaren 21a. Presidentetzarako bozak irabazi zituen Contek, botoen %95,25 lortuta, aurkaririk gabe.

2005eko urtarrilaren 19a. Conteren aurkako hilketa saioa. Ehunka lagun atxilotu zituzten.

2007ko urtarrilaren 10a. Conteren politikaren aurka, greba orokorra hasi zuten; 186 lagun hil zituzten borroketan.

2008ko urriaren 2a. Gineakindependentziaren 50. urteurrena ospatu zuen, Conte presidentea ez zen azaldu, ordea.

2008ko abenduaren 23a. Conte eritasunez hil ostean, estatu kolpea egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.