Agintariak "pozik" daude hauteskunde egunean izan den giroarekin. Oro har, eguna bare pasa den arren, istiluak egon dira; agintarien arabera, "isolatuak" izan dira. Maruleng herrian, esaterako, gazte talde batek zenbait hautesleku erre ditu. Gainera, Poliziak 100 lagun inguru atxilotu ditu, istiluekin harremana dutelakoan.
Hegoafrikan hogei urte egin ditu agintean ANC Kongresu Nazional Afrikarrak, apartheid-aren erregimena eraitsi eta demokrazia ezarri zutenetik. Eta agintean jarraituko du gaurko hauteskundeen ondoren ere, Jacob Zuma presidentea ustelkeria auzitan nahastu, eta pobreziaren eta oinarrizko zerbitzuen eskasiagatik gobernuaren kontrako protestak eguneroko bilakatu diren arren. Nelson Mandela gabeko aurreneko hauteskundeetan, krisi politiko eta ekonomiko sakon batean murgilduta dago Hegoafrika, eta ANC gainbehera zantzuak erakusten hasia da.
Euskal Herrian 08:00ak zirela ireki dituzte bozkalekuak, eta 21:00ak arte izango dute botoa emateko epea. 25 milioi hautesle daude deituta boza ematera, eta ostiralerako espero dituzte emaitza ofizialak. Zuma eta Helen Zille oposizioko buru Aliantza Demokratikoa alderdiko liderra ere itxaropentsu agertu dira: Zumak emaitzak "oso onak" izango direla baieztatu du, eta Zillek probintzia guztietan indartuta ateratzea espero du, hala, gobernutik gertuago egoteko.
«Mandela hilda dagoelako pozik» azaldu zen berriki Desmond Tutu Bakearen Nobel sariduna, haren ondorengoak zer egiten ari diren ezingo duelako ikusi; eta botoa ez diola ANCri emango iragarri zuen. Baina oposizioan ez dago Kongresu Nazional Afrikarrari itzala egiteko moduko indarrik.
Aberatsen eta pobreen arteko aldea munduko handiena da Afrikako herrialde aurreratuenean —zurien diru-sarrerak beltzenak halako sei dira, batez beste—, 52 milioi biztanleetatik erdiak egunean 1,5 euro eskasekin bizi dira, eta langabezia tasa %23 da ofizialki, baina erreala %40raino igotzen dute zenbait ikerketak.
Halere, ANCk indarrean sartutako diru laguntza publikoen sistemak —ama ezkongabeen haurrentzakoa eta beste— boto fidelizazioa eragin du, eta oposizioko indar nagusia, DA Aliantza Demokratikoa, arrisku gisa ere ikusten dute beltz pobreenek, zuriek apartheid garaian lortutako pribilegioen defendatzailetzat jotzen baitute. Inkestek botoen %63 ematen dizkiote ANCri, Zumarekin duela bost urte lortutakoak baino hiru puntu gutxiago, biztanleen %79 beltzak diren herrialdean.
Kanpaina amaierako ekitaldian, Sowetoko FNB estadioan (Johannesburgo), 100.000 jarraitzaile bildu zituen ANCk igandean; baina indar erakustaldia apaldu egin zuten ikusleek Zumari eginiko txistuek, eta, presidenteak hitzaldia amaitu aurretik, jende askok estadiotik alde ere egin zuen.
Oposizioaren erronkak
Margareth Thatcher Erresuma Batuko lehen ministroaren miresle gisa aurkezten zeneko garaiak atzean utzi ditu Helen Zille DAko presidentegaiak, eta apartheid-aren eragina gutxitzeko baliatutako diskriminazio positiboaren kontrako jarrera apaltzeaz gain «borroka alderdi bat» dela ere erakutsi nahi izan du, langabeentzako lanpostu eske martxa bat antolatuz ANCren egoitzara. Demokraziarekin lanbide liberaletan eta negozioetan aurrera egin duten diamante beltzak erakarri nahi ditu jarrera aldaketa horrekin Zillek. Inkestek DAri duela bost urteko emaitzak baino zazpi puntu gehiago ematen dizkiote —botoen %23—, baina oso urrun dago ANCrengandik.
Mamphela Ramphele apartheid-aren kontrako borrokaren ikur eta Joseph Bikoren alarguna presidentetzarako hautagai gisa aurkeztera ere iritsi zen DA urte hasieran, baina Agang alderdia utzi eta Aliantza Demokratikoaren izenean joatera behartu nahi izan zutenean, uko egin zion.
Hegoafrikako presidentea aukeratuko duten 400 legebiltzarkideez gain, bederatzi probintzietako parlamentuak ere bozkatuko dituzte gaur. Eta hor erronka handia dauka DAk, Mendebaldeko Lurmuturrean gehiengoari eusteaz gain, Gauteng-en indar erakustaldia egin nahi baitu. Meatzeek Hegoafrikako ekonomiaren motore bihurtu dute Johannesburgo eta Pretoria hartzen dituen eskualdea, eta gobernuaren kontrako protesta gogorrenak han izan dira, Bekkersdal eta Gugulethu gisako txabola herrixketan. Gauteng galtzeak bai erakutsiko luke ANCren gainbehera.
ANC eta DA alderdien ondoan, FEP Askatasun Ekonomikoaren aldeko Borrokalariek zer esana eman dute hauteskunde kanpainan. Ezkerreko mugimenduaren jarraitzaileek Hugo Chavezekin alderatzen dute Julius Malema FEPko «komandante burua», eta, ANCri boto batzuk lehiatzeaz gain, komunitate zuriaren mamu bihurtu da, meatze eta nekazaritza alorretan sailkako nazionalinazioak egitea aldarrikatu baitu, iraultzaileen ikurra den txapela gorria jantzita.